Txakur Gorria

Unean uneko argazkiei beste arnasaldi bat

'Denboraz, galde-erantzunen bilduma'' liburua eman du Txakur Gorriak. BERRIAn idatzitako zutabeen txatalak testu eta ilustrazio berriekin josiz, denboraren joanaz gogoeta egin dute. Txakur Gorriaren webgunean, BERRIAren online dendan eta Durangoko 57. Azokan egongo da eskuragarri.

Ainhoa Sarasola.
2022ko urriaren 6a
18:37
Entzun

Hiru ikasturte dira Txakur Gorria sormen kolektiboa BERRIAko Bi Tarte atalean kolaboratzen hasi zela. Igandero, iritzi zutabe ilustratu bat plazaratu du ordutik Malen Amenabar Larrañagak, Mariñe Arbeo Astigarragak, Nerea Ibarzabal Salegik eta Ane Labaka Mayozek osatutako laukoteak. «Iritzi zutabeek denbora tarte jakin baten argazkia eskaintzen dute: momentuko gertaerek eragindako hausnarketa puntualak, zein egiturazkoak edo orokorragoak izan daitezkeen gaiei buruzkoak», azaldu du Ibarzabalek. Igandez igande pilatutako materiala ikusi zutenean, «hortik bestelako artefakturen bat» sor zezaketela pentsatu zuten. Eta Denboraz, galde-erantzunen bilduma liburua eman dute orain, BERRIArekin elkarlanean. Txakur Gorriaren webgunean, BERRIAren online dendan eta Durangoko 57. Azokan eskuratu ahal izango da.

Kolektiboan egiten dute lan lau sortzaileek: Amenabar eta Arbeo arduratu ohi dira irudiez, eta Ibarzabal eta Labaka, berriz, testuez. Hala jardun dute egunkarian plazaratutako iritzietan ere. 2019tik 2021era idatzitako testuak «soildu», eta txatalak hartu dituzte oinarri liburua osatzeko, baina laukoteak ohartarazi du ez dela «testu bilduma huts bat». Ibarzabal: «Denboraren joanari berari buruzko gogoeta bat ere bada, hitzezkoa eta irudizkoa; hortik datorkio izenburua ere. Testu eta irudi berriekin josi ditugu lehendik idatzitako testuak».

Hala, Arbeok azaldu du liburua zabaltzean irakurleak «testu laburrak eta irudi zabalak, nasaiak» aurkituko dituela. «Arnasa darion liburu bat da, denboraren baretasun geldiezin hori harrapatzen saiatzen dena. Inurriz estalitako janaria, paisaia gautarrak, sukalde hutsak, errepideak, korridoreak, hegaztiak...».

Galdera eta irudi berriak

Labakak azaldu duenez, material guztia bildu ostean testuak gaien arabera multzokatzea izan zuten lehen lana. «Ikusi genuen bazeudela kezkatzen gaituzten edo zeharkatzen gaituzten hainbat gai, modu batera edo bestera, aldiro agertzen zirenak gure iganderoko kolaborazio horietan». Arbeok gogora ekarri du zaintzaz, gorputzaz, diruaz, zapalkuntzaz eta pribilegio anitzez aritu izan direla batez ere urteotan, «feminismoak eskainitako iturri eta esperientzietatik edanez askotan». Gai horiek denak «pandemiaren iragazkitik pasatuta» ageri dira 2020. urteko testuetan; «ezinbestean», haren esanetan: «Urte hartan sentitutako ezintasunak eta sentimendu ilunxeagoak ere harrapatuta geratu dira liburuan».

Egunkarian plazaratuz joan diren ilustrazioak bildu ordez, berriak ondu dituzte libururako. Baita testu berri batzuk idatzi ere. Izan ere, gaiaren araberako testu multzo bakoitzetik besterako bidea irekitzeko, kontakizun laburrak nahiz askotariko galderak eraman dituzte hori biziko orrialdeetara: «Nork eros dezake denbora? Zenbatean saltzen duzu zurea?»; «Nola egiten da denbora gorputz? Nola eskaini gorputzari denbora?»; «Zenbat denbora egon daiteke bat Marina Abramovicen begietara begira?»; eta beste asko. Liburua denboraren joanaren inguruko hausnarketa orokorrago bat egiteko abiapuntu bat izateko nahiari erantzuten dio erabakiak, Labakak azaldu duenez. «Iruditu zitzaigun polita izan zitekeela multzo bakoitza denborarekin lotutako galdera iradokitzaile batzuekin hastea, beste testu zati batzuk gehitzea...».

Eta gogoeta berari erantzuten diote irudiek ere, Arbeoren hitzetan: «Denboraren joana agertzen duten irudiak dira; ez dira pertsonak agertzen, baina bai haien igarotzea toki horietatik, eta, nolabait, testuaz aparteko kontakizun bat kontatuz doaz».

Taldearen izenean, BERRIAri eskerrak eman dizkio Labakak; nabarmendu du kolektibo gisa aritzeari garrantzia ematen diotela eta lau kideek batera jarduteko aukera eman diela. «Bi Tarte atala erakusleiho itzela izan da guretzat, beste hainbat espaziotara iristeko bitarteko gisa balio izan digun plaza ederra».

Arnasa hitza aipatu du Ainara Lasa Perez BERRIAko marketin arduradunak ere, iritzita liburuaren gakoetako bat kontzeptu horrexek laburbiltzen duela. «Informazioa horren azkar iraungitzen den garai hauetan, interesgarria da ikustea idatzitako zerbaitek bizitza berriak har ditzakeela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.