Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

Musika

30 urte, baina beti gazte

Gozategi taldea 30. urteurreneko biran ari da aurten, eta plazetako harrera «ikaragarria» izaten ari dela dio Asier Gozategi soinu jotzaileak. Bihar Urnietan joko dute, eta urriaren 15ean, Zarautzen.

Gozategi taldearen kontzertua, Donostiako Aste Nagusian.
Gozategi taldearen kontzertua, Donostiako Aste Nagusian. Gorka Rubio Tamaina handiagoan ikusi

Maria Ortega Zubiate - Gipuzkoako Hitza -

2022ko urriak 1 13:08

Gozategiren aurtengo jardunak, taldearen 30. urteurren bira betean, ez du etenik. Bihar Urnietan izango dira, eta urriaren 15ean Zarautzen emango dute kontzertua. Bira “ikaragarria” ari dela izaten dio Asier Gozategi taldeko sortzaile eta soinu jotzaileak, urteurrena eta bi urteko geldialdiaren osteko garaia batu baitzaizkie: “Iturria itxita badago, txorrotada handia ateratzen da gero; bada, horrelakoa izaten ari da bira”.

Gozategi taldeko kideek herriz herri daramate azken urtea, aurreko beste hiru hamarkadetan egin bezalaxe. Herrietan izaten ari diren harrerak txundituta utzi ditu, ez baitzuten horrelakorik espero. Azpimarratzekoa iruditu zaio, batez ere, belaunaldi ezberdinetako jendea biltzea publikoan. “Belaunaldi guztiak biltzen dira gure kontzertuetan, eta denak egoten dira gustura. Harrigarria da”. Sorpresa izaten ari da publiko artean ikusten ari diren aurpegi gazte piloa; izan ere, talde bakoitzak bere adin tartea duela uste du Gozategik: “Talde batek izan dezake arrakasta eta aurrera jarraitu, baina bere publikoa ere adinean aurrera doa, eta adin konkretu bat mugitzen du”. Beraiek, ostera, gazte-gazteak direnengandik hasi, eta duela 30 urte gazteak ziren horiek izan dituzte parean dantzan: “Guri gertatzen zaigu 14 urte bueltatik hasten dela publikoa, eta hortik aurrera jarraitzen du; adin ertainekoak eta nagusiagoak ere badaude”, dio Asier Gozategik.

Taldeko soinu jotzaileari bereziki deigarria egin zaio jendeak Porru patata abestia kantatzeko duen grina. “Ez dakigu zer gertatu den Porru patata abestiarekin, baina jendea zoratzen ari da. Agian, berriz deskubritu dute, ez dakit”, azaldu du. Bitxia egiten zaio, kanta hori ez delako berria: hamasei urte ditu: “Eta guk hitzak idatzi genituenean orain publikoan dauden gazteenak jaio gabe zeuden! Ikaragarria da”. Gainera, gogoan du abesti hori nola egin zuten; hots, nola atera zuen bere gelan Porru patata, “belarriz, soinuarekin eta bateriarekin jolasten”.

Baina hori ez da taldearen kanta gogoangarri bakarra, ezta gutxiagorik ere. Esaterako, kontzertuetan dagoen oro dantzan jartzen du Nirekin abestiak ere. Bizkaieraz idatzia dago, eta “oso ona” dela dio Gozategik. Azaldu du hitzak Jon Maia bertsolariarenak direla, eta beraiek doinua baino ez ziotela jarri; zehaztu du Maiaren ideia izan zela euskalki hartan idaztea, hasieran batuaz idatzi bazuen ere. Maia aurretik ezagutzen zuen Gozategik, eta guztiz fidatu zen hark abestia proposatu zionean, baita bizkaierazko bertsioa eman zionean ere: “Hitzak nork idatzi dituen jakinda, bagenekien bizkaiera ondo egongo zela, norbaitek hizkuntza ondo ulertzen baldin badu, Jon baita”. Eta emaitza ez da gutxiagorako izan: “Gure karrera osoan gehien eman digun abestia dela esango nuke”.

Amets bat, bi aldiz

Oholtza gainean sei lagun ageri diren arren, historia luzea du Gozategi taldeak. Talde moduan eratu aurretik ere, Gozategi neba-arrebak bazebiltzan musika ibilbidean. “Ainhoa arreba eta biok ibiltzen ginen garai batean, trikiti txapelketetan eta. Erromeria txikiak egiten genituen auzo txikietan, eta jaietan ere jotzen genuen”, gogoratu du Asier nebak. Dena den, egungo taldea 1992an sortu zuten, Iñigo Goikoetxea baxu jotzailea eta egungo emanaldietako aurkezlea ezagutu zutenean. Horrela hasi zuten beren ibilbidea: hirukote forman.

Bi urtez aritu ziren lehen lana prestatzen, eta 1994an atera zuten lehenengo maketa: “Orduko hartan bazeuden Nor-Nori-Nork abestia eta beste”, esan du Gozategik. Aurreneko lanak “arrakasta” izan zuela dio: “Orduan izan genuen aukera disko bat grabatzeko”.

Hasiera horietan zeudela egin zieten lehenengotariko elkarrizketa hedabide batean —Euskadi Irratian—, eta taldekideak ondo gogoan du ea bere ametsa zein zen galdetu ziotela. “Nik esan nuen ordutik hamabost urtera Gozategi talde izaten jarraitzea zela nire ametsa”. Elkarrizketa horretatik hiru hamarkadatara, pozik dago: “Eta begira, amets hori bi aldiz bete da…”.

Geroztik, Gozategi taldea 30 urtean aritu da plazaz plaza, eta inoiz baino interes eta indar handiagoa ari dira sumatzen jendearen artean. Beren arrakastaz galdetuta, “formula sekreturik” ez dagoela adierazi du Asier Gozategik, berak ere ez baitu ulertzen taldea izaten ari den gorakada. Pandemiak zerbaitetan lagunduko zuela azaldu du, baina beste guztia zerk eragindakoa den, ezin jakin, aitortu dunez. Oraingoz, olatuaren aparrari eutsiko diote.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

<b>Amurrioko saioa.</b> Joan den larunbateko saioa, Amurrioko Bañueta kiroldegian. ©GARI GARAIALDE

Iristen aurren, eta joaten azken

Miren Mujika Telleria

Baionan jokatuko da gaur Bertsolari Txapelketa Nagusiko bigarren itzuliko bigarren saioa. Ohi bezala, 17:00etan hasiko da. Aulki, soinu eta foku; pronto izango dira den-denak ordurako. Bertsozale Elkarteko ekoizpen taldeak du horren ardura. Zein da, baina, horren atzean dagoen inurri lana?
Indar Trabesen lehen kontzertua fikzioan irudikatzen, herenegun, Mutrikuko Venezia diskotekan. ©JON URBE / FOKU

Itoiz taldearen lehen printzak

Jone Bastida Alzuru

Doxa ekoiztetxea eta Larraitz Zuazo zuzendaria Itoiz taldeari buruzko pelikula bat prestatzen ari dira, dokumentalaren eta fikzioaren artean mugitzen dena. Mutrikun izan dira filmatzen.

Ekoetxea Urdaibaik hizkuntza indigenen erakusketa bat jarri du ikusgai. ©Monika del Valle / Foku

Hizkuntza jasangarriak

Amaia Igartua Aristondo - Bizkaiko Hitza

Busturiko Urdaibaiko Ekoetxeak erakusketa batean bildu ditu 11 hizkuntzatan emandako testu batzuk eta haien euskarazko itzulpenak: 'Hizkuntza indigenak, Ama Lurra zaintzen'. Abenduaren 18ra bitartean bisitatu ahalko da.

 ©Andoni Canellada / FOKU

Sustrai Colina: «Lanketa guztiak abiatzen dira pertsona gisa zaren horretatik»

Joanes Etxebarria - Ipar Euskal Herriko Hitza

Sustrai Colina Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalista izan da azken bost aldietan. Aurten, finalerdien lehen itzuliko saioa irabazi du, eta gaur Baionan kantatuko du, bigarren itzulian. Gogo «handiz» ariko da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...