'Kote Cabezudo auzia'

Cabezudok ezingo du kartzela utzi du epai behin betikoa jaso arte

Fiskaltzak eta akusazio partikularrak egindako eskea ontzat jo du Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak, eta beste sei urtez luza daiteke behin-behineko espetxealdia

arantxa iraola
2022ko irailaren 26a
19:16
Entzun

Epaiketa amaitu zenean argi utzi zuten Fiskaltzak eta akusazio partikularrak «arriskutsua» izan zitekeela Kote Cabezudo argazkilaria libre uztea. Bere biktimen irudiak dituela esan zuten, eta horiek erabiltzen hasi daitekeela. Argazkilari ezaguna izan zen Cabezudo aldi batean, eta argazki erotikoek eman zioten fama handia. Kartzelan dago 2018tik. 28 urteko kartzela zigorra ezarria diote bere modeloei egindako erasoengatik eta haien argazkiei emandako erabilera okerrarengatik, eta orain Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak ontzat jo du joan den astean akusazio partikularrak eta Fiskaltzak egindako eskea; ez du libre geratzeko erarik izango Cabezudok.

Ez da irmoa haren kontrako sententzia, Auzitegi Gorenak ebazpenaren gainean jarritako helegiteak erantzun zain daude aldeak, baina, hala ere, datozen sei urteetan ezingo du kartzelatik irten, Gorenak epaiaren gainean deus ebazten ez duen bitartean, behintzat. Lehendik lau urte egin ditu behin-behineko espetxealdian, baina beste sei urtez luzatzeko bidea ireki du epaitegiak eman duen ebazpenak, Efe albiste agentziak jakitera eman duenez.

Lehengo astean berretsi egin zuten akusazioek susmoa: uste dute Cabezudo aske geratzen bada modeloen argazkiak berriz Interneten zabaltzen has daitekeela. Pentsatzen dute kartzelatik ateratzen uzten badiote, halaber, ihes egiteko ahalegina egingo duela. Defentsak, aurrez egin izan duen eran, argazkilaria libre uzteko eskatu zuen, eta horren kontrako motiborik ez dagoela argudiatu zuen.

Auzibidearen gakoak

Kote Cabezudoren kontrako auzibideek bederatzi urte pasako bidea egin dute auzitegietan. Honatx mugarriak: 2013 urtarrilaren 13an Cabezudoren aurkako lehen kereila jarri zuten. 2018ko maiatzaren 4an Cabezudo kartzelan sartu zuten. 2019 urtarrilaren 16a haren aurkako lehen epaiketa egin zuten. Bi urte eta hiru hilabeteko zigorra jarri zioten lekuko bat hertsatzegatik eta justizia trabatzeagatik.

2022ko martxoren 7an hasi zen auzibide nagusiko epaiketa. Fiskalak 121 urteko kartzela zigorra eskatu zuen; akusazio partikularrak, 2.338 urtekoa. Martxoaren 31an fiskaltzak eskaria 250 urtera handitu zuen. Apirilaren 13a. Epaiketa bukatu zen. Maiatzaren 3an Cabezudo ez askatzea ebatzi zuten eta ekainaren 27an 28 urteko eta bi hilabeteko zigorra ezarri zioten.

Zigor horren kontrako helegitea jarrita dute Auzitegi Gorenean akusazio partikularrak eta defentsak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.