Ikastolen jaiak

«Aro berriko lehen Kilometroak» ospatu dituzte Ibarran

Eguraldia lagun, jendetza elkartu da Gipuzkoako ikastolen aldeko jaian. Uzturpe ikastolako patioa egokitzeko erabili nahi dute festan lortutako dirua.

Kilometroak jaia, gaur, Ibarran (Gipuzkoa). GORKA RUBIO / FOKU
2022ko urriaren 2a
12:50
Entzun

«Aro berriko lehen Kilometroak». Antolatzaileek horrela izendatu dute behin eta berriz aurtengo Gipuzkoako ikastolen aldeko jaia. Izan ere, gaur Ibarran (Gipuzkoa) ospatu dutena «urte osoan egindako egitasmo sortaren ginga» da. Hala azaldu dute antolatzaileek: «Guretzat ez da egun bakarreko kontua izan, urte oso batekoa baizik».

Eguraldi ederra izan dute lagun Ibarrara joan direnek. Goizean egin dute irekiera ekitaldia, eta aurten ere ez da falta izan azken urteetan klasiko bilakatu den erronka. Bestelako dozenaka ekitaldi ere egin dituzte.

Lau gune izan dituzte aukeran bisitariek; horiek, baina, ez dituzte «tematikoki» edo «adinaren arabera» banatu, beste urteetan egin ohi zen moduan. Denentzako egokiak diren tokiak prestatu dituzte. Hala, Sormena izan da guneetako baten izena: eskultura erakusketa bat egon da ikusgai, eta, horrez gain, tailerrak ere egin dituzte. Bertsoak botatzeko eta zirkua egiten ikasteko aukera ere egon da, besteak beste. Haurren Hirian, berriz, esaterako, Baso magikoa egitasmoa prestatu dute: «Ipuinak, fantasia, irudimena eta abentura izango dira protagonista». Hogei ikastolaren arteko topaketak ere izan dira, askotariko probez osatutakoak, eta Irene Caminosek bizikletarekin erakustaldia eskaini du.

Euskal musikaren ibilbidean, nola ez, musika izan da nagusi. Bizienea izeneko txokoan, nahi duen orok aukera izan du hamabost minutuko emanaldiak emateko. Oholtza bat atondu dute horretarako. Halere, musika ez da eremu horretan bakarrik izan; ez dute kontzertuetarako «gune espezifiko» bat lotu, eta gune guztietan izan dira kontzertuak: Xsakara, Diablues, Xiberoots, Dj Bull, Nikotina, Dupla...

Gastronomia izan da azken gunea, bertako produktuei balioa emateko. 800 lagunentzako paella eta Lumagorri oilaskoa prestatu dituzte, eta herriko plazan Pipar gunea ere izan da.

Irribarra lelopean osatu dute jaia, eta bide horretatik doa kantaren mezua ere: «Ibarra da irribarra». Ikastolaren eta herriaren «izaerara eta balioetara» egokitzen den festa diseinatu dute, eta, antolatzaileek azaldu dutenez, hizkuntzarekiko eta kulturarekiko sentipena indartu asmo dute: «Atxikimendu hori gure lurrarekiko dugun loturan irudikatu nahi izan dugu». Hainbat alderditan jarri dute arreta: artea, gastronomia, kulturartekotasuna, aniztasuna, ikasleen topaketak, kirola...

Gaur bildutako dirua Uzturpe Ikastolaren patioa eraberritzeko erabili nahi dute.

Ikusi gehiago:«Urte luzea, interesgarria eta polita izaten ari da»

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.