Indarkeria matxista

44 urteko kartzela zigorra ezarri diote Abanton emaztea eta alaba hil zituen gizonari

170.000 euroko kalte ordainak ere ordaindu beharko dizkie biktimen amari eta amonari, eta 40.000 euro haien anaia eta osaba bakoitzari. Bizkaiko Probintzia Auzitegiak hartu du erabakia.

Abantoko ama-alaben hiltzailea, epaiketan. LUIS TEJIDO / EFE
2022ko urriaren 18a
09:37
Entzun

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak eman du Abanton (Bizkaia) emaztea eta alaba hil zituen gizonari ezarri dion zigorraren berri: 44 urteko kartzela zigorra bete beharko du. Ez hori bakarrik: 170.000 euroko kalte ordainak ordaindu beharko dizkio biktimen amari eta amonari, eta 40.000 euro haien anaia eta osaba bakoitzari. 2020ko martxoaren 10ean Miren Uranga eta Paola Mendez ama-alabak hil zituen gizonak, euren etxean. Hala azaldu zuten fiskalak eta akusazioek, eta hala aitortu zuen gizonak berak, Bizkaiko Probintzia Auzitegian, bere aurkako epaiketan.

Irailean egin zen epaiketan, herri epaimahaiak bat egin zuen fiskalarekin eta akusazioekin, eta krimenaren astungarritzat jo zituen hiltzailearen eta biktimen arteko senidetasun lotura, eta biktimen generoa. Ez zuen aringarririk onartu.

Aldeak bat zetozen gertatutakoan, baina ez hilketen definizioan. Fiskaltzak eta akusazioek hilketa matxistatzat zeuzkaten: nabarmendu zuten akusatuak «jokabide autoritarioa» zuela, «erabat azpiratuak» zituela bi emakumeak, eta guztiz babesgabe zeudenean hil zituela. Defentsak, berriz, ukatu egin zuen hori, eta argudiatu zuen akusatua edanda zegoela eta «krisi psikotiko» bat izan zuela. Gizonak adierazi zuen bere buruaz beste egiteko asmoa zuela, eta ez zituela emaztea eta alaba «bakarrik» utzi nahi.

Fiskaltzak 24 urteko espetxe zigorra galdegin zuen emaztea hiltzeagatik, eta beste 23koa alaba hiltzeagatik; azpikeria, ahaidetasun eta genero larrigarriak eskatu zituen. Akusazio partikularrak —familiarenak— eta herri akusazioak —Clara Campoamor elkartearenak— 25 urteko kondena eskatu zuten hilketa bakoitzagatik. Defentsak, ordea, zortzina urtera murriztu zuen zigor eskaera, eta aringarri gisa aurkeztu zituen aitorpena, alkoholismoa eta gaitz psikiatrikoa.

Irailaren 13an eginiko deklarazioan, akusatuak aitortu egin zuen bi emakumeak hil izana. «Errudun naiz», esan zuen, magistratua errugabetasun ustekizuna azaltzen ari zitzaiola. Berretsi zuen bere buruaz beste egin nahi zuela: «Ezin nuen egoera jasan, eta haiek ez zuten jasango ni gabe». Damua ere agertu zuen: «Egin dudan gauzarik lazgarriena da».

Indarkeria handiko krimena

Bortxa handiz eten ziren Miren Urangaren eta Paola Mendezen bizitzak, 54 eta 24 urte zituztela. Aldeen txostenen arabera, akusatuak lehenik emaztea hil zuen, egongelan, eta gero alaba, logelan; biak lotan zeuden. Gizonak buruan jo zituen bi mailutzarrekin —eraiste lanetan baliatzen direnetakoak—, eta, ondoren, lepoa moztu zien aizto batekin. Alabari eskuak eta oinak lotu zizkion. Gazteak zauri bat zuen buruaren atzeko aldean, hil ostean eginikoa: fiskalak uste du akusatua alabaren burua mozten saiatu zela, baina gizonak ukatu egin du. Haren hitzetan, «sufrimendua saihesteko» hil zituen hala. «Ez zuten beren burua defendatzeko aukerarik izan», esan zuen fiskalak.

Akusatuak etxean igaro zuen gaua, gorpuekin, eta biharamunean aitortu zien egindakoa arrebei eta bazkide bati; haren etxe agentziako partaide ziren. Ondoren, bere buruaz beste egiten saiatu zen, baina Ertzaintzak enpresaren trasteleku batean topatu zuen, konorterik gabe, botikak hartuta. Defentsaren tesia zen akusatuak burua galdu zuela enpresaren arazo ekonomikoen ondorioz, baina fiskalak eta akusazioek argudiatu zuten zorrari aurre egiteko moduko ondasunak zituela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.