Hondakinen gainean eraikitako obra bat geldiarazi dute Angelun

Lurrarekin nahasitako dozenaka hondakinek osatzen dute eraikuntzaren zimendua

Angelun geldiarazi duten obra. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki - Oihana Teyseyre Koskarat
2022ko irailaren 28a
13:21
Entzun

Hugo Clement Frantziako kazetari ezagunak egin zuen salaketa, atzo arratsaldean, Twitter sare sozialean zabaldutako bideo baten bidez. Angeluko (Lapurdi) BAB 2 merkataritza gunetik hurbil dagoen eremu batean, Eiffage enpresa egiten ari den eraikuntza bat ikus daiteke bertan. Lurrean, hondakin mordoa ageri da, hondeamakinek lurrarekin nahasi eta mugitua. Horiek dira errekatxo baten ondoan dagoen eraikuntza berriaren zimenduak. «Ozeano Atlantikoa ere bertan dago», azaldu du bideoan kazetariak.

Atzo gauean, agiri bat zabaldu zuen Angeluko Herriko Etxeak, obra berehala geldiaraziko zutela jakinarazteko. Baina, gaur goizean, lanean segitzen zuten Eiffage eraikuntza enpresako langileek; Angeluko polizia munizipalak geldiarazi behar izan ditu. Era berean, seinalamendua egin dio Herriko Etxeak Euskal Hirigune Elkargoari eta DDTM lurraldeen eta itsasoaren departamenduko zuzendaritzari. Office 64 de L'habitat egiturak bizitegi sozialak eskuratu behar ditu proiektu horretan, baina zehaztu dute ez duela eraikuntzarekin inolako zerikusirik. Hala baieztatu dio Claude Olive Angeluko auzapezak ere BERRIAri: «Atzo gauetik zernahi idatzi da: Office 64 ez da lurren jabea, ez da ezer sinatu», haserretu da. Olive bera da bizitegi sozialez arduratzen den egitura horren arduraduna.

Angeluko auzapezak behin eta berriz errepikatu du: «Ez da herriko etxearen ardura». Zehaztu du Carrefour Property dela lurren jabea eta 2013ko hirigintza planaren arabera eman zitzaiola eraikitzeko baimena. «Etxebizitza berrietan, %40 bizitegi sozialak izan behar dira. Horregatik jo zuten Office 64 egiturara». Oliven hitzetan, hondakindegi bat zegoen garai batean lur horietan, eta hondakin bizigabeak lirateke bertan. «Eraikuntzaren oinarriak egiteko lurrak altxatu direnean agertuko ziren hondakinak. Baina, segitu aitzin, hortik kendu beharko zituzten», ohartarazi du. Halaber, lurren zundaketa eta bestelako egiaztatzeak egitea Euskal Hirigune Elkargoaren ardura zela erran du. BERRIAk Ipar Euskal Herriko instituzioaren komunikazio zerbitzuari dei egin dio bere bertsioa ukaiteko, baina, oraingoz, ez du erantzunik jaso.

Atzo arratsaldean seinalamendua jaso zutenean herriko etxeko zerbitzuak obren lekura bidali zituela kontatu du Angeluko auzapezak, eta ordutik Carrefour taldearekin harremanean eman direla. «Gaur goizean hegazkina hartu dute, eta eraikuntza enpresari kontuak eskatzera etorri dira. Hondakin guziak atera behar dira hortik; horren baieztapen idatzirik ez dudan bitartean, ez dute segitzen ahalko». Aferak izan litzakeen segida administratibo eta juridikoez mintzatzeko «goizegi» dela erran du.

Sandrine Derville (PS) Angeluko oposizioko hautetsiak egoera gogorki salatu du. «Ikuspegi juridiko soil batetik begiratuta, Carrefour Property enpresarena da ardura, baina Herriko Etxeak eraikitzeko baimen bat eman du, lurren ikerketa batean oinarrituta. Beraz, nola liteke hondakinak badaudela ez jakitea? Are gehiago, angeluarrok ongi dakigu lehen hondarkindegi bat zegoela lur horietan. Arreta handiz ibili beharko zuen Herriko Etxeak». Dervillek, bestalde, «espero» du obra gelditzeko dagoen agindua errespetatuko duela obren eramaileak, «behar bezalako azterketak egin eta behar izanez gero lurra deskutsatzeko».

Obra eramaten duen Eiffage enpresarekin eta Carrefour Property lurren jabea den enpresarekin hitz egiten saiatu da BERRIA, baina oraindik ez dute erantzun.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.