Zientzia

Gauean ontzi kamikaze batekin joko dute asteroide bat, Lurra defendatzen ikasteko

Historian lehen aldiz, gailu bat jaurtiko dute espazioko objektu baten kontra, hura desbideratzerik ote dagoen jakiteko. Lurretik 11 milioi kilometrora gertatuko da talka.

jarraia218695.jpg
Edu Lartzanguren.
2022ko irailaren 26a
15:38
Entzun

Gaur da eguna. Teknikoki, bihar. Izan ere, Euskal Herrian 01:14ak direnean espero dute talka eragitea. Gizateriaren historian mugarri bat jarriko du egingo duten probak. Lehen aldiz, gizakiek jaurtitako gailu batekin asteroide bat joko dute, ikusteko kolpeak ahalmena duen hura desbideratzeko.

Lurra Defendatzeko Programaren barruan pentsatu eta gauzatu dute DART misioa. Dimorphos asteroidea da helburua. Ez dago Lurraren ibilbidean, eta ez dago hark planeta suntsitzeko arriskurik. Baina esperimentu interesgarria egingo dute, ikasteko etorkizunean Lurra nola defendatu arriskua ekar dezaketen espazioko objektuetatik.

Iazko azaroaren 23an jaurti zuten DART zunda, Kaliforniatik (AEB). Asteroide Bikoitza Birbideratzeko Proba moduan euskaratu daiteke haren izena, baina dardo gisa itzul daiteke akronimoa. DARTek arazorik gabe egin du ia urtebeteko bidaia kamikazea.

Itsu samar dabil une honetan dardoa. Izan ere, bakarrik kolpea eragin baino 50 minutu lehenago bereizi ahalko du asteroidea. Lurretik 11 milioi kilometrora gertatuko da talka, orduko 20.000 kilometroko abiadan.

Didymos eta Dimorphos asteroide bikote bat dira, eta Eguzkiaren inguruan orbitatzen dute. Didymos da bikoteko asteroide nagusia: 780 metro pasatxoko diametroa du. Dimorphos haren inguruan biraka dabilen ilargitxoa da, ia 162 metroko diametrokoa. Beraz, esan daiteke prezisio handiko tiro ariketa bat egingo dutela.

DARTek 570 kilo ditu, eta, abiada horretan, kolpea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula izango. Ilargiaren erdi-erdian joko du, segundoko 6,6 kilometroko abiadan. Krater bat sortuko du.

Kalkulatu dutenez, horrek segundoko 0,4 milimetroko abiadura aldatuko dio Dimorphosi. Beraz, asteroidearen orbita apur bat bakarrik aldatzea espero dute.

Baina, horren bidez, kalkulatu ahalko dute etorkizunean nolako dardoa beharko den Lurra mehatxupean jartzen duen objektu bat desbideratzeko. Halako distantzia handietan, ibilbidea apurtxo bat aldatzea nahikoa da objektua erabat desbideratzeko.

Talka zuzenean emango dute NASAren webgunean. Aurreratu dutenez honelakoa izango da ikuskizuna: hasieran, Didymos eta Dimorphos puntutxo distiratsu bat baino ez dira izango pantailan. Minutuek aurrera egin ahala, handituz joango da, eta, une batean bi objektuak bereizi ahalko dira. Gero, Dimorphos gero eta handiago ikusiko da, eta azkeneko segundoetan pantaila osoa beteko du. Gero, iluntasuna, DART hauts bihurtuko delako talkaren eraginez.

Ilustrazio honetan, NASAren 'DART' zunda irudikatu dute, Didymos jo aurretik. NASA/Johns Hopkins/APL/Steve Gribben

Lur planetako teleskopio ugari puntu horretara begira egongo dira, eta NASAk esan du talkaren irudiak lortu ahalko direla. Baina zundarekin batera bidaia egin duen Italiako LiciaCube sateliteak 50 kilometrotik ikusi eta neurtuko du gertatuko dena. Horrek harturiko irudiak bidaliko ditu Lurrera, hurrengo egunetan.

Baina neurketa zorrotzak Hera zundak egingo ditu, bost urte geroago. ESA Europako Espazio Agentziak 2024an jaurtiko du zunda, eta 2027. urtean helduko da. Orduan jakingo da nola aldatu duen talkak asteroideen ibilbidea.

ESA eta NASA 2015. urtetik ari dira elkarlanean AIDA programan, planeta asteroideen mehatxuetatik defendatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.