Musika

Patti Smithek kontzertu gogoangarria eman du Donostian

Bere ibilbideko kantu ikonikoak jotzeaz gain, Bob Dylan, Neil Young eta Lou Reeden kantuak berreskuratu ditu.

Patti Smith, atzo, Donostiako Kursaalean. JON URBE / FOKU
mikel lizarralde
2022ko irailaren 29a
15:25
Entzun

Azkena Rock jaialdian arrakasta handia lortu eta hiru hilabetera iritsi zen Patti Smith Donostiara. Oso bestelako egoera batean, rock jaialdi handi baten aldean, Kursaaleko auditoriumak giro intimoagoa, lasaiagoa eskaintzen duelako ezinbestean, inguruko zaratarik gabekoa.

76 urte betetzear dela, Smithek ez du askorik erakutsi behar dagoeneko. Bere hastapenetan New Yorkeko punk mugimenduaren ikono bilakatua, ia mende erdiko ibilbideak rock musikaren ikur nagusietakoa bihurtu du, bere inguruarekin beti konprometitua azaldu den artista polifazetikoa. Beharrik ez, baina Smithek sasoi ezin hobean dagoela erakutsi zuen herenegun ia beteta zegoen Kursaalean; ahotsez bikain, indartsu, baina, batez ere, karisma izugarria azalduz, publikoari hitz eginez, azalpenak emanez, huts egiteei ere etekina ateraz, hala nola betaurrekoak ahaztu zituela-eta, jende guztia etxera joan beharko zela irribarre maltzur batekin esan zuenean.

Smith oso ondo lagundua azaldu zen agertokira. Gitarrarekin bere seme Jackson Smith aritu zen —batzuetan Crazy Horseren soinuetara hurbilduz; besteetan, Lou Reed gogora ekarriz—, bateriarekin Sebastian Rochford, eta baxua nahiz pianoa tartekatuta —eta baita abesten ere— Tony Shanahan. Hirurak bikain aritu ziren, artifiziorik gabe, baina protagonista Patti Smith zen, eta hark, Redondo Beach-en rock-reggae ahaireekin hasi zen momentutik bertatik, agertokia bere egin zuen. Ahotsarekin, baina baita mugitzeko moduarekin, jarrerarekin eta sinpatiarekin ere. Lasaitasuna eta une nahiz toki jakin horietan egotearen poza etengabe erakutsiz.

Kantu zerrenda luze eta bikain baten jabe izanda ere, Smithek ez zuen greatest hits kontzertu huts bat eman nahi izan, eta Grateful akustiko eta lasaiaren ondoren, Bob Dylanek idatzi eta Smithek Gone Again (1996) diskoan berreskuratu zuen Wicked Messenger iritsi zen, bortitz eta indarrez betea. Ez zen izan, gainera, beste musikari batzuei egin zien keinu bakarra. Dylanen beraren One Too Many Mornings ere berreskuratu zuen, bertsio soil eta hunkigarri batean; Shanahanen teklatuaren laguntza hutsarekin Neil Youngen After the Gold Rush interpretatu zuen, ama natura-ri dei eginez, eta kantuaren azken lerroak XXI. mendera ekarriz; eta agertokiko albo batera joanda, bandari eta batez ere baxu joleari protagonismo osoa utzi zien Lou Reeden klasikoetan klasikoena aletzeko: Walk on the Wild Side.

Allen Ginsberg poeta eta lagunaren Footnote to Howl poema ezaguna intentsitatez eta lerro bakoitzaren amaiera markatuz irakurri zuen kantariak, eta, ia etenik gabe, Boy Cried Wolf-ekin lotu zuen, gitarra pasarte adierazkorrekin eta Smithen ahots indartsuarekin iritsi zena. Ghost Dance aire indiarrekin eta garrasi artean interpretatu zuten, Nine-k —Banga (2012) azken diskoko kantu bakarra— gitarrak emandako ukitu psikodelikoa izan zuen, eta Beneath the Southern Cross-ek gaueko une gorenetako bat ekarri zuen, lasai hasita eta crescendo batekin amaituta.

Ordurako Smith agertokiaren jabe eginda zegoen. Dantzatu egiten zuen, taldekideekin konplizitate keinuak egiten zituen, publikoarengana hurbildu eta hitz egiten zion... amaiera gertu sumatzen zen, baina artean bazuen zer eman. Pissing in a River, pianoaren nota esanguratsuekin, Smithen ahotsik adierazkorrenarekin eta Shanahanen koroekin, kontzertu batean entzun daitekeen kanturik ikaragarriena bihurtu zuten, eta Because the Night hit handiarekin Kursaaleko eserlekuetara iltzatuta zeuden guztiak altxarazi zituzten. New Yorkeko musikariaren kantu ezagunenen unea iritsita, hurrengoak Gloria izan behar zuen, Van Morrisonek idatzi arren, Smithek Horses (1975) opera prima mitikoan bere eremura eraman eta bere bihurtu zuen klasiko agorrezina.

Laukoteak agertokitik alde egin zuen, baina artean geratzen zen kontzertua biribilduko zuen azken pieza bat. Ukabilak gora begira jarrita eta publikoa bereganatuta jo zuten People Have the Power, boterea herriaren esku egotearen aldeko aldarri zirraragarria.

Musikariak: Patti Smith (ahotsa eta gitarra), Jackson Smith (gitarra), Tony Shanahan (baxua eta teklatua) eta Sebastian Rochford (bateria). Lekua: Kursaaleko auditoriuma (Donostia). Eguna: Irailaren 28a.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.