Hezkuntza

Euskarazko irakaskuntza «sostengatzen» dutela erran du Bordeleko errektoreak

Azkaineko eskola publikoa bisitatu du, eta irakasle taldearen bizipenak eta esperientziak jaso ditu. Seaskak dituen eskaerei ez die erantzun.

Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko urriaren 13a
16:34
Entzun

Azkaineko (Lapurdi) eskola publikoa bisitatu du Anne Bisagni-Faure Bordeleko akademiako errektoreak, sail elebidunean ari diren ikasleek nola diharduten ikusi, eta ama eskolan euskara hutsean aritzeak zer ekartzen duen jakiteko. Ikasgela bat baino gehiago bisitatu ditu, eta irakasle taldearekin bilkura egin du haien bizipenak jasotzeko. Eta, bereziki, mezu bat zabaldu nahi izan du: «Akademiak irakaskuntza elebidunaren garapena sostengatzen du, bereziki murgiltze ereduan». EEP Euskararen Erakunde Publikoarekin elkarlan «eraikitzaile» batean direla baieztatu du, eta erran du ondoko urteetarako euskara hutsean ari diren ikasgela gehiago irekiko dituztela. Heldu den ikasturterako hamar bat eskaera izan lirateke. Haatik, hitzarmen berriaren izenpetzearen harira Seaskak egin dituen eskaerei ez die erantzunik eman, Frantziako Hezkuntza Ministerioaren gain dela adierazita.

1980ko hamarkada hasieratik dago sail elebiduna Ipar Euskal Herrian, eta, urteetan, oren parekotasunean oinarritu da: ikasgaien erdiak euskaraz egiten zituzten ikasleek, eta beste erdiak, frantsesez. Azken urteetan, ama eskolan euskara hutsean aritzeko aukera eskaini du Frantziako Gobernuak, eta eskola anitzetan ezarri dute eredu hori. Horien artean da Azkaineko eskola publikoa: sail elebidunekoek euskara hutsean egiten dute ama eskola, eta oren parekotasunean lehen mailan. Gaur egun, ikasle gehiago dute elebidunean elebakarrean baino. Lehen mailan ere euskara hutsean aritzeko eskaera egiteko asmoa dutela erran du, gaur, Jean-Louis Fournier Azkaineko auzapezak. Irisarriko (Nafarroa Behera) eskola publikoa da bide horretan lehen urratsak egin dituen ikastetxe bakarra.

Ama eskolako euskarazko ikasgela bisitatu du Bisagni-Faurek, eta lehen mailako matematikako klasea ondotik. Irakasle taldearekin bilkura egin du bisita bukatzeko, euskara hutsean aritzeak aritzeak zer ekarri duen jakiteko xedez. Guziek mezu bera eman diote errektoreari: ama eskolan euskara hutsean ari direnetik hobekuntza nabarmena ikusi dute ikasleen euskara mailan, bai ulermenean eta baita ahozko eta idatzizko ekoizpenean ere. «Elebiduneko gurasoen %10-20 baizik ez da euskalduna gure eskolan. Haur batzuek euskara entzuten dute, baina arras gutxi», esplikatu du Serge Berdou eskolako zuzendariak. «Ukaezina da euskara hutsean aritu direnek maila hobea dutela. Denbora guzian euskaraz ari direnez, aise emaitza hobeak lortzen dituzte». Kolegiora iristean, elebiduneko beste ikasleekin desberdintasuna nabaria dela erran du. Mezu bera eman dute irakasleek eta bilkuran parte hartzen ari zen guraso batek ere.

Halaber, zailtasunetan diren ikasleen segipena egiten duen laguntzaileak ere bere esperientziaren berri eman du. «Guraso batzuek pentsatu izan dute haien haurrak euskaragatik zituela klasean segitzeko zailtasunak, baina ez da hala». Haur bat baino gehiagoren adibidea eman du, eta bereziki azpimarratu du horietako batena: «matematiketan zuen zailtasun gehien, baina euskaraz ongi moldatzen zen». Elebidunean izateak balioa ematen ziola baieztatu du.

«Gogotsu» atera da Bordeleko errektorea bisitatik eta praktika pedagogikoei buruz izan duen trukaketatik. «Mezu bat eman behar banu hau da: irakaskuntza elebiduna posible dela zailtasunetan diren ikasleentzat ere. Biak bateragarriak dira.», adierazi du. «Eskola honetan ongi funtzionatzen du. Akademian ez dugu horri buruzko kezkarik antolaketa pedagogikoa posible den heinean; eta, bereziki, familiei hautua utzia zaienean».

Seaskari izkin

Ipar Euskal Herrira etorrita, espero zitekeen Bordeleko errektoreak erantzun bat emanen zuela Seaskak Frantziako Gobernuari egin dizkion eskaerei buruz, baina ez da hala izan. Seaskak, EEPk eta Frantziako Estatuak izenpetzen duten hitzarmena joan den ikasturtean bukatu zen, eta berriari buruzko negoziazioak abiatuak dituzte. Azterketen gaiak sortzen du tentsio gehien, brebeta eta baxoa euskaraz pasatu ahal izateak; baina badituzte adostu beharreko beste gai batzuk ere: irakasle postuak, murgiltze eredua nola ulertzen duten, ikastola berrien irekitze plana... «Funtsean, elkarrekin nola lan eginen dugun definitzen du hitzarmen horrek», Peio Jorajuria Seaskako lehendakariaren hitzetan.

Irailean bilkura egin zuten Parisen EEPk eta Ipar Euskal Herriko parlamentariek Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin, eta «jarrera aldaketa» bat sumatu zuten. Egindako eskaerei buruzko erantzunak «epe onargarri» batean emanen zizkietela erran zieten orduan ministerioko ordezkariek, baina oraindik ez dira iritsi. Ministerioa brebetaren azterketak aitzin mintzatuko dela erran du Bordeleko errektoreak. Azkenik, bada beste funtsezko galdera bat: zer berme izan dezake Seaskak ministerioarekin adostuko duena beteko dela segur izateko? 2019an izenpetutako hitzarmenaren «beste interpretazio bat» egiten zuela erran du azken hilabeteetan Bisagni-Faurek. Azkainera egindako bisitan bermeei buruz galdera egin zaionean, erantzuteari uko egin dio, haserre.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.