Euskaltzaindia

Castillo Suarez euskaltzain oso izendatu dute

Patxi Zabaletak euskaltzain emeritu bilakatzean utzitako hutsunea beteko du

Castillo Suarez. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
gotzon hermosilla
2022ko irailaren 30a
12:15
Entzun

Castillo Suarez idazlea (Altsasu, Nafarroa, 1976) euskaltzain oso izendatu dute, Euskaltzaindiak Nafarroako Parlamentuan egindako osoko bilkuran. Joan den maiatzean, Patxi Zabaleta euskaltzain emeritu bihurtu zen, eta hark utzitako hutsunea beteko du Suarezek aurrerantzean.

Castillo Suarez Garcia Euskal Filologiako lizentziaduna da, eta toki administrazioko euskara teknikari dihardu. Batez ere, poesia idatzi du: Souvenir (2008, Elkar), Urtebetetze festa (2012, Elkar), Irautera (2019, Elkar) eta Elurra elurraren gainean (2022) dira haren lanik entzutetsuenak. Hedabide ugaritan kolaboratu du, eta haur literatura ere jorratu du. Euskaltzain urgazlea da 2016tik, eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea 2021etik.

Orain, Suarezek zortzi hilabeteko epea izango du sarrera hitzaldia prestatzeko, eta epe bera izango du erantzunezko idazkia egin behar duen euskaltzainak berea prestatzeko. Gero, harrera ekitaldia egingo zaio.

Gaur egun, 22 euskaltzain osok, 10 euskaltzain emerituk, 145 euskaltzain urgazlek eta 65 ohorezko euskaltzainek osatzen dute Euskaltzaindia. 22 euskaltzain osoetatik zortzi emakumezkoak dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.