GERRA UKRAINAN

Galdeketen harira Errusiari presioa «nabarmen» handitzeko eskatu dio Ukrainak Mendebaldeari

Zigor gehiago eta laguntza militar handiagoa nahi ditu Kievek. NBEek ez ditu aitortuko emaitzak. Zelenskik adierazi du  Errusiak anexioa gauzatzean ez dela egongo «zer negoziatu».

Gizon batzuk errekrutazio zentro batera sartzeko ilaran, atzo, Moskun. EFE
Igor Susaeta.
2022ko irailaren 28a
13:48
Entzun

Egin dituzte NBE Nazio Batuen Erakundeak zilegitasunik ematen ez dizkien galdeketak Errusiak Ukrainan partzialki okupatutako eremuetan, eta bozketa horietan Errusiako Federazioarekin bat egitearen alde bozkatu dute, nabarmen. Orduan, lurralde horiek anexionatzeko pronto da Kremlin, 2014an Krimeako penintsularekin egin bezala. Errusiaren inbasioan «krimen bat gehiago» dira Donetsken, Luhansken, Zaporizhian eta Khersonen egindako galdeketak, Kieven arabera. «Eskatzen diegu Europako Batasunari, NATOri eta G7ari nabarmen handitzeko presioa Errusiari», azpimarratu du Ukrainako Atzerri Ministerioak, ohar batean. Zigor gehiago nahi ditu, baita laguntza militar handiagoa ere gerran jarraitzeko.

NBEk ez ditu emaitzak aitortuko, argudiatuta Ukrainan okupatutako lurraldeetan egindako galdeketak ezin direla hartu, erakundearen idazkariorde nagusi Rosemary DiCarloren esanetan, «herri borondatearen benetako adierazpen gisa», eta ezin direla legezkotzat jo nazioarteko zuzenbideari erreparatuta. NBEren Segurtasun Kontseiluak auziari buruzko ezohiko saio bat egin zuen atzo New Yorken, eta DiCarlok esan zuen de facto-ko agintariak soldaduz lagunduta «atez ate» joan zirela hautetsontziekin. Errusiak segurtasun kontseiluan duen ordezkari Vasili Nebenziak adierazi zuen, ordea, bozketak «modu gardenean» eta nazioarteko arau guztiak errespetatuz egin dituztela. Zehaztu zuen berrogei herrialde baino gehiagotako ehun bat begirale egon direla, eta horiek «harrituta» geratu direla bozkatzaileen «suhartasunarekin».

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ere parte hartu zuen saioan, bideokonferentzia bidez, eta azpimarratu zuen ez dela egongo «zer negoziatu» Errusiak lurralde horien anexioa formalizatzen duenean. Vladimir Putin Errusiako presidentea parlamentuko bi ganberetan mintzatzekoa da ostiralean, eta Kremlinek atzo esan zuen prest dituela anexioa gauzatzeko «botere legegilea, exekutiboa eta juridikoa». Horrekin lotuta, AEBak ebazpen bat aurkeztekoak dira NBEren Segurtasun Kontseiluan, eskatuz kontseiluko kideei ez aitortzeko anexioak. Errusiak, kide iraunkor den neurrian, beto eskubidea du organo horretan.

Anexioen harira, Donetsk eta Luhansk herri errepublika errusiazaleetako liderrek, Denis Puxilinek eta Leonid Pasetxnikek, hurrenez hurren, Moskura bidean daudela jakinarazi dute. Pasetxniken hitzetan, Errusiarekin bat egiteko «kudeaketa juridikoa» gauzatzea du helburu bidaiak. Galdeketen hauteskunde batzordeak Interfax Errusiako berri agentziari emandako datuen arabera, Donetskeko bozkatzaileen %99k Errusiarekin bat egitearen alde bozkatu zuten, Luhansken %98k, Zaporizhian %93k, eta Khersonen %87. Parte hartzea %97koa eta %98koa izan da Donetsken eta Luhansken. Ez dute jakinarazi zenbatekoa izan den beste bi eskualdeetan.

Meloniren babesa Zelenskiri

Georgia Meloni FdI Italiako Anaiak alderdi ultraeskuindarraren buruzagiak Twitterreko mezu batean adierazi du Ukrainari «leial» izango zaiola. Italiako hauteskundeen garaileak, gobernua osatzeko ardura edukiko duen politikariak, Zelenskiri erantzun dio modu horretan. Izan ere, Ukrainako presidenteak mezu bat idatzi du sare sozial berean Meloni zorionduz, eta Italiako gobernu berriari «lankidetza» eskatuz. Bide batez, Mario Draghi Italiako lehen ministro ohia neofaxisten liderraren aholkularia izango da Europako Batasunarekin negoziatu beharreko auzietan.

Mobilizaziorako zentroa

Joan den irailaren 21ean Putinek mobilizaziorako deia egin zuenetik, gero eta jende gehiago egiten ari da alde Errusia eta Georgia arteko mugatik, eta, hori saihesteko, Errusiak errekrutazio zentro bat ireki du Verjni Larsen (Ipar Osetia), bi herrialdeen arteko igarobide bakarrean. «Mobilizatzera deituta daudenen zerrendak ditugu», zehaztu du TASS Errusiako berri agentziak, hango iturri militar bat aipatuta. Mugako egoera aintzat hartuta, Ipar Osetiako lau departamentutan alerta gorena ezarri dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.