Zergak

Espainiak %1,7 eta %3,5 artean zergapetuko ditu hiru milioitik gorako ondareak

Madrilek beste neurri batzuk ere iragarri ditu, PFEZ pertsona fisikoen errenta zergarekin eta sozietateen gaineko zergarekin loturikoak, baina Hego Euskal Herriko ogasunek ez dituzte zertan ezarri.

Maria Jesus Montero Espainiako Ogasun nistroa, ostegun honetan. FERNANDO VILLAR (EFE)
jokin sagarzazu
2022ko irailaren 29a
13:46
Entzun

Espainiako Gobernuak hiru milioi euro baino gehiagoko ondareak zergapetuko ditu, «elkartasun zerga» berriaren bidez. Hiru tarte izango ditu: %1,7ko tasa izango du 3 eta 5 milioi arteko ondareentzat; %2,1ekoa 5 eta 10 milioi artekoentzat, eta %3,5ekoa 10 milioi eurotik gorakoentzat. Kopuru horiek ondare zergatik murriztu ahal izango dira, zergapetze bikoitza eragozteko. Zerga berria aldi baterakoa izango da: 2023. eta 2024. urteetan egongo da indarrean.

Hala azaldu du Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko Ogasun ministroak ostegun honetan egindako agerraldian. Horrez gain, beste neurri batzuk iragarri ditu, PFEZ pertsona fisikoen errenta zergarekin eta sozietateen gaineko zergarekin loturikoak.

Madrilek gaur hartutako erabakietatik soilik aberastasun handien gaineko zergak izango du eragina Hego Euskal Herriko lau ogasunetan. Zerga berria denez, Hego Euskal Herriko sistema fiskalera nola egokitu adostu beharko dute Espainiako Gobernuarekin, EAEko kontzertu ekonomikoarekin eta Nafarroako itunarekin uztartzeko. «Zalantzarik ez izan, beti bezala, foru aldundiekin hitzartuko dela», azpimarratu du Monterok.

Iragarritako gainerako neurriei dagokienez, ez daude behartuta ezartzera, baina erreferentzia modura erabil ditzakete foru ogasunek, nahi izanez gero haiek ere aplikatzeko, baina ez dirudi bide hori hartuko dutenik. Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia sailburuak atzo azpimarratu zuenez, ez da «une egokia» zerga sistemaren erreforma sakon bat egiteko, eta ez dira «zerga gerra» batean sartuko, PPk gobernatutako autonomia erkidego batzuek abiatu duten moduan.

Hego Euskal Herrian, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek 2023an PFEZ zergan beste deflatazio bat egitea aurreikusten dute, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak aurreko asteko politika orokorreko saioan aurreratu zuenez. PFEZaren arte guztietan %5,5eko deflatazioa aplikatuko da —aurten %4,5ekoa izan da—. Espero da hiru ogasunek eta Jaurlaritzak urrian egingo den Euskal Finantzen Kontseiluan berrestea erabakia.

Konpresen BEZa

Hein handi batean azken egunetan Espainian sortu den tirabirak eraman du PSOE eta Unidas Podemosen koalizio gobernua neurri berriak hartzera. Haren asmoa zen zerga erreforma sakon bat egitea —Bruselak hala eskatu baitio Next Generation funtsak jasotzeko—, baina asmo hori, oraingoz, tiraderan utzi dute. Egunotan zabaldu denez, Espainiako Gobernuaren asmoen artean ere bazegoen produktu jakin batzuen BEZa ere murriztea. Hala egingo du emakumeen higienerako produktuekin, gaur egungo %10etik % 4ra.

Emakumeen aspaldiko eskaera bati erantzungo dio horrela. Preserbatiboen eta sendagarriak ez diren antisorgailuen BEZaren beherapena ere barne hartzen du neurriak. Monterok azaldu duenez, koalizioa osatzen duten kideen arteko elkarrizketek jarraituko dute, aurrekontu egitasmoa adosteko, eta ez du baztertzen horren barruan beste produktu batzuekin gauza bera egitea.

Aberats handiak

Espainiako zerga sisteman bezala, Hego Euskal Herriko zerga sistemetan ere kopuru jakin batetik gorako ondasunak zergapetzen dira, ondare zergaren bidez; hala nola etxeak, akzioak eta bankuko kontuak. Zerga berriarekin hiru milioitik gorako ondareek beste tasa bat pagatu beharko dute, baina, zergapetze bikoitza eragozteko, zerga berritik eratorritako kopuruak ondare zergatik murriztu ahal izango dituzte. Hala ere, zergadun gutxi batzuei eragingo die: 3 milioitik gorako ondarea dutenei; Monterok azaldu duenez, Espainiako 23.000 zergaduni —guztizkoaren %0,1—.

Espainian berria den zerga hori edo antzekoak ezarri dituzte inguruko zenbait herrialdek. Frantzian, esaterako, Emmanuel Macronek berreskuratu egin behar izan du 2018an kendu zuen aberatsen elkartasun zerga deiturikoa, hein handi batean Jaka Horien protesten ondorioz. Hego Euskal Herrian ere egon da halako tasa bat jartzeko saio bat. 2012an, Gipuzkoako Foru Aldundian Bildu agintean zela, aberastasun handien gaineko zerga moduko bat ezarri zuten, baina EAJ eta PSEren gobernuak indargabetu egin zuen gero. 700.000 eurotik gorako ondareei eragin zien, %0,25 eta %1 arteko presioarekin.

PFEZa eta enpresak

Aberastasun handien gaineko zergaz gain, beste neurri batzuk iragarri ditu Espainiako Gobernuak. Adibidez, errenta baxuentzako abantaila fiskalak zabalduko ditu PFEZean; egun 18.000 eurorainoko errentetan ezartzen diren onura fiskalak 20.000 eurorainokoetara zabalduko ditu.

Halaber, 15.000 baino gutxiagoko errentek ez dute PFEZa ordaindu beharko —egun 14.000 eurotan jarrita zegoen muga hori—.

Errenta handien kasuan, puntu bat igoko dute presio fiskala, %27ra, 200.000 eurotik gorako kapitaleko errentetan, eta bi puntu gehiago, %28ra, 300.000 eurotik gorakoetan.

Neurri horiek ez dute eraginik izango Hego Euskal Herrian. PFEZaren kasuan, Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak deflatazioaren bidea onetsi dute, zergadun guztientzat, eta horrek mesede egingo die errenta txikiei, baina baita handiei ere. PFEZa ordaintzeaz salbuetsita daudenak, berriz, berdin mantenduko dira; Gipuzkoan, adibidez, 14.000 eurotan dago muga.

Enpresentzako neurriak ere iragarri ditu Espainiako Gobernuak. Enpresa ertain eta txikiek onura izango dute sozietate zerga: %25etik %23ra jaitsiko da milioi bat euro baino gutxiago fakturatzen dutenen kasuan. Enpresa handiek haien filialetako galeren %50ean soilik izango dituzte kenkariak 2023an, eta gainerakoa, 2024an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.