Eskaintza politiko berri bat eratu nahi du EH Baik

Lehen kongresua eginen du azaroaren 26an. Txosten politikoa eta organizatiboa eztabaidatzen hasiko da ondoko egunetan

Nikolas Blain eta Anita Lopepe, Baionan egin duten agerraldian. BOB EDME
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko urriaren 6a
17:19
Entzun

Azaroaren 26an Baionan iraganen den kongresuari begira azken fasean sartu da EH Bai. Ondoko asteetan 30 bat bilkura eginen dituzte herrietan txosten politikoa eta organizatiboa aurkeztu eta eztabaidatzeko, eta interneteko plataforma bat ere irekiko dute hala nahi duenak emendakinak egiteko aukera izan dezan. Ondoko egunetan egin beharrak dituzte publiko bi dokumentuak. Ekaineko zenbaketaren arabera, 300 kide ditu EH Baik, baina ezkerreko abertzaleen ideiekin bat egiten duten guziei ireki nahi diete eztabaidan parte hartzeko aukera. EH Bai sortu denetik, 700 eta 800 pertsona artean afiliatu da mugimendura, eta uda honetan errolda bat egin dute herrietan: bi mila pertsonako zerrenda osatu dute, eta kongresuan parte hartzeko gomita bidali diete. Hala, kongresurako kidetza berezi bat sortu dute: hogei euro edo euskoren truke, eztabaida prozesuan parte hartzeko aukera izanen du hala nahi duenak. «Izan herrietako hauteskunde plataformetan edo etxebizitza plataforman adibidez, badira elkarrekin bidea eginik ere oraindik EH Baiko kide izateko urratsa egin ez dutenak. Atea ireki nahi diegu erakusteko lekua badutela», azaldu du Nikolas Blainek. Beste adibide bat eman: ekainean Frantziako Asanblearako hauteskundeetan aurkeztu zituzten sei hautagaietarik hiru baizik ez ziren EH Baiko kideak. «Bidelagun horiei egiten diegun gomita da».

Hamabost urteko ibilbidearen ondotik, EH Baik egiten duen lehen kongresua da azaroaren 26an bukatuko den hau, eta prozesu parte-hartzailearen ondotik eskaintza politiko «berritu» batekin atera nahi dute; 2020-2026rako bide orri politikoarekin. Azken urteetan hauteskundeetan izan duten «gorakada» azpimarratu du Blainek, eskuineko blokearen gibeletik «bigarren indarra» direla baieztatuta: «sinesgarritasunean gora egin dugu». Era berean, Frantziaren «mespretxua» eta Ipar Euskal Herriak dituen beharrei emandako «erantzunik eza» deitoratu ditu. «Gure proiektuak Euskal Herria bere osotasunean hartzen du, eta bertako herritar eta eragileekin eraiki nahi dugu».

Txosten politikoan eztabaidagai izanen dituzten elementuak aletu ditu Anita Lopepek. Gehiengoak osatzean ardaztu nahi ditu, bai karrikan eta baita instituzioetan ere, Ipar Euskal Herria «ahots bakarrez» mintzatu dadin Parisen aitzinean. «Hainbat borroka gehiengo sozial eta politikoak osatuz eraman behar direla uste dugu, baina hauteskundeen lehiara ere eraman nahi dugu logika hori, garaipen politiko berri batzuei atea irekitzeko», esplikatu du. Ezkerreko beste indar politikoekin elkarrizketak eramanen dituzte, beti ere ezkerreko abertzaleen proiektuarekin «koherente» geldituz. Azken urteetan lan eskema horren baitan izan dituzten «lorpenak» goretsi ditu. Horrez gain, Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidearen aldarrikapenari indar berria emateko borondatea ere erakutsi dute EH Baiko kideek, EH Bildurekin duten akordio estrategikoan aitzina eginez.

Estatus politiko berria

EH Bairen iritziz, estatus politiko berri batera iragan behar da Ipar Euskal Herria, gaur egun duena baino konpetentzia gehiago eskuratuta. «Orain dela urte batzuk, estatus bereziko lurralde kolektibitatearen aldeko gehiengo bat osatu zen, baina anartean Euskal Hirigune Elkargoa sortu da. Eguneratze bat beharrezkoa da», esplikatu du Blainek. Garai hartako aldarrikapena berriz hizpide hartzearen alde egin lezake EH Baik, baina estatus politikoaren berritzean eman nahi dute azpimarra oraingoz, helburu horren inguruko indar metaketa lehenetsita. Gaur egun geldirik dagoen Batera plataformaren eredua aipatu du Blainek: «Aldarrikapen amankomuna eta ahots bakarrarekin mintzatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.