Zergak

ELAk uste du inoiz baino premiazkoagoa dela zerga erreforma bat

Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta aldundiak kritikatu ditu kapitalaren gaineko zergak handitu nahi ez dituztelako.

Mitxel Lakuntza eta Mikel Noval, gaur, Bilbon. ELA
Iker Aranburu.
2022ko urriaren 6a
12:22
Entzun

Sindikatuen ohiko eskaera da zerga erreforma sakon bat egitea, errenta handia dutenek eta enpresek beren mozkinen zati handiago bat ordain dezaten. Erreforma hori, baina, «inoiz baino premiazkoagoa» iruditzen zaio Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiari, salatu ohi duen betiko arazoari —zerbitzu publikoen hobekuntzaren finantzaketa eskasa— beste bat gehitu baitio: funts publiko handiak behar direla trantsizio ekologiko eta energetikoa «kontrol sozialarekin egiteko».

Sindikatuaren Bilboko egoitzan egindako agerraldian, Lakuntza bereziki kritikoa izan da Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin. «Geldikeria» egotzi dio, eta gaineratu du horren onuradunak enpresa handiak direla. «Hitz hutsak erabiltzen ditu, erantzukizuna edo ondorioak neurtzeko premia aipatzen du, adibidez, neurriak hartzeari uko egiteko».

Bi izen espresuki aipatu ditu ELAko idazkari nagusiak: Iberdrola eta Petronor: «Mozkin handiak izanik, ez dute ia ezer ordaintzen zergetan, eta uko egiten diote gizarte beharrei eta politika publikoen finantzaketari egiten dieten ekarpena handitzeari». Egoera are mingarriagoa egiten zaio orain ELAri, Mikel Noval azterketa bulegoko buruaren hitzetan, «Nazioarteko Diru Funtsa eta Europako Batzordea erakundeak energia enpresek ordaintzen dituzten zergak handitzeko beharrean planteatzen ari direnean».

Sozietate zergan, %7,6

ELAko ordezkariek 2021 hasieran zabaldutako datu bat gogorarazi dute: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 22 enpresa handienek beren irabazien %7,6 soilik ordaintzen dituzten sozietate zergan. Horren ondorioz, sozietate zergan biltzen den dirua barne produktu gordinaren zati txikia da —%1,5 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %1,3 Nafarroan—, eta EBko batezbestekotik oso behera dago, han %2,4 baita. Europako batezbestekoarekin berdinduz gero, 926 milioi euro gehiago bilduko lituzkete Hegoaldeko ogasunek.

Azken urteetan sozietate zergaren bitartez bildutako dirua asko txikitu dela nabarmendu du ELAk: 2007tik 2021era 1.170 milioi euro jaitsi da zerga horren bilketa. Diru horrekin bi aldiz ordaindu ahal izango lirateke oinarrizko gizarte prestazioak (EAEko DSBE eta gizarte larrialdietarako laguntzak, eta Nafarroako errenta bermatua).

Datuok ikusita, ondorio garbi bat atera du Novalek: «Gure agintariak kapitalarekin aliatuta daude: enpresa handiek ez dute zergarik ordaintzen, baina gobernuari diru laguntzak eskatzen dizkiete etengabe, eta AHTa eta alferrikako beste azpiegitura batzuetan milaka milioi xahutzen dituzte».

ELAren proposamenak

ELAk salatu du Urkulluk hainbat gairi buruzko itunak eskaintzen dituenean beti alde batera uzten duela zerga erreforma, eta ez zaio «kasualitatea» iruditzen. «Indar politikoek ez dute gai nagusi hori eztabaidatu nahi».

Edonola ere, sindikatuak hiru proposamen nagusi biltzen dituen zerga erreforma bat eskatu du: enpresek beren mozkinen %25eko gutxieneko tasa efektiboa ordaintzea sozietate zergan; errenta guztiek, kapitalarenak barne, PFEZ errenta zergaren tarifa orokorraren arabera ordaintzea eta ondare zerga bikoiztea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.