Bakegintza

Foro Sozialaren ustez, «bake prozesurik» ez egon arren Euskal Herria «bakea eraikitzeko prozesuan» dago

Aieteko bilkuraren hamargarren urteurrenaren harira egindako jardunaldietako ekarpenak liburu batean bildu dituzte.

Alberto Spektorowski eta Agus Hernan, Bilboko agerraldian. MARISOL RAMIREZ /FOKU
gotzon hermosilla
2022ko urriaren 14a
13:30
Entzun

Duela urtebete, Foro Sozial Iraunkorrak eta Bake Bideak jardunaldi batzuk egin zituzten Donostiako Aieteko jauregian eta Kursaalean, Aieteko bilkura egin zenetik hamar urte bete zirela eta. Orain, jardunaldi haietan nazioarteko eta Euskal Herriko eragile eta adituek esandakoak bildu dituzte Aietek 10 urte. Ikaskuntzak eta erronkak izeneko liburu batean. Liburuaren aurkezpenean, egungo egoera aztertu du Foro Sozialeko eledun Agus Hernanek, eta adierazi du gaur egun Euskal Herrian ez dagoela «bake prozesurik» nazioarteko estandarren arabera, baina Euskal Herria «bakea eraikitzeko prozesuan» dagoela. Halaber, erantsi du Aieteko 10. urteurrenak agerian utzi zuela estatuaren biktimek pairatzen duten «tratamendu asimetrikoa».

Duela urtebete egindako jardunaldien garrantzia nabarmendu du Hernanek: han egindako ekarpenengatik ez ezik, horren inguruan gauzatu ziren zenbait mugimendu eta adierazpenengatik ere. Antolatutako ekitaldietan islatu zen «aniztasun politikoa», ezker independentistaren adierazpena, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente ohiak eta Maria Jauregi ETAren biktimak esandakoak, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboarenpresoei egiten zitzaizkien harreren inguruan hartutako erabakia, eta beste zenbait aipatu ditu Hernanek. Era berean, nabarmendu du nazioarteko bitartekariek eta bideratzaileek jardunaldietan esandakoek «hankaz gora» jarri zituztela «Aieteko bilkurari buruzko hainbat topiko».

Egungo egoerari dagokionez, Foro Sozialak uste du bake prozesu guztietan ohikoak izaten diren estandarrak, hots, armagabetzea, desmobilizazioa eta berrintegrazioa, errespetatzen ari direla Euskal Herrian ere, Espainiak estandar horiek aintzat hartzen ez dituen arren.

Foro Sozialaren ustez, Euskal Herrian «prozesu bakarra» dago, prozesu hori hiru esparru administratiboetan, hau da, EAEn, Ipar Euskal Herrian eta Nafarroan, modu desberdinean garatzen den arren. Nabarmendu du Hego eta Ipar Euskal Herrian egindako urratsek «elkar elikatzen» dutela: «Lehen, Bakegileen eta Frantziako Gobernuaren arteko harremanak Madrilen jarrera politikoa aldatzen lagundu zuen; orain, alderantziz gertatu da», esan du Hernanek, Ion Parot presoa espetxetik atera izana gogoan hartuta.

Foro Sozialaren aburuz, Aieteko bilkuraren hamargarren urteurrenak «palanka efektua» izan zuen duela urtebete: biktimak konponbidearen erdibidean jarri eta estatuaren biktimek pairatzen duten «tratamendu asimetrikoa» agerian utzi zuen, espetxe politikaren aldaketa bultzatu zuen, eta lagundu zuen «kontakizunaren bataila krispazioaren esparrutik ateratzen, memoria kritiko inklusiboa eraikitzeko esparrura igarotzen laguntzeko».

Spektorowskiren ekarpena

Uruguaiko politologo eta HNT Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kide ohi Alberto Spektorowskik ere parte hartu du liburuaren aurkezpenean, eta HNTren ibilbidearen laburpena egin du. Esan duenez, talde horretan parte hartu zuten nazioarteko adituek «kanpoko ikuspegia» zuten, eta eginkizunari lotu zitzaizkionean argi zuten zein zen helburua: indarkeria amaitzea eta horrekin Euskal Herrian «bakea eta demokratizazioa» sustatzea. Eginkizun «zaila» izan zen, eta oztopoz beterikoa: adibidez, Spektorowskik gogorarazi du Baionako polizia etxean deklaratu behar izan zutela, prozesua sustatzeko egiten ari ziren lana zela eta.

Eragileek izandako jarrera ere gogora ekarri du Spektorowskik: esan duenez, harremana izan zuten Espainiako Gobernuko orduko Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabaren taldeko kideekin, eta harreman hori «zaila» izan zen, Espainiako Gobernuak ez baitzuen onartzen Harremanetarako Taldea mintzakidetzat eta «bidezko amorrua» baitzuten aurreko ahaleginek porrot egin zutela ikusita: «Hala ere, eta bidezko amorru hori gorabehera, prozesua ez oztopatzea erabaki zuten, eta abagune horretan oztopoak ez jartzea modu bat zen prozesuari laguntzeko». Harreman Taldeko kideek bazekiten prozesua azken bururaino eramateko beharrezkoa zela PSOEk Espainiako gobernuan jarraitzea: PPk agintea eskuratu izanak gauzak arras aldatu zituen, eta, geroztik, blokeoa «erabatekoa» izan zen.

Euskal eragileei dagokienez, Spektorowskik nabarmendu du EAJk eta ezker independentistak «oso jarrera ideologiko desberdinak» zituztela, baina, hala ere, jakin zutela prozesuari bultzada ematen. Bi eragileoi eskerrak eman dizkie Spektorowskik: EAJri dagokionez, Iñigo Urkullu, Andoni Ortuzar eta Jonan Fernandez aipatu ditu beren-beregi, eta ezker independentistan, berriz, Arnaldo Otegi, Urko Aiartza eta Jon Iñarritu. Urkulluri buruz, nabarmendu du «borrokalari nekaezina» izan zela, eta prozesua sustatu zuela «horren ondorioz ordaindu beharreko prezio politikoaren jakitun» izanik.

Etorkizunaz, berriz, Spektorowskik ez du iritzirik eman nahi, «hori euskal herritarrei dagokielako». Edonola ere, «HNTko kidearen txapela albo batera utziz eta zientzia politikoetako irakasle gisa mintzatuz», esan du bere ustez etorkizunean «kontakizunen aniztasuna» gailenduko dela, kontakizun bakarraren kaltetan, eta horrek ez duela zertan txarra izan «alde guztiek onartzen dituzten arauak egonez gero».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.