Aizkora

Iker Vicentek irabazi du Urrezko Aizkolarien Txapeldunen Liga

Nafarrak 55 segundo atera dizkio Julen Alberdiri, eta 2:14 Mikel Larrañagari.

Iker Vicente, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
2022ko urriaren 9a
19:56
Entzun

Oraingoan bai. Urrezko Kopan ezin izan zuen garaipena eskuratu Iker Vicentek, baina Urrezko Aizkolarien Txapeldunen Ligan bai. Egun hartako berberak izan dira gaur ere aizkolaririk indartsuenak: Vicente, Julen Alberdi Txikia IV.a eta Mikel Larrañaga. Pobesen (Araba) jokatu da txapelketa. Suharri Rodriguez Paolla izan da berritasuna.

Lan mardulak egin dituzte lau aizkolariek: hamabi enbor ebaki dituzte, sei eratara banatuta. 45 ontzako enborrekin ekin diete lanari, hiru eratan moztuta: kolpetara, zutik, eta erlojuaren aurka. 65 ontzakoa ebaki dute gero, eta, horren ostean, 45eko eta kana-erdiko bana —54 ontzakoa egurra da—, era mistoan.

Lanerdira aritu dira gero, eta horrek erabaki du lehia. Izan ere, bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi 65eko moztu dituzte lehia amaitzeko. Lan horiek azkarren egin dituena izan da Vicente. Nafarrak 24:54 minutu behar izan ditu; 55 segundo atera dizkio bigarrenari, Alberdiri, eta 2:14 Larrañagari.

Txapeldunen Ligako finalaz gain, bi erakustaldik osatu dute jaialdia. Harri jasotzean, Lucia Orbe, Patricia Martin, Xabier Aranburu Guzta eta Jon Unanue Goenatxo III.a aritu dira; eta aizkoran, Maika Ariztegi eta Claudia Muñoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.