Adierazpen askatasuna

Fermin Muguruzaren eraginak euskal gazteak «bahituta» dauzkala idatzi du Savater filosofoak

Musikari eta zinemagileak gogoratu du Savaterrek lehen ere justifikatu izan dituela bere kontrako zentsura kanpainak.

3.000 ikusle bildu ziren irailaren 23an Donostiako belodromoan, Muguruzaren azken filma ikusteko. JAGOBA MANTEROLA/ FOKU
Edu Lartzanguren.
2022ko urriaren 10a
18:21
Entzun

Fernando Savater filosofoak zutabe gogor bat idatzi du Madrilgo agerkari digital batean Fermin Muguruza musikari eta zinemagilearen aurka, hark Black is Beltza 2: Ainhoa filma estreinatu berri duela eta.

Paradoxa ematen badu ere, Muguruza «batere interesatzen» ez zaiola esanez hasi du pentsalariak artikulua, eta gaineratu filma ez duela ikusi, eta ikusteko ere asmorik ez duela. Halere, nolabait badaki filmean besteak beste 1980ko hamarkadan heroinak Euskal Herrian izan zuen eraginaz aritzen direla. Espainiako Poliziak droga hori Hego Euskal Herrian sartu eta zabaldu izanaren «ipuina» kontatzen dela adierazi du Savaterrek.

Kezkatuta idatzi du filosofoak, filma hiru mila pertsonaren aurrean estreinatu zutelako Donostiako Zinemaldian, eta sarrera guztiak salduta zeudelako aste batzuk lehenagotik. Horrek erakusten du, Savaterren arabera, nolako «faltsifikazio historiko eta soziala» dagoen hainbat gazte euskaldunen pentsaeraren oinarrian. Horren eraginez, gazte horiek «herriaren etsai» gisa ikusten dute Ertzaintza, Guardia Zibila, «Espainia edo eskuina» gogora ekartzen duen pertsona edo erakunde oro, EHUko irakasle ohiaren arabera. «Euskal gaztediaren zati handi bat bahiturik dauzkate Antzinako Handiek, munstro politikoek, hemen Lovercraftengandik ez datozenak, baizik eta Muguruza bezalako jendearengandik». Abizena oker idatzi du, baina Howard Phillips Lovecrafti buruz ari da Savater, beldurrezko istorioengandik ezaguna den idazleaz.

Horren ostean, EAJren kontra ere jo du Savaterrek, Espainiako erregearen jarrera gaitzesteagatik, eta Espainiako Gobernuaren aurka jotzeko baliatu ditu azken hitzak. «Azken batean, muguruzei esker, eta Pedro Sanchezen eta haren abere saldoaren eskrupulu ezari esker, EAEren etorkizun politikoa black, beltza [euskaraz, artikuluan] da oraindik ere».

Muguruzak Savaterren artikulua aipatu du sare sozialetan. «Munstroen pare jarri nau, baina ez du gainditzen Manu Chaorekin eman nituen kontzertuak zapuzten saiatu zeneko hura», idatzi du zinemagileak. Izan ere, bertan behera utzi zuten abeslari frantziarrak euskaldunarekin 2003ko irailaren hasieran Malagan (Espainia) eman behar zuen kontzertua, Terrorismoaren Biktimen Elkartearen salaketa bat zela medio. Savaterrek debekua defendatu zuen Madrilgo El País egunkarian argitaraturiko zutabe batean; besteak beste, Muguruzaren eta Chaoren ideia politikoak ez direlako «haien kontu pribatu hutsa, baizik eta euren ikuskizunaren parte». ETAren indarkeria jendaurrean arbuiatu ez izana leporatu zion Savaterrek musikariari.

Irailaren 30ean estreinatu zuten Black is Beltza 2: Ainhoa Hegoaldeko zinema aretoetan, eta filma ikustera joateko deia egin zuen zuzendariak BERRIAn. «Jendeak nahi badu gauzak euskaraz egin daitezela, bultzatu egin behar da, eta filma ikustera joan behar da».

Interesgarria da, edonola ere, filmean Poliziaren eta narkotrafikoaren artean eginiko loturak asaldatu izana Savater. Izan ere, 1993. urtean, Enrique Rodriguez Galindo Guardia Zibileko teniente-koronelak salaketa jarri zion Muguruzaren Negu Gorriak taldeari, Gure Jarrera diskoko Ustelkeria kantuarengatik. Horretan, Muguruzak Kaki Arkarazo taldekideari kontatzen dio Euskaldunon Egunkaria-n irakurri duen albiste bat. Galindoren eta Intxaurrondoko kuarteleko droga trafikoaren arteko harremanaren ingurukoa da informazioa. Kalte ordaina emateko agindu zioten taldeari hasieran, eta debekatu egin zieten kantua zuzenean jotzea. Baina, 2000. urtean, Espainiako Auzitegi Gorenak errugabetzat jo zituen musikariak.

Savaterrek hautsak harrotu zituen irailaren 10ean, egunkari horretan idatziriko beste zutabe batekin: zalantzan jarri zuen klima aldaketaren larritasuna. Besteak beste, adierazi zuen termometroak 53 gradura heldu zirela Donostian 1947. urtean —Savater bera jaio zen urtean—. Irakurle eta zientzialari askok haserre erantzun zuten, eta idazleari datu okerrak erabiltzea leporatu zioten, besteak beste. Zortzi egun geroago, egunkariko irakurlearen defendatzaileak artikulu bat idatzi behar izan zuen ika-mikaren inguruan, eta baieztatu zuen Savaterrek emaniko datua gaizki zegoela, Donostian neurturiko tenperaturarik beroena 42,7 gradukoa izan delako, eta iaz eta aurten bakarrik heldu direlako termometroak horretara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.