Euskal presoak

Urtarrilaren 7an Bilboko kaleak betetzera dei egin du Sarek

Manifestazio jendetsua egin dute Donostian. EAJk bat egin du, baina ez du parte hartuko mobilizazioan.

Jendetza, eguerdiko manifestazioan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Julen Aperribai.
2022ko urriaren 7a
16:55
Entzun

Milaka lagun bildu dira gaur eguerdian Donostian Etxera bidea gertu! lelopean Sare Herritarrak deitu duen manifestazioan. 11:00etan hasi dira Izan Bidea egitasmoari amaiera emateko ekitaldiak, eta hiru zutabek Donostia zeharkatu dute Pio XII.a etorbideraino. Han abiatu dute manifestazioa, eta Ilunbe kanpoalderaino joan dira.

15:30ean dira irekitzekoak Illunbeko ateak, baina ordu pare bat lehenago hasia da festa kanpoaldean. Jendetza gozatzera joan da, eta lanean ere jende asko ari da. 580 lagun inguru dira txandetan daudenak, eta 1.000 lagun inguru, denera, antolakuntza lanetan.

Goizeko manifestazioaren amaieran Bego Atxak eskertu egin dio gehiengo sozial eta politikoari euskal presoen eskubideen alde egindako ahalegina. Ohartarazi du, ordea, urruntze politika amaitzen ari diren arren, oraindik indarrean direla salbuespen neurriak. Giza eskubideen defentsak batzen dituela nabarmendu du, eta aurrerantzean ere eskubide horien alde lan egitera dei egin du, blokeoen gainetik. Urtarrilaren 7an Bilboko kaleak betetzera deitu du Sarek.

Etxera bidea gertu zioen pankarta zeramatzaten manifestazioaren buru zihoazenek. Horien aurretik gaitero eta atabalariak joan dira Illunberaino. Manifestazioaren amaieran Maddalen Lujanbio eta Amets Arzallus aritu dira bertsotan.

Mobilizazioa hasi baino ordu batzuk lehenago, EAJk adierazi du bat egiten duela «Sareren aldarrikapenarekin eta salbuespeneko espetxe legeria indargabetzea exijitu du presoen eskubideak urratzen dituelako». Zehaztu du, ordea, ez duela ordezkaritzarik bidaliko gaurko ekitaldietara: «Iragan urtarrilean, EAJ-PNVk iragarri zuen ez zela gehiago joango halako mobilizazioetara, eta adostasun politikotik eta parlamentutik lan egingo duela salbuespenezko espetxe politika indargabetzeko». Bego Atxak «positibotzat» jo du EAJren jarrera, kazetarien galderei erantzunez.

Goizeko mobilizazioaren ostean, arratsaldean Illunbeko zezen plazan jarraituko du egitarauak, jaialdi batekin. Maialen Lujanbiok, Amets Arzalluzek eta Eñ;aut Elorrietak emango diote hasiera, eta horien ondoren Belako, Rotten XIII, Esne Beltza, Su Ta Gar, Zea Mays, Liher, Sua, Doctor Deseo, Josu eta Gari (Hertzainak), Dupla, Andoni Oilokiegi eta Trikidantz ariko dira.p>

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.