Emagin elkarteak amatasunaren inguruko jardunaldiak eginen ditu azaroan

(Ez)amatasunaren inguruko ikuspegi guztietako feministei egin die gonbit elkarteak

Ainara Lasa eta Miren Aranguren elkarteko kideak jardunaldien aurkezpenean. MAIALEN ANDRES / FOKU
Isabel Jaurena.
2022ko irailaren 27a
16:27
Entzun

(Ez)amatasunak ikuspegi feministatik: desegin, egin, berregin jardunaldiak antolatu ditu Emagin elkarteak. Datorren azaroaren 11n eta 12an izanen dira, Donostiako Tabakaleran. «Euskal Herria feminista bilakatzea eta burujabetza prozesuan sakontzea» da jardunaldien helburu nagusia. Izan ere, aukeratutako solasgaia «konplexua» den heinean, eta horren inguruko ikuspuntu andana daudenez, «hausnarketa feminista sustatu behar» dela adierazi dute elkarteko kideek. Miren Aranguren eta Ainara Lasa elkarteko kideek egin dute egitasmoaren aurkezpena, gaur, Donostian.

Lehenbiziko helburua abiapuntu, Emaginek bertze zenbait hausnarketa planteatu ditu egitasmorako. Hala nola «askotariko amatasun ereduak» ezagutaraztea, gaiaren inguruan sortutako «iruditegiak» aztertzea eta «teoria, diskurtso eta estrategia feminista» anitzak ezagutzea. Izan ere, «amatasuna esperientzia kolektiboa» dela nabarmendu dute elkarteko kideek.

Kideen erranetan, amatasuna mintzagai duten diskurtso gero eta gehiago daude Euskal Herrian, baina ez dituzte «artikulatuta» ikusten. Iritzi eta esperientzia horiek guztiek bat egiteko, jardunaldi hauek antolatzea erabaki du elkarteak. Hortaz, (ez)amatasunaren inguruko ikuspegi guztietako feministak gonbidatu ditu jardunaldietara. Parte hartze plurala ziurtatzeko, haurrak zaintzeko zerbitzua egonen da jardunaldietan, eta umeek saioetan egoteko aukera ere izanen dute.

Sarrerak

Jardunaldietan parte hartzeko ezinbertzekoa da aldez aurretik izena ematea. Gaur ireki da sarrerak eskuratzeko epea, eta datorren azaroaren 4ra arte erosten ahalko dira. Egun bakoitzeko hamar euro ordaindu beharko dira. Hala ere, elkarteak nabarmendu du norbaitek arazoak baldin baditu kopuru hori ordaintzeko eurei idazteko, eta ordainketatik salbuetsita egonen direla. Ostiral eta larunbat arratsaldean ikuskizun artistikoak egonen dira. Ikuskizun horietako sarrerak soilik erosteko aukera ere egonen da, zazpi euroren truke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.