Taiwanen egun nazionala

Taiwango presidenteak esan du Txinaren aurkako gerra ez dela «aukera bat»

Uhartearen egun nazionaleko hitzaldian, Tsaik ohartarazi du irlak ez diola «inoiz uko egingo demokraziari». Pekinek erantzun dio ez direla «herrialde independente bat».

Tsai Ing-wen Taiwango presidentea, Taipein, gaur, hitzaldia eman aurretik. DANIEL CENG SHOU YI / EFE
ander perez zala
2022ko urriaren 10a
13:36
Entzun

Tsai Ing-wen Taiwango presidenteak elkarlan eta lankidetza mezuak bidaltzeko baliatu du uhartearen egun nazionalean eman duen hitzaldia. Taiwango itsasartean «bakea eta egonkortasuna» bermatzea beharrezkoa dela argudiatuta, Tsaik Txinako Gobernua deitu du bi aldeentzat «onargarria» den akordio bat adostera, uste baitu gerra ez dela «aukera bat»; ez Pekinentzat, ezta Taipeirentzat ere.

«Argi utzi nahi diet Pekingo agintariei konfrontazio armatu bat ez dela inolaz ere aukera bat bi aldeentzat», adierazi du uharteko presidenteak gaur eman duen hitzaldian. Hori bai, eskua luzatzeko mezu horrekin batera, Tsaik jakinarazi du irla bere defentsarako gaitasunak sendotzen ari dela, eta «autodefentsaren erantzukizuna bere gain hartuko» duela.

Zehazki, Taiwango presidenteak azaldu duenez, «misil doien eta goi errendimenduko ontzien ekoizpena» ari dira handitzen, baita tamaina txikiko misil doiena ere, uhartea «erabat prest» egon dadin «atzerriko mehatxu militarrei erantzuteko».

Balizko mehatxu hori Txinarekiko erreferentzia bat izan da, Tsaik, eskua luzatu arren, Txinako Gobernuarekin kritikoa den hitzaldi bat egin baitu: «Deitoragarria da Pekinek handitu egin dituela larderia militarra, presio diplomatikoa, merkataritzako obstrukzionismoa eta gure subiranotasuna ezabatzeko saiakerak. Horrek zera besterik ez du ekarri berekin: Taiwango itsasarteko bakearen eta egonkortasunaren statu quo-ari mehatxu egitea». Egoera horren aurrean, Taiwango presidenteak esan du uharteak ez diola «inoiz uko egingo demokraziari».

Abuztu hasieran berriz egin zuen gora Pekinen eta Taipeiren arteko tentsioak, Nancy Pelosi AEB Ameriketako Estatu Batuetako Ordezkarien Ganberako presidenteak uhartera egindako bisitaren ondorioz. Konpromisoa eta babesa berresteko bidaia bat izan zen, Pelosik azaldu zuenez, eta Tsairi esan zion AEBek ez dutela Taiwan «abandonatuta utziko» Txinaren esku.

Hori bai, AEBetako Ordezkarien Ganberako presidenteak babesa helarazi zion irlari, baina ez zen harago joan: «Statu quo-aren aldekoak gara; ez dugu nahi Taiwani ezer gertatzea indarkeriaren bitartez». Bisita horren ondoren, Txinak maniobra militarrak egin zituen uhartearen itsas eta aire eremuetan, eta Taipeik bereak abiatuta erantzun zion.

Kongresuaren bezperan

Harrezkeroztik tentsioa ez da erabat baretu bi gobernuen artean, eta Tsaik uhartearen egun nazionala baliatu du Pekini eta munduari bere jarrera jakinarazteko. Hitzordu garrantzitsu baterako egun gutxi falta den honetan egin du hori, datorren igandean XX. Kongresua hasiko baitu Txinako Alderdi Komunistak; hitzordu horretan, herrialdearen lehentasunak eta helburuak finkatuko dituzte datozen bost urteetarako, eta, ezustekorik ezean, Xi Jinping Txinako presidentea hirugarrenez aukeratuko dute alderdiko idazkari nagusi.

Horregatik, Pekinek argi utzi du asteotan ez duela sorpresarik eta liskarrik nahi, eta horren harira erantzun dio Txinako Atzerri Ministerioaren bozeramaile Mao Ningik Taiwango presidenteari, ohiko argudioekin: uhartea Txinaren parte dela, ez direla «herrialde independente bat», eta irlak ez duela presidenterik. «Taiwango itsasarteko egungo tentsioen erroa Alderdi Demokratiko Aurrerakoiko agintariak dira [irlan agintean dagoen indar politikoa da], Taiwanen independentzian eta sezesioan tematuta baitaude», Maoren arabera.

Txinak hamarkadotan argudiatu du Taiwan bere lurraldearen parte dela —nahiz eta ez duen haren kontrolik—, eta Xik esana du Txina eta Taiwan —ofizialki, Txinako Errepublika— «berriz elkartuko» dituela, eta gaineratu hori indarkeriaren bidez ere egingo luketela «beharrezkoa balitz». Aldi berean, Pekinek ahalegina egin du irla hori bakartzeko eta nazioarteak Taiwani edonolako zilegitasunik ematea eragozteko.

Taiwanen eta Txinaren arteko gatazka armatu batek AEBak eta Asiako zenbait potentzia erakar litzake gerra horretara, eta eragin handia izango luke munduko ekonomian, Taiwan erdieroale ekoizle handienetako bat baita —sakelako telefonoetan eta gudu hegazkinetan erabiltzen dituzte, esaterako—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.