Berdintasuna

Galtzak eramateagatik sokatira txapelketa batean parte hartzea galarazi diote neska bati Basauriko jaietan

Neskak «diskriminazioa eta eraso publikoa» salatu ditu sare sozialen bidez. Herriko kuadrillek diote arauak «kuadrilla guztien oniritziarekin» onartu direla, eta gertatutakoa jaien ostean aztertzekotan geratu dira.

Basauriko Sanfausto jaien artxiboko irudi bat. JON HERNAEZ/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko urriaren 15a
13:53
Entzun

Emakume batek salatu du joan den ostegunean Basauriko (Bizkaia) Sanfausto jaietako kuadrillen arteko sokatira txapelketan parte hartzea galarazi egin ziotela jantzi ofizialeko gonaren ordez galtzak jantzita eramategatik. Herriko kuadrillek adostutako arauek ezartzen dute lehiaketa horretan parte hartzen duten neskek gona duen jantzia eraman behar dutela, eta prakekin jantzi behar dutela gizonezkoek. Salaketa egin duen emakumeak, aldiz, prakak jantzita parte hartu nahi zuen sokatiran, baina beste kuadrillako kideek ez zioten utzi.

Sare sozialen bidez eman du neskak gertatutakoaren berri. Azaldu du Itsaslapurrak kuadrillako kidea dela, eta aspalditik eskatu duela festetako sokatira lehiaketan emakumeei gona eramatera ez behartzeko. Galtzekin nahi zuela berak parte hartu, gonarekin ez delako «identifikatuta sentitzen», eta kuadrillei eskatu ziela edozein pertsonari, sexua edo generoa gorabehera, jaietako ekitaldietan parte hartzeko aukera emateko, «jantzi ofiziala osorik jantzita, edota gona edo praka jantzita».

Gertaera salatu duen neskak kontatu du Herriko Taldeak kuadrillen elkarteko bileran ez zutela bere eskaera aintzat hartu. «Arauak legezko hutsune bat zuela esan zidaten, jantzi ofiziala jantzi behar zela jartzen baitzuen, eta kito, generoen eta sexuen arteko bereizketarik gabe. Baina, dirudienez, Herriko Taldeen hurrengo bileran gaia aipatu zen, eta sexuena zehaztu zuten, inori galdetu gabe eta kuadrilletan bozketarik egin gabe», salatu du.

Sokatiran parte hartzea galarazi ziotela erakusten duen bideoa eskegi du bere sare sozialetan, eta hor ikus daiteke beste kuadrillako kide batek ez ziola utzi galtzekin sokatira lehiaketan parte hartzea. Megafoniatik mezu hau entzun daiteke une horretan: «Parte hartzaileek jantzi osoa eraman behar dute, maskulinoa zein femeninoa».

Biktimak salatu du «publikoki diskriminatu eta eraso» dutela, eta gertatutakoagatik «amorrua eta ezintasuna» sentitzen dituela. Galtzekin parte hartzea eragotzi izana Eusko Jaurlaritzaren Berdintasunerako Legearen aurka doala ohartarazi du, eta bere kasua Basauriko Emakumearen Etxera eraman du.

Herriko Taldeak, Zigorrak eta Itsaslapurrak kuadrillek, bestalde, ohar bidez gogoratu dute kuadrilla arteko sokatira txapelketaren arauak «aho batez» adostu dituztela. Janzkeraren auzia mahai gainean dagoen arren, «eztabaida luzeagoa» behar duela iritzi diote eta jaien ostean aztertzea erabaki dute. Hala ere, ohartarazi dute kuadrillen ohiko jantziak mantentzearen aldekoak direla, «esentziari» eusteko modua delako eta «beste herriengandik bereizten» dituelako. Gaineratu dute sortutako polemika Basauriko jai ereduarekiko «ezjakintasunaren» isla dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.