GERRA UKRAINAN

%97k Errusiako Federazioarekin bat egitearen alde bozkatu dute, lehen emaitzen arabera

Donetsk, Luhansk, Zaporizhia eta Kherson Ukrainan Errusiak partzialki okupatutako eremuetan egin dituzte galdeketak. Ukrainak jakinarazi du traizioa egotziko dietela bozketetan «moduren batean» parte hartu duten ukrainarrei.

Emakume bat bozkatzen, gaur, Zaporizhiako ospitale batean. EFE
Igor Susaeta.
2022ko irailaren 27a
13:44
Entzun

Ukrainan partzialki okupatutako Kherson, Zaporizhia, Luhansk eta Donetsk eskualdeak anexionatzeko Moskuk hauspotutako galdeketak bukatu dira gaur arratsaldean, eta deitzaileek eman dituzte lehen emaitzak: %97 Errusiako Federazioarekin bat egitearen aldekoak dira. Errusiako Interfax berri agentziaren arabera, botoen %16 zenbatu dituzte Donetsken, %14 Luhansken, eta horietan %98k eta %97,8k bozkatu dute alde, hurrenez hurren. Khersonen, botoen %12 zenbatu dituzte, eta %97,5ek egin dute Errusiaren parte bihurtzearen alde; Zaporizhian, botoen %20 kontatuta, %98k.

Bozkatzeko azken eguna zuten gaur. Ostiralean hasi ziren bozkatzen, eta, gaur, 08:00etatik 16:00ak arte irekita egon dira hauteslekuak. TASS Errusiako berri agentziak jaso duenez, Luhanskeko hauteskunde batzordeko buru Yelena Kravtxenkok uste du egunaren bukaeran azken emaitzen berri emango dutela. Nazioarteak esana dauka bozketa horiek ez dutela zilegitasunik, eta ez dituela emaitzak aitortuko. Errusiako hedabideen arabera, Vladimir Putin Errusiako presidentea parlamentuko bi ganberetan mintzatzekoa da ostiralean, eta Ukrainan partzialki okupatutako eremu horien anexioa iragarriko du —Ukrainaren azaleraren %15 inguru— .

Ikusi gehiago:Berlinek eta Moskuk «sabotajetzat» jo dute Nord Streameko isuria

Galdeketa horiekin lotuta, Ukrainako Gobernuak gaur jakinarazi du traizioa leporatuko dietela bozketetan moduren batean parte hartu duten ukrainarrei, eta gutxienez bost urteko kartzela zigorrei aurre egin beharko dietela. «Moduren batean parte hartu dutenen zerrendak dauzkagu», adierazi du Volodimir Zelenski presidentearen aholkulari Mikhailo Podoliakek Suitzako Blick egunkarian emandako elkarrizketa batean. Zehaztu du ez dituztela zigortuko bozkatzera behartuak izan diren ukrainarrak. Hain zuzen, Ukrainako funtzionarioek salatu dute lau eskualde horietako herritarrak bozkatzera behartu dituztela.

Errusiako komunikabideek kaleratu dute bozketetan emaitzak ontzat emango dituztela deitzaileek, lauretan %50etik gorakoa izan baita parte hartzea. Atzo gaueko kopuruen arabera, Donetsken %87 zen; Luhansken, %83; Zaporizhian, %66; eta Khersonen, %64.

Ukraina hegoaldean eta ekialdean daude Errusiak partzialki okupatutako lurralde horiek. Donbassko Donetsk eta Luhansk herri errepublika errusiazaleak 2014az geroztik dira de facto independenteak, gerra hasi zenetik. Gaur egun, Luhansken %66 inguru du kontrolpean Errusiak, eta Donetsken %60. Zaporizhiaren eta Khersonen kasuan %66 dago Errusiako indarren menpe.

Hauteslekuetan, gaur

Mendebaldeak —batez ere AEBek— emandako armei esker Ukrainak bere lurrak atzera bereganatzeko hasitako kontraerasoa indartu denean heldu dira Errusiari lur horiek anexionatzeko modua emango dioten galdeketak. Ostiralean hasi ziren bozkatzen, baina, gaur arte, eta, deitzaileen arabera «segurtasuna bermatzeagatik», bizilekuetan edo horretarako propio prestatutako lekuetan soilik bozkatu ahal izan dute herritarrek —autobusetan, esaterako—. Gaur, 08:00etan, 450 hautesleku ireki dituzte Donetsken, 461 Luhansken, 394 Zaporizhian, eta 198 Khersonen.

Arma nuklearrez

Errusiak Ukrainako gerran arma nuklearrak erabilita ere, NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeak ez du horretan zuzenean esku hartuko. Hori uste du Kremlinek, eta hala esan du gaur, Telegramen, Dmitri Medvedev Errusiaren Segurtasun Kontseiluko presidenteorde eta 2008 eta 2012 artean herrialdeko presidente izandakoak. Vladimir Putin Errusiako presidenteak azken egunetan ohartarazi izan du prest daudela arma nuklearrak erabiltzeko beren herrialdea defendatzearren.

Medvedevi iruditzen zaio aliantza militarrari Washingtonen, Londresen eta Bruselaren «segurtasunak» axola diola, eta Europako eta «ozeanoaz [Ozeano Atlantikoa] haratagoko demagogoek» ez dutela «apokalipsi nuklear batean» hiltzeko asmorik. «Horregatik irentsiko dute edozein armaren erabilera gatazka honetan».

Bestalde, Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, Errusiaren inbasioa hasi zenetik «izugarria» da giza eskubideen egoera Ukrainan. NBE Nazio Batuen Erakundearen agentziak gaur kaleratutako txosten batean nabarmendu duenez, urraketa sorta zabala da, eta «bereziki kezkatuta» daude atxilotuek pairatutako tratu txarrekin zein torturekin. Zehaztu du urraketak egin dituztela bai Errusiako indarrek, baita Ukrainakoek ere.

Eta mobilizaziorako deiak eragin duenarekin lotuta, Georgiako Barne ministro Vakhtang Gomelaurik gaur azpimarratu duenez, Putinek jakinarazi zuenetik, lehengo asteazkenetik alegia, bikoiztu egin da Errusiatik Georgiara sartzen diren herritarren kopurua. «Lehen, 5.000-6.000 ziren egunero, eta orain, 10.000 bat». Kazakhstango presidente Kassim-Jomart Tokaievek gaur adierazi du azken egunetan «Errusiako jende asko» iritsi dela beren herrialdera. Horrekin lotuta, Kremlinek atzo jakinarazi zuen ez duela alde egin dutenen estradizioa eskatzeko intentziorik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.