KOLONBIA

ELNk eta Kolonbiako Gobernuak bake elkarrizketak hasiko dituzte berriro azaroan

Gerrillak eta Bogotak oinarri gisa hartuko dute orain arte adostu dutena. Bi aldeen arteko elkarrizketak 2019an geratu ziren bertan behera. Petrok esan izan du «erabateko bakea» nahi duela

ELN gerrillako kide batzuk gobernuko funtzionario batzuekin hizketan, joan den abuztuan. EFE
Igor Susaeta.
2022ko urriaren 4a
20:20
Entzun

ELN Kolonbia Askatzeko Armadak eta Kolonbiako Gobernuak gaur jakinarazi dute 2019an bertan behera utzitako bake elkarrizketei helduko dietela azaroan. Horren berri emateko agerraldia egin dute bi aldeetako ordezkariek Caracasen. Horretan parte hartu dute, gainera, Venezuelako, Kubako eta Norvegiako ordezkariek, negoziazioen herrialde bermatzaile moduan.

Orain arte bi aldeek adostu dutena oinarri hartuta hasiko dute elkarrizketen fase berria. Ez alde batek ez besteak ez du zehaztu noiz hasiko diren bilera sailak, ezta non egingo diren ere. Adierazi dutenez,egoitzak «txandakatuko» dituzte.

Gustavo Petro Kolonbiako presidenteak sare sozialetan zabaldu du bi aldeek sinatutako dokumentua, eta, horren arabera, azaroko aurreneko astea igarota batzartuko dira atzera. Dokumentu hori sinatu dute, gainera, Eliza Katolikoak eta NBE Nazio Batuen Erakundearen auzirako misio batek ere.

Ikusi gehiago:Haize aldaketa Kolonbian

2018an Ivan Duque eskuinekoa Kolonbiako presidente aukeratu zutenean, hoztu egin ziren akordio bat lortzeko aukerak, eta 2019an bertan behera geratu ziren, gerrillak Bogotako polizia eskola baten kontra atentatu bat egin eta 23 pertsona hil eta gero. Baina Gustavo Petro ezkerrekoa Kolonbiako presidente izendatu zuten joan den abuztuan, eta behin baino gehiagotan adierazi izan du «erabateko bakea» duela helburu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.