Aieteko adierazpena

Otegiren ustez, biktima guztien aitortza «elkarbizitzaren aldeko ekarpena» da

Aieteko bilkuraren 10. urteurrena zela-eta egindako adierazpenaren edukiak berretsi dituzte ezker abertzalearen eledunek

Rodriguez eta Otegi, adierazpena irakurri zutenean, duela urtebete. JON URBE / FOKU
gotzon hermosilla
2022ko urriaren 17a
12:54
Entzun

Iaz Aieteko Bake Konferentziaren 10. urteurrena izan zen, eta, horren ingurumarian, urriaren 18an ezker abertzaleak adierazpen bat egin zuen Aieteko jauregian. Han, besteak beste, ETAko biktimei adierazi zien beren mina aitortzen zuela eta min hori ez zela inoiz gertatu behar. Orain, agiria irakurri zuten ezker abertzaleko bozeramaileek, Arnaldo Otegik eta Arkaitz Rodriguezek, elkarrizketa eman dute Naiz irratian, eta, agirian agertzen ziren edukiak berresteaz gain, «apaltasunetik elkarbizitzari egindako ekarpentzat» jo dute adierazpena.

Rodriguezek esan du Aieteko adierazpena egitea erabaki zutela halaxe pentsatzen zutelako: «Han esaten genuena pentsatzen genuen, eta ezker abertzaleak beti esaten du pentsatzen duena». Baina beste arrazoirik ere egon zen erabakiaren atzean: Aieteko Bake Konferentzian argi adierazi zen biktima guztiak aitortzea ezinbestekoa zela gatazka konpontzeko, eta horixe egin nahi izan zuten: «Gure konpromisoa adierazi nahi izan genuen, eta bultzada bat eman nahi izan genion konponbide demokratikoaren aldeko bide orriari».

Otegik ere berretsi du orduan esandakoa, eta adierazi du, orain beste zerbait erantsi behar izatekotan, orduan ETAren biktimen aurrean azaldutako jarrera «behin betikoa eta aldaezina» dela.

Presoen aferaz ere mintzatu dira Rodriguez eta Otegi. Ontzat jo dute adierazpena egin zutenetik gaur arte espetxe politikan izandako aldaketa, baina horretan urrats gehiago egin behar direla uste dute: «Hamarkadak eman ditugu entzuten legea bete egin behar dela», esan du Rodriguezek: «guk hori baino ez dugu eskatzen, euren legea bete dezatela. Hala egingo balute, presoen %90 kalea zapaltzeko moduan leudeke». Ezker abertzalearen ustez, azken helburua «preso politikorik gabeko Euskal Herria» erdiestea da, «ez baita arrazoizkoa ETAren jarduera amaitu zenetik 11 urte igaro ondoren oraindik ere 150 preso baino gehiago egotea».

Gatazka politikoa

Rodriguezek eta Otegik gogorarazi dute Aieten egindakoa «gatazka politiko bati irtenbide demokratiko bat emateko» ahalegina izan zela: «Hemen gatazka politiko bat zegoen ETA sortu aurretik ere, eta, ETA desagertuta, gatazkak hor jarraitzen du, eta irtenbide politiko eta demokratikoa eman behar zaio», azaldu du Rodriguezek.

Otegik uste du konponbide politikoaren aldeko hautu horrek «gaurkotasun osoa» duela egungo abagunean: «Norbaitek sinesten du Palestinan, Kurdistanen edo Ukrainan gatazkak indarra erabiliz konponduko direla?», galdetu du. Otegiren ustez, Aieteko ekarpenak «patroi unibertsal» bat du; alegia, ez dagoela alternatiba hoberik «gatazka termino politiko eta demokratikoetan konpontzea baino».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.