Ezbeharra

Hilda aurkitu dute Hilaree Morrison eskiatzaile eta alpinista

Manaslu menditik eskiz jaisten ari zela erori zen, Himalaian. Hiru egunez desagertuta egon ostean, atzo aurkitu zuten, elur azpian.

Hilaree Nelson eskiatzailea eta alpinista. @HILAREENELSON
Julen Otaegi Leonet.
2022ko irailaren 28a
11:08
Entzun

Manalun (Nepal, Himalaia, 8.156 metro) espedizioan zen Hilaree Nelson. Astelehenean heldu zen tontorrera, eta handik eskiz jaisten ari zela, mendi hegalean erori zen, 6.000 metroko garaieran. Ordutik desagertuta zegoen eskiatzaile eta alpinista estatubatuarra. Besteak beste, eguraldi txarrak erreskatea zaildu zuen. Jim Morrison alpinistarekin batera igo zen Nelson Manalura (haren senarra zen). Azkenean, atzo, Morrison eta hiru sherpa helikoptero batekin gerturatu ziren Nelson erori zen ingurura. Goizaldean topatu zuten haren hilotza, elur azpian. 49 urte zituen.

Ibilbide oparoa izan zuen eskiatzaileak mendi artean. 2005ean Cho Oyu (Himalaia, 8.201) igo zuen oxigenoaren laguntzarik gabe; ondoren, eskiz jaitsi zuen. 2012an ere Himalaiara itzuli zen, eta 24 ordu baino gutxiagoan Everest eta Lhotse tontorretara heldu zen (8.848 eta 8.561 metro, hurrenez hurren). Marka hori hautsi zuen lehen emakumea izan zen Nelson.

Dena dela, haren izena Lhotse mendiari lotuta geratuko da. 2018an, Nelson eta Morrison Lhotse tontorretik beheraino jaitsi ziren eskiz; hala egiten lehenak izan ziren. Dream Line gisa izendatu zuten biek ala biek egindako ibilbidea (ametsetako lerroa).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.