Kultura

EKT graduondokoak kulturgintzaren gaur egungo galderei helduko die

Joseba Sarrionandia, Saioa Alkaiza, Usoa Zumeta, Ttittika Rekalt, Dana Moya, Garazi Arrula eta beste ariko dira hizlari bederatzigarren edizioan. Ostegunean itxiko dute izena emateko epea.

Joseba Sarrionania, Usoa Zumeta, Juan Antonio Urbeltz, Saioa Alkaiza, Iker Galartza eta Olatz Arrieta. BERRIA
itziar ugarte irizar
2022ko urriaren 3a
14:27
Entzun

Jakintza bildu, antolatu, eta garaian garaiko galderen inguruan eztabaidatzeko inguru bat sortu. Horixe izan da Euskal Kulturgintzaren Transmisioa (EKT) graduondokoaren asmoa sorreratik —2007-2008ko ikasturtean jarri zuten martxan—, eta asmo horrexekin helduko da bederatzigarren ediziora aurten. «Aro aldaketa batean gaude, zentzu askotan, baita belaunaldi aldaketa bat ere; eta gurea bezalako herri batean, ideien transmisioa formalki bermatzea oraindik derrigorrezkoa den jarduera bat da», kokatu du egitasmoa Iñaki Urruzola haren koordinatzaileak. Euskalgintzan zein euskal kulturgintzan horretarako tradizioa egon ere egon dela azaldu du. «Duela mende bat Eusko Ikaskuntza sortu zenean, esaterako, edo orain, beti egon da ezagutzaren parnasoan eguneratuak egoteko ahalegina, eta, gutxi-asko, EKT-k horri erantzun nahi dio».

Mondragon Unibertsitateak eskaintzen du graduondokoa, Eskoriatzako (Gipuzkoa) Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Urrian hasi eta maiatzera bitarte, bederatzi asteburu hartuko ditu aurtengoak —hilean bat, salbu eta urtarrilean, bi asteburuz egingo baitute orduan—, eta etzi, ostegunez, itxiko dute izen ematea.

Asteburuz asteburu, hainbat hizlari ariko dira, beraz, kultur komunitate minorizatu bateko parte izateaz, gaurko munduaren erronkez, herri gisa transmititu nahi denaz. «Gizartean eztabaida asko daude zabalik, baina kulturgintza ez da, ziurrenik, zentraletakoa; pandemiak ere argi utzi du kulturak duen lekua, edo ezlekua. Baina, aldi berean, jendea tematzen da bere sormen lanean, bere galderetan, bizitzarekin konektatzeko moduetan, ekarpenetan... Belaunaldi bakoitzak egiten du hori. Gure lana galdera, gai, prisma ezberdinak konbinatzen saiatzen da; edizio lan bat egitea horrekin», azaldu du Nekane Goikoetxeak, gradundokoaren koordinatzailea bera ere.

Hala, hileroko topagunean lur hartzeko asteburua izango da lehenengoa. «Nola gaude?» galderari egingo diote tira, Goikoetxeak aurreratu duenez. «Munduko aldaketen aurrean nola gauden aztertuko dugu; berdin balio du galderak herri ikuspegitik zein plano indibidualetik». Aurrejuzguak baztertu eta entzuteko giro bat sortzen saiatzeko egunak ere izango dira aurrenekoak. «Gaurko gizarteak eramaten gaituen like - don’t like jarreratik urruti, gorputz sozial bat eraikitzera goaz, bai ikasle taldean eta bai hizlariekin». Jose Angel Irigarai, Karmele Jaio eta Joseba Sarrionandia idazleak ariko dira lehen asteburu horretan. Besteak beste, kulturaz eta politikaz ariko da Irigarai; bere fikziozko pertsonaiek islatzen dituzten kezkak aletzeko eskatu diote Jaiori; eta 1997an argitaratutako Hitzen ondoeza hiztegi literarioa gaurkotuko du Sarrionandiak, zortzigarren EKTko ikasle batekin elkarrizketan.

«Kulturaz pentsatzeko oinarriak». Horiek izango dira hurrengo asteburuetan mamituko dituztenak, izan memoria, izan autoritatea, izan emozionalitatea. «Herri bezala zer emoziok mugitu gaituzten eta horiek nola konfiguratu gaituzten aztertuko dugu. Ane Larrinaga etorriko da horretarako, zeina kultur intelektualen emozionalitatea lantzen ari den azken urteetan, beste batzuekin batera». Beste ideia zentral bat ere nabarmendu du Goikoetxeak: kultura kokatuaren kontzientzia. «Mundu globalizatuan gero eta hobeto ulertzen dugu beste kokapen bat duen pertsonaren unibertsoa, eta hori ere gauza ederra da. Euskal kultura erabat unibertsala da, baina erabat kokatua».

Hori erakusten saiatuko dira Iker Galartzarekin ere, esaterako. Gure Zirkua proiektu arrakastatsuaz aritzeko gonbidatuko dute. Urruzola: «Ezin da ulertu Iker Galartza Tolosarik gabe [Gipuzkoa], inauteririk gabe, Errepublika garaian han aurkeztu ziren antzerki horiek guztiak gabe... Horren guztiaren bila goaz, azpikoaren bila».

Olatz Arrieta kazetariak ere hartuko du parte bederatzigarren EKTn. Dimentsio hain handiko erronkak dituen mundu baten aurrean ondare kulturalak zer leku bete dezakeen aztertuko dute harekin; eta ildo bertsutik ariko dira Juan Antonio Urbeltz eta Iban Ayesta ere.

Hiria (Onintza Etxebeste, Joseba Agirreazkuenaga, Ismael Manterola) eta itzulpena (Garazi Arrula, Isabel Etxeberria, Dana Moya) izango dira aurtengo beste bi gai nagusi, eta, aurreko edizioetan hasitako bidetik, familia transmisioa ere aztertuko dute (Usoa Zumeta). Zenbait saio berezi ere prestatu dituzte; Sarrionandia, Andoni Egaña eta Saioa Alkaizak osatuko dutena, kasurako. «Egañak 6.000 plaza egin ditu 40 urtean Euskal Herrian, eta Sarrionandiak 40 urtean 600 egun Euskal Herrian. Euren bizipenetatik ariko dira, eta Alkaizak oso bestelako perspektiba batetik jarriko die gero puntua biei».
Hizlarien zerrenda luzean daude, orobat, Haritz Azurmendi, Jurgi Kintana, Agurtzane Intxaurraga, Titika Rekalt, Pako Aristi, Ximun Carrera, Joanmari Larrarte eta Maria Jesus Aranburu ere.

«Heterodoxian ibiltzeko»
Ikasle bakoitzak proiektu bat aurkeztu beharko du graduondokoaren amaieran, baina aurrez ez da edukiak barneratu eta horiek frogatzeko ariketarik egin beharko. «Eskakizuna beste leku batetik dago; ibiltzeko moduetan, izateko moduetan», esan du Goikoetxeak, eta ikasgela «heterodoxian ibiltzen ikasteko gune» bilakatzea den ideia gehitu du Urruzolak. «Bere gertuko komunitatean eragiten duen pertsona anonimoa izan da, normalean, EKTra hurbildu direnen profila. Lezio bat da hori guretzat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.