Albistea entzun

Energia krisia

Bi urtean energia kontsumoa %10 murriztea helburu Frantzian

Neurritasun energetikorako plana aurkeztu du Frantziako Gobernuak, eta jarrera aldaketa eskatu die herritarrei, inor behartu gabe argindar eta gas kontsumoa murrizteko. Berokuntza 19 gradura mugatzea da neurri nagusia.

Elisabeth Borne, Frantziako lehen ministroa, artxiboko irudian.
Elisabeth Borne, Frantziako lehen ministroa, artxiboko irudian. SARAH MEYSSONNIER / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Irune Lasa -

2022ko urriak 6

Ekitaldi handi batean aurkeztu nahi izan du Frantziako Gobernuak bere neurritasun energetikoaren plana; hain zuzen, egitasmoaren helburuak beteko badira funtsezkoa izango dela herritarren jarrera. Gaurkoan behintzat Matignonek «pedagogia eta bultzadak» erabiliko dituela esan du, ez duela inor behartuko. Hori bai, iragarri du energia aurrezten duten etxebizitzek hobariak izango dituztela energia konpainietatik.

Anbizio handiko helburuak ditu neurritasun energetikorako planak: bi urtean herrialdearen argindar kontsumoa %10 murriztea; hots, 50 terawatt-ordu gutxiago erabiltzea, gaur egun 1.600 terawatt-ordu kontsumitzen dituen Frantzian. Aurrera begira, 2050. urterako elektrizitate kontsumoa %40 gutxitzea jarri dute jomugan.

Frantziaren planak antz handia du Espainiako Kontingentzia Planarekin. Biak ala biak datoz negu honetarako Europako Batasunak gas kontsumoa murrizteko herrialdeei emandako aginduaren harira. Baina Frantzian funtsezko garai batean dator.

Lehenbailehen

Neurritasunaren ideiak garrantzi berezia hartzen du orain, negua datorren honetan, Ukrainako Gerrak piztutako krisi energetikoari batu zaionean Frantziako erreaktore nuklearren erdia baino gehiago geldirik egotea. Emmanuel Macronek berak gaur ere dei egin die frantziarrei, eta bereziki enpresei, neurritasunerako pausoak eman ditzaten.

«Nazio osoak %10eko helburu hori betetzea lortzen badu, borondatearekin —ez dago beharrik lege dekretuetarako edo gauza konplikatuetarako— denok mobilizatzen bagara betetzeko, egoera okerrenean ere negua igaroko dugu», esan du. «Hori da gure patuaren jabe egiten gaituena». Macron bera, dena den, ez da neurritasun planaren aurkezpenean izan, Pragan izan behar baitzuen, Europako Komunitate Politikoaren lehen bileran. Macronen faltan, hamar ministrok egin dute hiru orduz luzatu den planaren aurkezpena.

Neurriak

Guztira 60 neurri aurkeztu dituzte. Baina soiltasun energetikorako neurrietan izarra berokuntzarako 19 graduen muga da. Mantra modukoa bilakatuko da Frantziako Gobernuak abiatuko duen kanpaina erraldoian.

Neurri hori hartuko dute, adibidez, Frantziako administrazioan eraikin publikoetako tenperatura 19 gradura mugatuz, hots, aurreko neguetan baino bizpahiru gradu gutxiagora. Etxebizitzetarako 20 eta 19 gradu arteko tenperatura gomendatuko da. Horrek, Gobernuaren arabera, argindar fakturan%5-10 arteko aurrezkia ekar diezaioke kontsumitzaileari.

Horri lotuta, Gobernuak 9.000 euro arterainoko laguntzak eman ditu gas galdarak bero punpekin ordezkatzen dituzten etxebizitzentzat. Berokuntza zentrala duten eraikinetan, berriz, hamabost egunez atzeratuko da haiek pizteko eguna eta beste hamabost egunez aurreratuko da itzaltzeko eguna.

Berokuntzaz gain, administrazioan ur beroa egoteko derrigortasuna kendu egingo da; zerbitzuetako ibilgailuei abiadura muga orduko 130 kilometroetatik 110ra jaitsiko zaie; eta funtzionarioen artean ere telelana bultzatuko dute, laguntzak handituz. Argiterian ere murrizketak izango dira, batez ere gauean.

Saltoki handiek argiteria murrizteko konpromisoa hartu dute, %30 bezeroentzako zabalik dauden orduetan eta %50 itxita daudenean. Gauez eten egingo dute airearen berriztapena, eta neoizko iragarkiak itzaliko dituzte itxita dauden bitartean.

Igerileku publikoetan gradu bat jaitsiko dute uraren tenperatura, eta jacuzzi eta saunak gutxituko dira, baita haien ordutegia ere. Eski estazioetan, erremonteen abiadura eskiatzaile kopurura moldatuko da.

Jarrera

«Jarrera aldaketa» eskatu du Agnes Pannier-Runacherrek, Trantsizio Energetikorako ministroak: «Gure aitona-amonek ondo egiten zutena egin. Zentzuko neurriak dira». Mobilizazio orokorra aipatu du ministroak, eta argitu ez diela ahaleginik eskatuko «jada neurritasun behartuan bizi diren frantziarrei».

«Neurritasuna ez da bizitzeari uztea, neurritasuna ez da desazkundea», argitu du Pannier-Runacherrek. «Oinarria zentzutasuna da, planetaren zerbitzura, beroketa globalaren kontra eta gure independentzia energetikoaren alde».

Klima larrialdiari erantzuteko neurritasun energetikoa orain are beharrezkoagoa bilakatu dela esan du Elisabeth Borne lehen ministroak. «Gerrarekin, larrialdiarekin, trantsizio energetikoarekin, neurritasuna beharra bihurtu da».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Maria Txibite eta Elma Saiz, Kongresuan, Hitzarmen Ekonomikoaren legearen aldaketa onartu zenean irailaren 29an. ©

Nafarroako Gobernuak 2020-2024 eperako ekarpena hitzartu du Madrilekin

Joxerra Senar

Bihar goizean koordinazio batzordea bilduko da eta arratsaldean emango dituzte azalpenak

Langile publikoak, Eusko Jaurlaritzaren administrazio orokorrean satzen ©Raul Bogajo (Foku)

Enplegu publikoaren legea onartu du Eusko Legebiltzarrak, PPri esker

Jokin Sagarzazu

Europako Batasunetik kanpokoek aukera izango dute Osakidetzan eta Ertzaintzan lan egiteko. EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta sindikatuek salatu dutenez, arauak ez du amaiaraziko behin-behinekotasun handia.

Kutxabanken egoitza nagusia, Bilbon. ©Oskar Matxin Edesa (Foku)

Kutxabankek beste 150 milioi banatuko dizkiei dibidentuetan BBK, Kutxa eta Vital fundazioei

Jokin Sagarzazu

Aurten, 322,7 milioi euro jaso dituzte guztira. Dirua egitasmo sozialak garatzeko erabili behar dute.

Bezero bat Gasteizko taberna batean, zerbitzaria eta kutxa erregistratzailea parez pare dituela, artxiboko irudi batean. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Arabadendak-eko negozioen «ia erdiek» ez dute prest Ticket Bai

Aitor Biain

Fakturazio sistema derrigorrezkoa da guztientzat gaurtik Araban. Aldundiak gogorarazi du «arrazoi teknikoak» egiaztatzen dituztenek aldi baterako salbuespena eska dezaketela

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.