Errenta zerga deflatatuko dute ogasunek 2023an ere

Urkulluk Politika Orokorreko bilkuran iragarri du neurria. Krisi energetikoari aurre egiteko 400 milioi euro erabiliko ditu. Lehendakariak ziurtzat jo du ogasunek aukera izango dutela energiaren eta bankuen sektoreko enpresei ezarriko zaien zerga edo tasa berriaren zati bat biltzeko.

Aitor Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia, Ramiro Gonzalez Arabakoa eta Markel Olano Gipuzkoakoa, ostegun honetan. EUSKO LEGEBILTZARRA
jokin sagarzazu
2022ko irailaren 22a
13:13
Entzun

Iñigo Urkullu lehendakariak 400 milioi euroko neurri sorta bat iragarri du krisi energetikoari aurre egiteko, eta, horren barruan, PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren deflatazio berri bat, 2023ko urtarriletik aurrera aplikatuko dena. Lehendakariak erabaki hori aurreratu du Eusko Legebiltzarreko Politika Orokorreko Osoko Bilkuran. Datorren hilabetean egingo den Finantzen Euskal Kontseiluaren bileran aurkeztuko dira neurriak.

Iragarritako plana finantzatzeko, Urkulluk ziurtzat jo du foru ogasunek Espainiako Gobernuak energiaren eta bankuen sektoreko enpresei ezarri nahi dien zerga edo tasa berriaren zati bat bildu ahal izango dutela, baina lehendakariak ez du zehaztu nola eta zenbat, eta ez du azalpenik eman gai horri buruz Madrilekin dituzten elkarrizketei buruz. Zehaztu duenez, dirua biltzeko beste bideak aurrekontu baliabide propioak eta energia neurriak finantzatzeko Europako Batasunaren RePOWER EU funtsa izango lirateke.

Deflatazioari dagokionez, aurten ere hartu dute neurri hori hiru foru ogasunek, %5,5eko deflatazioa ezarriz pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan. Urte hasieran, %1,5 deflatatzea erabaki zuten, eta irailetik aurrera, %4. Eusko Jaurlaritzak 2023an indarrean mantendu nahi du neurria, hurrengo urteko PFEZaren likidazioan aplikatzeko. Urkulluk ez du zehaztu zenbatekoa izango de deflatazio berria. Azaldu duenez, azpiko inflazioaren arabera ezarriko litzateke; hau da, energiaren eta landu gabeko elikagaien prezioen gorabeherak kontuan hartzen ez dituen inflazioa kontuan hartuz (%6,4, irailean).

Zer da deflatazioa?

Deflatazioak aukera ematen du inflazioaren eragina pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren gainean aplikatzeko, inflazioaren kaltea leuntzeko, eta, beraz, zergadunek gutxiago ordaintzeko. Adibidez, aurten 22.100 euro irabazten dituen Arabako, Bizkaiko edo Gipuzkoako herritar batek, seme-alabarik ez badu, %12ko atxikipen tasa ordaindu behar zuen errenta zergan —20.020,1 eta 23.549 euro artean irabazten dituelako—. Tasak deflatatu direnez, aurreko tartera igaroko da, eta %11ko tasa ordainduko du. Alegia, errenta zerga kalkulatzeko, %4 gutxiago irabaziko balu bezala kalkulatuko zaio. Kasu horretan eta gainerako guztietan, deflatazioa tarifa tarte guztietan aplikatzen baita, baita errenta handietan ere.

Deflatazioak eragina izango du ogasunen zerga bilketan. Inflazioaren eraginez, eta BEZari esker bereziki, marka guztiak hobetzen ari dira aurten, %10 inguruko gorakadarekin, baina deflatazioarekin —eta beste kenkari batzuengatik— aurten 249,5 milioi euro gutxiago biltzea aurreikusten dute. Horrek, halaber, eragina izango du 2023rako aurrekontuetan. Urkulluk, halere, zehaztu du «gizarte laguntzak bermatuko» dituztela eta «inbertsio politikei» eutsiko dietela.

Oposizioak behin baino gehiagotan ezbaian jarri du deflatazioaren eragina. Errenta tarte guztietara modu berean egiten bada, inflazioak sortzen dituen ezberdintasunak sakontzen direla diote. Eta errentarik txikienei ia ez diela laguntzen, ezta herritarrik zaurgarrienei ere, haiek ez baitira iristen errenta aitorpena egitera. Era berean, gogoratu dute aurten zehaztutako deflatazio tasa (%5,5) inflazioaren azpitik dagoela. Uste dute zerga sistemak erreforma sakonago bat bat behar duela.

Beste neurriak

Politika Orokorreko saioan energia krisiak etxeetan eta enpresetan dituen ondorioei aurre egiteko Jaurlaritzak martxan jarri dituen neurrien errepasoa egin du Urkulluk, eta beste batzuk aurreratu ditu.

Hala, apirilean abian jarritako Hitzartuz programa berrituko du. Urkulluk aurreratu du beste 400 milioi gehituko dituela —200 milioi jarri ditu aurten—. Programa horren helburua da energia fakturak ordaintzeko zailtasunik handienak dituzten kolektiboak eta egoera zailean dauden enpresak laguntzea.

Neurri batzuk azaldu ditu Urkulluk: %10 handituko dira gizarte larrialdietarako laguntzak; etxebizitza sozialen parkean gas horniduren kostua murriztuko da instalazio zentralizatuak dituzten komunitateentzat; etxebizitza soziala eskuratzeko diru sarreren muga handituko da; eta eraginkortasun energetikoko laguntzak emango dira, fakturaren igoera konpentsatzeko eta familien aurrezpen energetikoa errazteko.

Enpresen kasuan, berriz, energia industria intentsiboentzako, enpresa txiki eta ertainentzako eta autonomoentzako kreditu lerro berezi bat iragarri du Urkulluk, baina ez du zehaztasunik eman. Eta laguntza programa bat energia berriztagarriak, aurrezpena eta autokontsumoa sustatzeko enpresetan eta industrialdeetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.