Langile publikoak

ELAk greba giroa zabalduko du sektore publikoan, KPIaren igoera bermatzeko

Kontaktuak hasi ditu beste sindikatuekin, baina LABek nabarmendu oraindik ez duela bat egin eta publikoki kritikatu du ELAk alde bakartasunez eman izana greba asmoen berri.

Greba egun baten berri ematen duen afixa, Donostia Ospitaleko sarrera nagusian. JON URBE / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2022ko urriaren 3a
13:33
Entzun

ELAk mobilizazio eta greba hotsa eraman du euskal sektore publikora. KPIaren araberako soldata igoerak eta oro har funtzionarioen baldintzak hobetzeko mobilizazioak prestatzen ari da. Udazkenera begira ari da mugitzen, eta dagoeneko hasi ditu harremanak beste sindikatu batzuekin. Aste honetan zerbait gehiago zehaztea espero du Igor Eizagirre ELAko sektore publikoko arduradunak. Dena den, aurreratu du euskal eremuko beste sindikatuengandik harrera ona jaso duela eta «ados» egon daitezkeela. Ez ordea estatu osoko sindikatuengandik.

Eizagirreren baikortasunak, baina, ez du bat egiten Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiaren ustearekin. Aranburuk nabarmendu du haien ustez ere greba egiteko arrazoiak daudela, eta bat egin du aldarrikapenetako askorekin. Hala ere, zehaztu du oraindik ez dutela erabaki zer egin, eta ELA kritikatu du deialdi posiblearen berri emateko moduarengatik: «ELAk lehenetsi duena da alde bakarrez bere deialdia egitea interes korporatiboa erdigunean jarriz, interes orokorraren gainetik».

Moduan bat egin ez arren, sakoneko kritikan bat datoz LAB eta ELA. Eizagirre: «Urkulluk gezurra esan zuen iragan astean. Ez da egia langile publikoen baldintzak hobetu ahal izatea Espainiaren esku bakarrik dagoenik». ELAko ordezkariak azaldu du Jaurlaritzak baduela funtzionarioen baldintzak zehazteko eskumena, horrela egiten baitzuen «lehen», 2010eko krisiaren aurretik, eta orain egiten ez badu «borondate faltagatik» dela. Era berean, azaldu du Nafarroako Gobernuak ahalmen bera duela.

Erakunde publikoek azken asteetan sektore publikoen lan baldintzen inguruan eginiko iragarpenak baloratu ditu ELAk. Urkullu lehendakariak iragan astean azaldu zuen Espainiako Gobernuak adosten zituen soldata eguneraketan aplikatuko zituela. CCOOk eta UGTk hiru urtetan %9,5 igotzea onartu dute; ez ordea CSIF funtzio publikoko sindikatuak. Eskaintza hori KPIaren oso behetik legoke, bai behintzat lehen urtean (%9koa izan da irailean). Mezu politikoz beteriko irakurketa egin du sindikatuak, eta «koherentziarik eza» egotzi die EAJri eta EH Bilduri: «Alderdiek Madrilen esku utzi dituzte langile publikoen inguruko erabakiak. Orain aurrekontuak negoziatzen ari dira, eta KPIaren araberako igoerak aplikatzea ezinbesteko baldintza izan beharko luke aurrekontu horiek babesteko».

Estu hartu ditu alderdiak, «ezin da esan zerbitzu publikoen indartzearen alde daudela eta gero %20ko erosahalmen galera babestea», salatu du Miren Zubizarreta ELAko hezkuntza arduradunak. Eskaera zehatzak egin dizkie alderdiei. Soldatei dagokienez, esaterako, 2023ko lan baldintzak Euskal Herrian negoziatu daitezela eskatu die: 2022rako KPIa bermatu beharko lukete, eta azken hamarkadetan galdutako erosteko ahalmena negoziatzeko konpromisoa.

Beste eskaerak enpleguari buruzkoak dira: behin-behinekotasuna %6tik jaisteko finkatze prozesuak bultzatzea eta erreposizio tasak kentzea. «Ezin da onartu Madrilek erabakitzea Euskal Herrian zenbat erizain edo udaltzain izan ditzakegun», kritikatu du Zubizarretak. Sindikatuaren arabera, Gernikako estatutuak ahalmen hori aitortzen die Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeei, baina haiek uko egin diete.

%16ko erosahalmen galera

Balorazioarekin batera, ELAk publiko egin du Hego Euskal Herriko langile publikoen soldatak azken urteetan izandako bilakaeraren bere argazkia. Sindikatuaren arabera, 2010az geroztik langile publikoek %16ko erosahalmen galera izan dute KPIarekin alderatuta, eta baliteke 2023an galera hori %20ra iristea. Era berean, zehaztu dute Hego Euskal Herrian langileen %12k dihardutela zuzenean sektore publikoan, eta Europan batez bestekoa %20koa da. Alde horren azalpena azpikontrataturiko langileetan dago, guztira 120.000 baitira. Aldi berean, ELAk gogorarazi du 60.000 behin-behineko langile daudela sektore publikoan; horietatik 24.000, Osakidetzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.