Txile

Moai eskultura erraldoiak hondatu ditu suak Pazko uhartean

«Moaiak erabat kiskalita daude», adierazi dute adituek. Suak erosioa eragin die, kristalizatu eta apurtu duelako haien kanpoko geruza. Dozenaka daude kaltetuta.

Rano Raraku sumendiaren magalean dauden moaiak kiskali ditu suak. RAPA NUIKO UDALA
Edu Lartzanguren.
2022ko urriaren 7a
12:37
Entzun

Norbaitek apropos pizturiko su batek «kalte konponezinak» eragin dizkie Pazko uharteko (Txile) hainbat moai eskultura misteriotsuri.

«Moaiak erabat kiskalita daude», adierazi du Ariki Tepano ikertzaileak. Harrizkoak dira moaiak, baina suak erosioa eragin die, kristalizatu eta apurtu duelako haien kanpoko geruza. Oraindik ez dute esan zenbat eskulturari eragin dien suak, baina «dozenaka» direla zabaldu dute Txileko hedabideetan. Uhartean, 1.000 inguru daude.

Sua astelehenean piztu zen, eta 104 hektarea inguru kiskali ditu. Gunea itxi egin dute, kalteak aztertu bitartean. Baina uharteko alkate Pedro Edmundsek adierazi duenez, «suteak eragindako kalteak ez du konpontzerik».

Ozeano Barearen erdian dago Pazko uhartea, Rapa Nui, hango hizkuntzan (8.000 biztanle ingurutik, 5.000 bat mintzo dira rapanui hizkuntzan). Planetan jendea bizi den lekuen artean, bakartuenetakoa da uhartea, hau da, gizakiak bizitoki dituen beste edozein lekutik urrunen dagoena. 163 kilometro koadroko uhartea polinesiarrek populatu zuten, 900-1200. urtearen bueltan. 1250 eta 1500 bitartean, uharteko biztanleek, giza buru itxurako buru erraldoiak harrian lantzeari ekin zioten. Haien zibilizazioa galdu egin zen gero, uharteko natur baliabideak agortu zituztelako, hainbat teoriaren arabera.

Txileko prentsak nabarmendu duenez, suhiltzaile eta boluntario faltak zaildu egin zuen sua itzaltzea. Zabaldu zutenez, bi sute zeuden piztuta astearte goizean, eta horietako batek etxeak kiskaltzeko zorian zegoen, eta bestea, moaiak. Bi basozain, eta sei suhiltzaile boluntario baino ez zeuden lanean, eta azken horiek etxeak salbatzea lehenetsi zuten, parketik hamar kilometrora. Salatu dutenez, agintariek suhiltzaileak su sasoian kontratatzen ditu, eta hori urriaren 15ean hasten da (apirilera arte). Beraz, brigada profesionala ez zen lanean ari.

Rano Raraku sumendiaren magalean dauden moaiak kiskali ditu suak.

Astearte arratsaldean kontrolatutzat eman zuten sua. Agintariek esan dute, apropos piztu zutela sua, larreak garbitzeko lanetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.