Kuba

Kubatarrek baiezkoa eman diote sexu berekoen ezkontzari

Botoen bi heren baino gehiago aldekoak izan dira Familien Kodearen erreferendumean. Sexu bereko bikoteek adoptatu ahal izatea eta haurdunaldi subrogatua arautuko dituzte, eta adingabeen arteko ezkontzak debekatuko.

Heldu bat botoa ematen, atzoko Familien Kodearen erreferendumean. EFE
Julen Otaegi Leonet.
2022ko irailaren 26a
16:07
Entzun

Kubatarrek bozkatzeko aukera izan zuten atzokoan, 1959ko iraultzatik herrialdean antolatu duten hirugarren erreferendumean, Familien Kodea izeneko lege multzoaren onarpenaz erabakitzeko. Baietza irten da garaile, botoen bi heren baino gehiagorekin (%66,87). Kode horrek bide emango du, besteak beste, Kuban sexu berekoen ezkontza arautu dezaten.

Ia 8.500.000 pertsona deitu zituzten botoa ematera, eta 6.250.000 inguruk parte hartu zuten erreferendumean —abstentzioa %25ekoa izan da—. Baliozko aldeko botoak ia lau milioi izan dira; kontrakoak, berriz, ia bi milioi.

Kodeak dakartzan neurriak

1975ekoa da egun indarrean dagoen araudia. Horiek horrela, LGTBI mugimenduaren eta feminismoaren hainbat eskakizun sartu dituzte. Sexu berekoen ezkontzaz gain, bikote horiek haurrak adoptatzeko aukera izango dute, eta osasun sistema publikoak ugalketa lagundua eskainiko die.

«Familiaren barruan» indarkeria matxista jasaten duten emakumeak judizialki babestuko ditu legeak aurrerantzean. Mugimendu feministak «aurrerapen garrantzitsutzat» jo du neurria, baina lege sortak aurreikusten ez dituen mekanismoak galdegin ditu, «erreparazio integrala» egiteko.

Adingabeen arteko ezkontzak ere debekatuta egongo dira aurrerantzean —orain arte, 14 urte baino gehiago dituzten emakumeek eta 16 urte baino gehiago dituzten gizonek ezkontzeko aukera izan dute—.

Familien Kodearen pean sartzen diren beste neurrietako bat haurdunaldi subrogatuarena da; «haurdunaldi solidarioa» deitu diote. Metodo hori legezkoa izango da haurdun gelditu ezin direnentzat: gaixotasun bat dutenentzat edo gizon bat edo bi gizonezko izanik guraso izan nahi dutenentzat. Onartu berri duten kodeak jasotzen duenez, haurdun geratuko den emakumeak guraso izan nahi dutenen senidea edo «gertukoa» izan beharko du, eta ezingo da transakzio ekonomikorik egin, «haurdunaldiak eragindako gastuak kenduta». Emakumeen sexu esplotazioa eta haurren salerosketa eragozteko kontrolak aurreikusten ditu legeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.