Gerra Ukrainan

Errusiako Behe Ganberak berretsi egin ditu Ukrainan okupatutako lurrak anexionatzeko itunak

Kremlinek onartu du ez duela argi zein diren anexionatutako lurren mugak. Errusiera izango da hizkuntza ofiziala, eta errubloa dibisa nazionala, 2023tik aurrera. Zelenskik esan du Ukrainako armadak eremu gehiago «askatu» dituela herrialdearen ekialdean eta hegoaldean.

Errusiako bandera, Errusiako Behe Ganbera eraikinaren gainean, Moskun. YURI KOCHETKOV / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko urriaren 3a
12:04
Entzun

Espero bezala, Errusiako Behe Ganberak aho batez onartu ditu Ukrainan okupatutako Kherson eta Zaporizhia probintziak, eta Donetsk eta Luhansk herri errepublikak Errusiako Federaziora batzeko itunak, Vladimir Putin Errusiako presidenteak joan den ostiralean lau eskualde horiek anexionatzeko hitzarmenak sinatu ondoren. Hala jakinarazi du TASS Errusiako berri agentziak.

Kremlinek azaldu duenez, Donetsk eta Luhans herri errepublikek 2014ko mugak izango dituzte; Zaporizhiaren kasuan, bere muga administratiboen barruan egingo du bat Errusiarekin; Khersoni, berriz, erreferendumetan parte hartu zuten Mikolaiv oblasteko bi barruti —Snegirevka eta Aleksandrovka— lotuko zaizkio, eta gisa horretara anexionatuko du Errusiak.

Hala ere, Errusiako Gobernuaren bozeramaile Dmitri Peskovek aitortu du Kherson hegoaldeko eta Zaporizhiako mugak ez daudela guztiz zehaztuta, eta eremu horietako herritarrei kontsulta egiten jarraituko duela Moskuk, mugak erabat zehazte aldera. Ez du argitu, ordea, kontsulta horiek nolakoak izango diren. Behin Behe Ganberak itunak onartuta, Errusiako Senatuak bihar berretsiko du anexioa.

Bat egiteko itunez gain, lurralde horiek Errusiako Federazioan sartzeko lege konstituzionalaren proiektuak ere eztabaidatu dituzte Behe Ganberan. Hain zuzen, dokumentu horien arabera, errusiera izango da lau eskualde horietako hizkuntza ofiziala, baina bertako herritarrei beren ama hizkuntzan hitz egiteko eskubidea bermatuko zaie; besteak beste, ukraineraz. Aldi berean, hizkuntza horiek ikasteko eta garatzeko baldintzak sortuko dira. Dibisa nazionala, berriz, errubloa izango da, 2023tik aurrera; aldiz, Ukrainako dibisa, hrivnia, datorren abenduaren 31ra arte erabili ahalko dute.

Halaber, txostenak dioenez, Donetsk eta Luhansk herri errepubliketan eta Moskuren menpean dauden Zaporizhia eta Kherson probintzietan bizi diren errusiar herritarrek «enplegu bermeak» izango dituzte, eta hezkuntzarako dokumentuak «aitortuko» zaizkie, baita beren egoera zibila, lan esperientzia, pentsioa jasotzeko eskubidea, eta laguntza soziala eta medikoa egiaztatzen dituzten dokumentuak ere. Horretaz gain, Donetsk eta Luhansk herri errepublikek eta Zaporizhia eta Kherson eskualdeek beren izena mantenduko dute.

Errusiako Konstituzio Auzitegiak atzo onartu zituen Putinek eta Moskuk Ukrainako eskualdeetan ezarritako buruzagiek ostiralean Kremlinen sinatutako anexio itunak. Halere, Errusiako Behe Ganberako Viatxeslav Volodinek aitortu du Errusiak oraindik ez duela kontrolpean anexionatutako lurralde osoa. «Bai, eskualde horietan borrokak izaten ari dira. Faktore hori kontuan hartu behar dugu, eta gure eskuetan dagoen guztia egitea dagokigu Errusiako Federazioaren lurraldea askatzeko».

Ukrainaren «kontraerasoa», aurrera

Ukrainako armadaren «kontraerasoak» aurrera jarraitzen du etenik gabe. Larunbatean Donetsk eskualdeko Liman hiri estrategikoa «berreskuratu» ostean, Kherson oblasteko Arkhanhelske eta Miroliubivka kokalekuak «askatu» dituela ziurtatu du Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak; baita Donetsk eskualdeko Torske herria ere.

Zelenskik bart gauen egindako agerraldian zehaztu duenez, Ukrainako indarrak Luhansk eskualdeko lurraldearen zati bat berreskuratzeko «ahaleginean» dabiltza. Askatzea lortuko balute, Errusiak ez luke Ukrainako probintzia bat ere menpean izango bere osotasunean; besteak beste, ostiralean formalki anexionatu zituen Kherson, Zaporizhia, Donetsk eta Luhansk oblastak.

Ukrainako presidenteak, bestalde, nabarmendu du zigortu egingo dituela lau eskualde horietan joan den astean «erreferendumak» antolatzen aritu zirenak. Hala idatzi du Telegramen: «Gure estatuaren aurkako erasoetan lotura izan duen orok ondorioak jasango ditu».

Kargugabetzea

Putinek irailaren 21ean deitutako «mobilizazio partzialaren» harira, Mikhail Degtiarev Errusiako Khabarovsk eskualdeko gobernadoreak iragarri duenez, Errusiako ekialdeko erakunde federatu horretako komisario militarra, Yuri Sergueyeevitx Laiko, kargutik kendu dute, milaka herritar «modu irregularrean» mobilizatzeagatik. Gobernadoreak argudiatu duenez, Laikok «hutsegite ugari» egin zituen mobilizazio partzialaren esparruan erreserbistek izena emateko prozesuan.

Degtiareven esanetan, Khavarovsko milaka erreserbistak zitazioak jaso zituzten lehen hamar egunetan, eta erregistro eta izen emate militarreko bulegoetara heldu ziren. «Erdiak, ordea, etxera bidali genituen, ez zituztelako betetzen soldadutzan sartzeko irizpideak».

Bestalde, Errusiako Gobernuak errefusatu egin du Txetxeniako buruzagi Ramzan Kadirovek Ukrainan bonba nuklear bat jaurtitzeko egindako gomendioa, Errusiako armada jasaten ari den «galeren» aurrean. Kremlineko eledun Dmitri Peskovek esan du Moskuk «ikuspegi orekatua» bermatu nahi duela, eta ez «emozioetan oinarritutakoa».

Bitartean, Kremlin adi-adi begiratzen ari zaio Ukraina NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundean sartzeko prozesuari. Peskovek adierazi duenez, otsailaren 24an «operazio militar berezia» abiatzearen arrazoietako bat izan zen Ukrainako Gobernuak aliantza militarrera batzeko asmoa izatea. Horrekin lotuta, Zelenskik joan den ostiralean iragarri zuen NATOko kide bihurtzeko eskaera egingo dutela, horretarako urgentziazko prozedura erabilita. Erakundeko idazkari nagusi Jens Stoltenbegek, berriz, esan zuen Ukraina babesten jarraituko dutela. Halere, gogorarazi zuen garrantzitsuena dela Kievi berehalako laguntza ematea inbasioari aurre egiteko, eta iradoki Ukraina erakundean sartzea ez dela lehentasuna orain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.