Automobilgintza

VWen 43 egun gutxiago lan egitea proposatu du LABek, murrizketak baleude

Sindikatuaren arabera, auto elektrikoaren produkzioari buruzko aurreikuspenik ezkorrenean, 400 eta 600 arteko gehiegizko lanpostu kopurua egon daiteke, eta lanaldiaren murrizketa irtenbide bat litzateke.

Landabengo fabrika. JOXERRA SENAR
joxerra senar
2022ko urriaren 4a
12:09
Entzun

LAB sindikatuak uste du egingarria dela Landabenen urtean 43 egun gutxiagoz lan egitea, bai zuzeneko lanpostuetan, bai eta mantentze lanetan edo tailerretako zuzendaritzetan ere. «Produkzio honek lantegia 218 egunez irekita egotea ahalbidetzen du, eta ez du inongo eraginik produkzio ahalmenean», aipatu du sindikatuak.

Ziurgabetasun egoeran dago Landaben. Auto elektrikoaren zer modelo eta zenbat ekoitziko dituen oraindik zehazteko dagoela, kezkatuta daude Martorellgo fabrikak ekoizpenaren zati bat eraman dezakeelako, konpentsazio gisa —Bartzelonako fabrikan lanpostuen %30 murriztu beharko liratekeela adierazi zuen zuzendaritzak otsailean, hango negoziazio kolektiboan—.

Landabeni talde horrek hornitzen dizkionez motorrak, auto elektrikoaren produkzioak ustez ez du zertan izan hainbesteko eraginik lanpostu kopuruan, baina produkzioaren zati bat Bartzelonara eramateak izan dezake eraginik lan arloan.

LABek kalkulatzen du, aurreikuspenik ezkorrenean, Iruñean 400 eta 600 arteko gehiegizko langile kopurua egon daitekeela eta halako egoera bati erantzuteko neurri egokia izan daitekeela lanaldi murrizketa.

20 egun lan, bost atseden

VWen, urtean 216 egunez egiten dute lan, eta sindikatuak proposatu du 173 egunez lan egitea, urtean 42 egun gutxiago. Batez beste astean 32 orduko lan astea izan arren, fabrikan beste modu batera antolatuko litzateke. Sindikatuak ulertzen du asteroko lanaldia murriztea «hagitz zaila» dela, eta lan egindako 20 eguneko 5 eguneko atsedenaldia proposatu du. Gaueko, goizeko eta arratsaldeko txandetan bost talde antolatuta, egin daitekeela uste du.

Tailerreko zuzendaritzatan edo mantentzeko lanetan egutegia langileen ordezkaritzarekin hitzar daitekeela gaineratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.