Funtzio publikoa

LABek ere mobilizatzera deitu du arlo publikoan, hiriburuetan martxak antolatuz

Ez du onartzen Madrilen erabakitako soldata igoera, «ezta negoziazio markoa ere».  ELAk salatu du CCOOk eta UGTk beste urrats bat egin dutela «pobretze prozesuan».

Langile publikoen protesta bat, aurreko urtean. RAUL BOGA / FOKU
xabier martin
2022ko urriaren 4a
17:37
Entzun

Gehiengo sindikalaren haserrea piztu du Espainiako Gobernuak, CCOOk eta UGTk Hego Euskal Herriko langile publikoentzat Madrilen lotutako soldata igoerak. ELAk asteon jakinarazi du grebak bultzatuko dituela, eta LABek mobilizaziora deitu du segidan, manifestazioak antolatuz Hegoaldeko lau hiriburuetan, hilaren 14rako. «Espainiako Ministro Kontseiluak onartu du langile publikoen lan baldintzen markoa, eta, aurten ere, aurrekontuen legearen bitartez estatu osoko sektore publikoan inposatuko duela ematen du», azaldu du sindikatu abertzaleak, abisu argi bat emanez: «Ez dugu inondik inora onartzen ez negoziazio markoa, ezta bertan erabakitako murrizketak ere».

Madrilgo itunaren arabera, langile publikoek %2,5eko igoera izango dute 2023an, eta %2koa 2024an. 2022rako aplikatu zitzaien %2ko igoerak %1,5eko osagarri bat izango du, gainera, atzerako eraginez: ordain bakar bat izango da. Halaber, 2023an %1 gehiago jasotzeko aukera izango dute, BPGaren eta KPIaren arabera; eta 2024an ere izan daiteke osagarri hori, baina %0,5ekoa.

LABek dio langile publikoek ez dutela erosteko ahalmena berreskuratuko; 2010ean jasan zuten %5eko murrizketaz geroztik pilatuz joan dira erosteko ahalmen horren galera. «Langileok eztabaida antzuen markoan edukitzeko formula bitxiak erabili dituzte berriro, soldata igoerak beti KPIaren azpitik egongo direla bermatzeko».

2010eko kolpe hura

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente zen aroan iritsi zen euskal langile publikoen soldata igoerak Madrilen ezartzeko aldaketa. Atzeraldi Handiaren oldarraldian, 2010ean, %5eko soldata jaitsiera aplikatu zuen orduko PSOEren gobernuak; geroztik, murrizketa gehiago ezarri zituen Madrilek, legezko zenbait aldaketaren bidez. Horietako batek bide ematen du Estatuko administrazio guztietako langile publikoen soldata igoera Espainiako Aurrekontu Orokorren araberakoa izateko. Alegia, Madrilek erabakitzen ditu Hegoaldeko langile publikoen igoerak.

Eta 2024ra arte behintzat Espainiako Gobernuak ezarriko ditu, baldin eta Hegoaldeko gobernuek ez badute urratsik egiten soldata igoeren erabakigunea aldatzeko. Ez dute erakutsi, ordea, norabide horretan joateko asmorik. Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak esan du ELAren greba asmoak «harriduraz» hartu duela, baita «euskal sindikalismoaren errealitateak ere». LABek «interes korporatiboa» egotzi dio ELAri, greba dinamika bere kabuz erabakitzeagatik, eta Zupiriak kritika horri erreparatu diola ematen du. Baina LABek ere mobilizatzeko urratsa egin du, urriaren 14rako eremu publikoko delegatuak deituz manifestatzera, lau hiriburuetan: Iruñean, Nafar Gobernuaren aurrean (11:00); Gasteizen, Plaza Berrian (11:30); Donostian, Gipuzkoa Plazan (11:30), eta Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzan (11:30).

Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako 160.000 langile publiko ingururi eragingo die Madrilgo erabakiak, eta horiei gehitu behar zaizkie elkarte publikoetako beste 40.000 langile inguru. ELAk berriro ohartarazi du mobilizazioak bultzatuko dituela akordio hori Euskal Herrian aplikatu ez dadin. Mitxel Lakuntza buru duen sindikatuak uste du Espainiako Gobernuak, UGTk eta CCOOk «langile publikoen pobretze prozesuan beste urrats bat» egin dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.