Albistea entzun

BAKEAREN NOBEL SARIA

Bielorrusiako, Errusiako eta Ukrainako giza eskubideen aldeko ekintzaileek jaso dute Bakearen Nobel saria

Ales Bialiatski, Memorial erakundea eta Askatasun Zibilen Zentroa saritu dituzte, «giza eskubideen alde aritzeagatik eta boterearen gehiegikerien aurka egindako ahalegin bereziagatik»

Ales Bialiatski
Ales Bialiatski ANDERS WIKLUND / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Mikel O. Iribar -

2022ko urriak 7

Asko ziren hautagaiak: besteak beste, Harx Mander hindua, Ilham Tohti uigurra eta Agnes Chow eta Nathan Law Hong Kongeko ekintzaileak. Bada, Osloko Nobel Institutuak erabaki du 2022ko Bakearen Nobel saria Ales Bialiatski ekintzaile bielorrusiarrari, Memorial Errusiako gobernuz kanpoko erakundeari eta Ukrainako Askatasun Zibileko Zentroari ematea, «gerra krimenen, giza eskubideen urraketen eta boterearen gehiegikerien aurka egindako ahalegin bereziagatik».

«Sarituek beren herrialdeetako gizartea ordezkatzen dute», nabarmendu du Nobel batzordeko presidente Berit Reiss-Andersenek, eta erantsi irabazleek berretsi dutela gizartea «ezinbestekoa» dela bakea eta demokrazia lortzeko. Osloko Nobel Institutuak oharrean dioenez, Bialiatski 1980ko hamarkadaren erdialdean Bielorrusian sortu zen mugimendu demokratikoaren sortzaileetako bat izan zen. «Bere jatorrizko herrialdean demokrazia eta garapen baketsua sustatzeko lanean aritu da». Viasna erakundea sortu zuen 1996an, eta, segidan, giza eskubideen aldeko erakunde bihurtu zen, oinarri zabalekoa. Preso politikoek jasandako torturak salatu eta estatuaren aurkako protestak antolatu zituen.

Bialiatski hiru urtez egon zen espetxean, 2011 eta 2014 bitartean. 2020ko abuztuan, Aleksandr Lukaxenko presidentearen seigarren agintaldiaren aurkako manifestazio jendetsuak hasi zirenean, Viasnak zehatz-mehatz arakatu zuen Bielorrusiako protestetan eta Polizia sarekadetan atxilotutako pertsonen kopurua. «Helburua oso sinplea da: botereari kosta ahala kosta eustea eta gizartean beldurra eragitea hauteskunde hauen faltsifikazioaren aurkako protestarik egon ez dadin», esan zuen Bialiatskik.

2021eko uztailean atxilotu zuten Bialiatski, eta, egun, «prebentziozko» espetxealdian dago. Beraz, preso dagoela Nobel saria jaso duen laugarren pertsona da, Aung San Suu Kyi myanmartarrarekin, Liu Xiaobo txinatarrarekin eta Carl von Ossietzky alemaniarrarekin batera. Gobernuko agintariak behin eta berriz saiatu dira Bialiatski isilarazten. Halere, Nobel Institutuak azpimarratu duenez, bielorrusiarrak «ez du amore eman herrialdeko giza eskubideen eta demokraziaren aldeko borrokan».

Horrekin lotuta, Reiss-Andersenek Bielorrusiako agintariei eskatu die Bialiatski «berehala» askatzeko. «Oslora etortzea espero dugu. Ez dugu ahaztu behar, gainera, milaka preso politiko daudela Bielorrusian. Hori bai, badakit nire nahia ez dela errealista».

Errusiako gobernuz kanpoko Memorial erakundea 1987an sortu zuten Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuneko giza eskubideen aldeko aktibistek, «erregimen komunistak zapaldutako biktimak inoiz ahaztuak ez izatea ziurtatzeko helburuarekin». Memorial erakundea nozioan oinarritzen da, iraganeko krimenak aurrez aurre jartzeko. Epaimahaiak dio erakundeak militarismoari aurre egiteko eta giza eskubideak eta zuzenbidezko estatuan oinarritutako gobernua sustatzeko ahaleginak ere egin dituela. «Errusiako gizarteko ekintzaileak mehatxuen, atxiloketen, desagerpenen eta hilketen biktimak izan dira urte askoan».

Txetxeniako gerretan (1994-1996 eta 1999-2009), Errusiaren aldeko indarrek eta errusiazaleek herritarren aurka egindako gerra krimenei eta gehiegikeriei buruzko informazioa bildu eta egiaztatu zuen Memorial erakundeak. 2009an, Natalia Estemirova Memorialeko Txetxeniako sukurtsaleko burua hil zuten lan horren ondorioz. Hori gutxi ez, eta iazko urte amaieran, Errusiako gobernuz kanpoko erakunde zaharrena iazko urte amaieran desegin zuten Auzitegi Gorenaren aginduz, «atzerriko agentea» izatea egotzita.

Bestalde, Askatasun Zibilen Zentroa 2007an eratu zen, «Ukrainan demokrazia eta giza eskubideen defentsa sustatzeko», eta, azken hilabeteotan, Errusiak Ukrainako herritarren aurka egindako ustezko «gerra krimenak» identifikatu eta dokumentatzeko lan egin du. «Zentroak jarrera sendoa hartu du Ukrainako gizartea indartzeko eta herrialdearen zuzenbide osoko demokrazia bihurtzeko», esan du Nobel batzordeko presidenteak.

Gerraren aurkako «arma»

Askatasun Zibileko Zentroko ordezkari batek, Volodimir Javorskik, esan du saria «garrantzitsua» zela erakundearentzat: «Urte askoan lan egin dugu, ikusezina zen herrialde batean. Ezustekoa izan da saria jasotzea. Dena dela, giza eskubideen alde aritzea da gerraren aurkako arma nagusia».

Gaur saritutako ekintzaileak eta bi erakundeek Maria Ressa —filipinarra— eta Dimitri Muratov —errusiarra— kazetarien lekukoa jaso dute, irabazleak izan baitziren iaz. Sarituei hamar milioi koroa suediar emango dizkiete aurten: 919.000 bat euro. Aurtengo Bakearen Nobel sarirako 342 hautagai aurkeztu ziren; horietatik 251 norbanakoei dagozkie, eta 92, erakundeei. Bakearena orain arte iragarritako sarien artean bosgarrena da, medikuntzako, fisikako, kimikako eta literaturako sarien ondoren.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Turkiaren erasoaren aurkako manifestazio bat, azaroaren 20an, Qamixlin. ©EFE

SDFk jakinarazi du eten egin dituela AEBekin egiten ari ziren operazioak

Igor Susaeta

Milizia kurduak indar nagusitzat dauzkan eta Pentagonoaren babesa duen koalizioak ohartarazia zuen Ankarak eraso bat hasiz gero horri erantzutea lehenetsiko zuela. EIren aurkako borrokari eragingo dio
Turkiaren erasoaren aurkako manifestazio bat, azaroaren 20an, Qamixlin. ©EFE

SDFek jakinarazi dute eten egin dituztela AEBekin egiten ari ziren operazioak

Igor Susaeta

Milizia kurduak indar nagusitzat dituen eta Pentagonoaren babesa duen koalizioa ohartarazten ari zen Ankarak eraso bat hasiz gero horri erantzutea lehenetsiko zuela. EIren aurkako borrokari eragingo dio

Vladimir Putin Errusiako presidentea, gaur, Moskun. ©EFE

Errusiak esan du «negoziatzeko prest» dagoela, bere interesak «bermatzeko»

Mikel Elkoroberezibar Beloki

Ukrainako armadak adierazi du bere tropetako 13.000 soldadu eta 6.000 zibil hil direla gerra hasi zenetik. Haur ugariri hezkuntzarako eskubidea urratu dietela salatu du NBEko batzorde batek.

Boliviar bat Silala ibaitik ura hartzen, Txileko mugatik gertu. ©MARTIN ALIPAZ / EFE

Boliviak esan du Hagako epaiak Silala ibaiko ubide artifizialak eraisteko aukera emango diola

Mikel O. Iribar

Nazioarteko Justizia Auzitegiak ebatzi du Silala ibaia «nazioartekoa» dela, eta Txileri eta Boliviari eskatu die elkarren arteko elkarrizketak «etengabekoak» izateko. Santiagok ez dio kalte ordainik eman beharko La Pazi.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.