Lan gatazkak

Bi hilabeteko grebara deitu dute Beti On telelaguntza zerbitzuan

Langileek dagoeneko 140 egun egin dituzte greban, lan baldintzak hobetzeko. 65.000 erabiltzaileri eskaintze die arreta Eusko Jaurlaritzaren zerbitzu horrek, eta sindikatuek urrirako eta azarorako deitu dute lanuztea.

Beti On zerbitzuko langileen protesta bat. LAB SINDIKATUA
xabier martin
2022ko irailaren 29a
12:22
Entzun

Beti On telelaguntza zerbitzuko enpresa batzordearen gehiengoak, ELAk eta LABek osatua, jakinarazi du joan den astelehenean batzarra egin zutela langileek, irailaren 19an, eta, batzar horretan, aurreko 130 greba egun baino gehiagoren jarraipenaren «balorazio oso positiboa» egin zutela. Hori horrela, batzordeak erabaki du beste bi hilabete deitzea grebara. Urrian eta azaroan egingo lukete lanuztea.

Tunstall Televida-GSR-Grupo Igualmequisa da Beti On zerbitzua esleiturik duen taldea, eta haren «immobilismoa» salatu dute ELAk eta LABek. «Ez du inolako akordiorik negoziatu nahi, eta bilera egutegi bat aurkeztu diogu, baina ez dugu erantzunik jaso», azaldu dute ohar batean. Horrek erakusten du enpresaren negoziatzeko «borondaterik eza», batzordearen arabera. «Izan ere, ez dizkigu eman beren egoera ekonomikoa azaltzen duten datu ekonomikoak, eta guk badakigu datu horiek agerian utziko lituzketela lortzen dituzten irabazi handiak».

Greba ondorioak izaten ari da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan zerbitzua erabili ezin duten 5.000 pertsona inguru daudela kalkulatu dute sindikatuek: «Horrek etengabe handitzen du herritarrei zerbitzuan alta emateko itxaron zerrenda». Gaur egun, 65.000 erabiltzaileri arreta eskaintzen die Beti On zerbitzuak. «Eusko Jaurlaritza da zerbitzu publiko horren titularra, eta geure buruari galdetzen diogu ea non dagoen funtsezko zerbitzu hori gizarteari emateko ardura, eta, zehazki, gure lana eskaintzen diogun sektore zaurgarriari», salatu dute langileen ordezkariek. «Hori dela eta, Beatriz Artolazabal sailburuari gogorarazten diogu ez bera, ez bere saileko beste inor ez dela guregana etorri. Ez dugu erantzunik jaso grebekin hasi garenetik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.