Landa eremuko emakumeen enplegua sustatzeko neurriak eskatu ditu EH Bilduk

Ongizate hitzarmenaz hausnartzeko eta ikuspegi feminista lantzeko batzarra egin dute EH Bilduko Emakumeen Guneko kideek, Gasteizen.

EH Bilduko Emakumeen Guneko kideen gaurko agerraldia, Gasteizen. RAUL BOGAJO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2022ko urriaren 15a
15:17
Entzun

Landa eremuko emakumeen nazioarteko eguna da gaur, eta EH Bilduko Emakumeen Guneko kideek eguna baliatu dute landa eremuko andrazkoen enplegua defendatzeko. Emakumeen Guneko kideek bilera egin dute Gasteizen, eta aztergai izan dituzte koalizioak proposatu berri duen Ongizate Hitzarmena eta feminismoa. Bileraren ostean egin duten agerraldian, Eva Lopez de Arroiabe Arabako ahaldun nagusirako hautagaiak hitza hartu eta zera nabarmendu du: «Ongizatea norberaren eta lurraren zaintzarekin zerikusia du eta horrek lotura handia du gaur ospatzen dugun egunarekin».

Hori hala, landa eremuko emakumeen lana babesteko neurriak eskatu ditu Lopez de Arroiabek, hiru norabidetan. Alde batetik, landa eremua «bizitoki» izatea aldarrikatu du: «Hiriak gainpopulatzen eta landa eremua husten ari den honetan, ezinbestekoa da gure herriak bizirik mantentzea eta hor emakumeen rola ezinbestekoa da. Bizitza zainduz, bizitza eginez. Instituzioek zerbitzuekin hornitu behar dituzte». Bestetik, landa eremua «lantoki» izan dadin, neurriak aldarrikatu ditu Lopez de Arroiabek. Uste du nekazaritza eta abeltzaintzaren «bihotza» direla landa eremuak, eta emakumeek lan handia egiten dutela «gertuko eta eskala txikiagoko proiektuetan» eta elikadura burujabetzaren bidean. «Makroindustriaren ereduaren aurrean, kalitatezko lanaren eta produktuen alde egin behar da». Hirugarren ardatz bat ere aipatu du EH Bilduko hautagaiak: landa eremua «borroka gune» izatea. Hain justu, uste du landa eremuak borroka feministaren espazioak ere badirela, emakumeak lurraren jabetzan modu «desorekatuan» daudelako eta «ikusezintasunari» aurre egin behar diotelako.

Lopez de Arroiabek azpimarratu duenez, ezinbestekoa da lurrari, bizitzari edota aberastasunaren banaketari «bestelako begi batzuekin» so egitea eta, hori lortzeko, ekonomia feministak ematen dituen tresnak baliatzearen alde egin du. «Aurrera egingo badugu, feminismoaren tresna eta proposamenetatik egin beharko dugu».

Landa eremuko emakumeak erdigunean jartzearen alde egin du EH Bilduko hautagaiak, eta bide horretan, azaroaren 12an EH Bilduk Bilbon deitu duen manifestazioan parte hartzeko deia egin die feminista guztiei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.