THAILANDIA

Polizia ohi batek gutxienez 34 pertsona hil ditu Thailandiako haurtzaindegi batean

Besteak beste, 23 haur hil ditu. Agintarien arabera, erasotzaileak bere emaztea eta hiru seme-alabak ere hil ditu; ondoren, bere buruaz beste egin du. Thailandiako lehen ministroak agindu du erasoa «lehenbailehen» ikertzeko.

jarraia219130.jpg
Mikel O. Iribar.
2022ko urriaren 6a
11:11
Entzun

Gertaera latza jazo da gaur goizean Thailandiako haurtzaindegi batean. Herrialdeko agintariek baieztatu dutenez, Polizia ohi batek gutxienez 34 pertsona hil ditu tiroz Nong Bua Lamphu probintziako (iparraldea) Na Klang herrian. Besteak beste 23 haur hil dituela ziurtatu dute. Horrez gain, beste hamabost lagun zauritu ditu, eta horietatik zortzi «larri» ospitaleratu dituzte.

Gobernuak zehaztu duenez, ustezko erasotzailea —Poliziako teniente jeneral ohia—, arma batekin eta arma zuri batekin sartu da zentroan. Hil dituenak hil eta gero, ihes egin du. Hain zuzen, agintarien arabera, 34 urteko gizonezkoa etxera joan da, eta, bertan, bere emaztea eta hiru seme-alabak hil ditu. Jarraian, bere buruaz beste egin du.

Aurretik, Pratuyh Chan Ocha Thailandiako lehen ministroak Polizia buruari agindua emana zion erasotzailea aurkitzeko eta atzemateko. Lehen ministroak erasoa «lehenbailehen» ikertzeko agindu du, eta doluminak eman dizkie biktimen familiei. Ustezko egilea Polizia kargutik kendu zuten joan den urtean, droga trafikoko kasu batekin zerikusia izatea egotzita.

Tiroketa masiboak ez dira oso ohikoak izaten Asiako herrialde horretan. 2020an, soldadu batek 21 pertsona hil eta beste dozenaka zauritu zituen Nakhon Ratchasima hirian (erdialdea).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.