Fiskaltzak hamalau eta 34 urte bitarteko zigorrak eskatu ditu 'Sansoheta auziko' hamar akusatuetatik seirentzat

Orotara, hamar gizon eseri dira akusatuen aulkian, baina beste laurek aurreakordioa erdietsita daukate. Adingabeak galbideratzea, sexu abusuak egitea, adin txikikoen aurrean pornografia erakustea eta osasun publikoaren aurkako delituak egitea egozten diete.

Sansoheta auziko epaituak, epaiketaren lehen egunean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2022ko urriaren 3a
16:44
Entzun

Gaur amaitu da Sansoheta auziko epaiketa. Bertan, hamar gizonezko epaitu dituzte, zazpi adingaberen aurkako sexu abusuekin lotuta daudelakoan. Horietako bi adin txikiko Arabako Foru Aldundiaren tutoretzapean zeuden, Gasteizko Sansoheta zentroan, eta akusatuetako batzuk ere bertako langileak ziren. Akusatuetako lauk joan den astean akordioa lortu zuten akusazioekin, delituak onartu baitzituzten. Horrela, zigorra arindu zieten: urtebete eta hamahiru urte bitarteko kartzela zigorrak ezarri zizkieten. Gainerako sei akusatuen zigor eskaerak gaur jakinarazi ditu Fiskaltzak: hamalau eta 34 urte eta sei hilabete bitarteko kartzela zigorrak eskatu ditu haientzat. Clara Campoamor elkartea ari da herri akusazio gisa, eta zigor handiagoak galdegin ditu; hain zuzen ere, 30 urte eta sei hilabete eta 47 urte eta hiru hilabete bitartekoak.

Fiskaltzak zenbait delitu egozten dizkie akusatuei: adigabeak galbidean jartzea, sexu abusuak egitea, adingabeei pornografia erakustea eta osasun publikoaren aurkako delituak egitea. Gaurko saioaren ostean, kasua epaiaren zain geratu da.

Adinaren auzia

Epaiketa joan den astean hasi zen, hamar akusaturekin. Baina lauk akusazioarekin adostasuna lortuta, gainerako seiekin jarraitu dute. Horiek onartu dute sexu harremanak edukitzeagatik ordaintzen zietela, baina ziurtatu dute ez zekitela biktimek 18 urte bete gabe zituztela. Gaurko saioan ere defentsek arrazoi horixe eman dute zigorgabe lagatzeko eskatuz.

Fiskaltzak ikusi ditu gizonok zigortzeko arrazoiak. Gaur ondorioen aurkezpenean esan duenez, akusatuek adin txikikoekin sexu harremanak eduki zituzten, eduki sexualak partekatu zituzten diru truke, eta ez zuten egiaztatu adingabeak ziren ala ez: «Inork ez zuen ardura txikienik ere izan, eta ardura txikiena edukitzea da NANa eskatzea». Gainera, Fiskaltzaren irudiko, 2016an kasua ikertzen hasi zirenean biktimei ateratako argazkietan «ume itxura» zeukaten: «Inork ezin du esan argazki horiek heldu batenak direnik». Biktimek ildo beretik jo dute epaiketan, gehienek nabarmendu baitute ez zeukatela adin nagusikoak izateko itxurarik eta ez zietela NANa eskatzen.

Kasua 2016an egin zen publiko, Sansoheta zentroko zuzendariak salaketa jarri zuenean. Erasoen unean, biktimek 14 eta 17 urte bitartean zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.