«Izan da aitortza eta garapen bat; horrek azaltzen du finala Iruñean egitea»
Ander Perez, Nafarroako Bertsozale Elkartea
«Oso garrantzitsua da finala Iruñean egitea». Horixe nabarmendu du Nafarroako Bertsozale Elkarteko kide Ander Perezek (Iruñea, 1988), aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken saioari buruz. «Txapelketak izaera ibiltaria du; Iruñean bada finala har dezakeen azpiegitura bat, eta urrats inportantea da finala honat ekartzea».
Perezek oroitarazi du txapelketa ez dela bakarrik finala, eta nabarmendu egin ditu, ondorioz, Lizarra, Donibane Garazi eta Gotaine-Irabarneko (Zuberoa) saioak ere; gaineratu du Nafarroan bertsozaleen elkarteak bertsolaritza herriz herri zabaltzea duela helburu, eta sumatzen dela lan horren eragina. «2018tik, Nafarroako ondare immateriala da bertsolaritza. Izan da nolabaiteko aitortza bat eta garapen bat, eta horrek ere azaltzen du finala hemen antolatzea; badu indar sinboliko bat, gainera».
Perezek erran du Iruñeko euskaldunentzat eta bertsozaleentzat «motibazio iturri» izan nahi duela finalak: euskal kulturaren esparruan ari direnak «ilusioz bete nahi dituzte. Aurten «gogo berezi» bat dagoela uste du, pandemiagatik txapelketa nagusia urtebete atzeratu eta gero, eta gogo horren seinale dela saio gehienetan sarrerak agortzen ari direla.
«Nafarroa pisua hartzen ari da bertsolaritzan eta euskal kulturan»
Inma Errea, idazlea eta itzultzailea
«Familian badugu ohitura finalak telebistaz ikusteko; aipatu izan dugu joan behar genuela noizbait zuzenean ikustera, baina inoiz ez dugu egin, orain arte; eta hara! Gu joan ez, eta finala Iruñera ekarri digute aurten!», erran du Inma Errea idazleak (Iruñea, 1960), barrez.
Abenduaren 18an Nafarroa Arenan izanen da Errea, sarrerak agortu baino lehen eskuratu baitzituen. Uste du «ona» dela finala beti toki berean ez egitea, eta Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian gisa horretako ekinaldi bat «egiteko eta erakusteko» behar «handiagoa» dagoela.
«Nafarroa pisua hartzen ari da bertsolaritzan eta euskal kulturan», erantsi du, eta garapen horrekin lotu du finala orain Iruñean egitea. Bertsolaritza eskoletan lantzeko egindako lana nabarmendu du, eta adierazi bertsolaritzaren egungo moldeak «askotarikoak» direla. «Emakumeen presentziak gauzak aldatu ditu, beren bultzada eman dute», gaineratu du.
Inma Erreak garbi du bertsolaritza euskararen eta euskal kulturaren erakusgarri dela, eta finala Iruñean egiteak bultzada emanen diola: «Bertsolaritzak lantzen du euskara, eta freskoa da. Aurten, Iruñƒean; noizbait Tuteran?». Erronka bota du.
«Belodromoan ezagutu nituen finalak; orduan pentsaezina zen BECera joatea»
Estitxu Arozena, bertsolaria
Urtebete atzeratu da aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusia, baina Estitxu Arozena (Lesaka, 1975) ez da ohartu ere egin: «Azkar joan zait denbora!». Halere, aitortu du txapelketak beti gogo eta ilusio berezi bat sortzen duela, eta aurten ere «kontent» hartu duela.
«Nik finalak Donostiako Belodromoan ezagutu nituen, eta orduan pentsaezina zen BECera joatea», ekarri du gogora bertsolariak. Lortu zuten, ordea, eta aurten Iruñean egiteak txapelketak duen izaera ibiltaria «berretsi» bertzerik ez du egiten, Arozenaren hitzetan. «Ez bakarrik finalagatik; bertsolaritza ez da bakarrik Hernani edo Lesaka, eta denbora daramagu saioak herriz herri antolatzen». Bertsolaritza eskoletan lantzeko programak ere «oinarri» hori elikatu duela uste du Arozenak, eta ikastetxeetan egindako lan hori lotu du bertsolaritzak Nafarroan izan duen azken urteotako garapenarekin.
Iruñeko finala «erakusleiho» bat izanen dela erran du bertsolariak, eta ziur da abenduaren 18ko saio nagusiak bultzada emanen diola bertsolaritzari eta euskal kulturari. «Ez dakit finala olatu bat edo zurrunbilo bat edo zer izanen den, baina emanen du zerbait. Ea egun ederra pasatzen dugun».
«Euskal Herriko toki guztiak dira euskararen toki; Iruñea ere bada euskararen hiri»
Helios del Santo, AEKren Zuzendaritzako kidea
AEKren zuzendaritzako kide Helios del Santok (Donostia, 1976) ez du lortu abenduaren 18ko finalerako sarrerarik. «Oraingoz, ez dut», zehaztu du, ez baitu zozketaren baten bidez edo lortzeko esperantza galdu nahi. «BECen egindako lehendabizikoan egon nintzen, baina zuzenean ez dut berriz inoiz ikusi. Aurten, hemen izanda, asmoa genuen, baina berandu mugitu gara!».
Zalantzarik ez du Bertsolari Txapelketa Nagusia Iruñean egitea «oso polita» izanen dela: «Euskal Herriko toki guztiak dira euskararen toki; Iruñƒea ere bada euskararen hiri, eta polita da fina-a hemen egitea hemengo euskaldunentzat eta bertsozaleentzat; harrotasun puntu bat ematen du, eta mugarri bat ere izan daiteke».
Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalak hedabideetan izan dezakeen oihartzuna nabarmendu du Del Santok, eta horrek lagunduko duela euskarak «toki handiago bat» izan dezan. «Prestigio handiagoa behar du euskarak», erran du AEK-ko arduradunak.
Bultzada bat emateko ere balioko duela garbi du: «Bultzatuko du euskal kultura; aitortza baten modukoa izanen da, eta aurrera egiteko indarra emanen digu», erantsi du. Zuzenean edo telebistaren bidez, finalari so izanen da Del Santo.
«Euskaltzaleen komunitatea elkartzeko aitzakia bat da finala»
Bertsolaria eta itzultzailea
«Arreta handiz ikusten ari naiz aurtengo txapelketa». Horixe erran du Irati Majuelo bertsolari eta itzultzaileak (Iruñƒea, 1993), Bertsolari Txapelketa Nagusiari buruz. Parte hartzaileen soslaiak piztu du Majueloren aurtengo «interes berezia»: «Nire adin bueltako jende gehiago dago aurrekoetan baino, eta haien lanari adi nago. Saio ezberdinak izan dira, eta nork bere izaera propioa du, baina izan dira gauza politak, eta gogoa piztu dute hurrengo faserako».
Abenduaren 18an, Iruñeko Nafarroa Arenan izanen da Majuelo. «Bada gogoa», erran du. «Txapelketa nagusian agertzen ohi dira plazan ikusten ez ditugun gauzak. Txapelketa ezberdina da, baina ez da gehiago; jendea bazegoen txapelketa nagusia noiz hasteko gogoz», erran du.
Onartu du finala bere sorterrian egiteak poztu duela. «Zer- bait banekien, eta esan zutenean poz handiz hartu nuen berria. Iruñean egiteak izanen du eragina Euskal Herrian, eta Iruñean ere bai. Euskaltzaleen komunitatea elkartzeko aitzakia bat da».
Finalak euskal kultura erdigunean jarriko duela uste du Majuelok, eta erdaldunentzat ere agerian utziko duela «jarrera bat»: «Gure hizkuntzak ilusioz betetzen gaituela erakutsiko dugu».