Abantoko ama-alabak babesgabe zeudela erail zituen akusatuak

Biktimen senar eta aita zenak onartu egin du biak hil izana, haren aurkako epaiketaren lehen saioan. Hilketa matxistatzat hartu dituzte fiskalak eta akusazioek: «erabat azpiratuak» zituen emakumeak

Akusatua, atzo, eskuinean, haren aurkako epaiketaren lehen saioan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2022ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Bat datoz auzibideko alde guztiak: 2020ko martxoaren 10ean Miren Uranga eta Paola Mendez ama-alabak hil zituen senar eta aita zuten gizonak, Abantoko euren etxean (Bizkaia). Hala azaldu dute fiskalak eta akusazioek, eta hala aitortu zuen gizonak berak, atzo, Bizkaiko Probintzia Auzitegian, haren aurkako epaiketaren lehen saioan. Fiskaltzak eta akusazioek hilketa matxistatzat dituzte krimenak: nabarmendu zuten akusatuak «jokabide autoritarioa» zuela, «erabat azpiratuak» zituela bi emakumeak, eta guztiz babesgabe zeudenean hil zituela. Defentsak, berriz, ukatu egin zuen hori, eta argudiatu zuen akusatua edanda zegoela eta «krisi psikotiko» bat izan zuela. Gizonak adierazi zuen bere buruaz beste egiteko asmoa zuela, eta ez zituela ama-alabak «bakarrik» utzi nahi.

Epaiketak aste osoan iraungo du: herri epaimahaia astelehenean hasiko da deliberatzen. Fiskaltzak 24 urteko espetxe zigorra galdegin du emaztea hiltzeagatik, eta beste 23koa alaba hiltzeagatik; azpikeria, ahaidetasun eta genero larrigarriak eskatu ditu. Akusazio partikularrak —familiarena— eta herri akusazioak —Clara Campoamor elkartearena— 25 urteko kondena eskatu dute hilketa bakoitzagatik. Defentsak, ordea, zortzina urtera murriztu du zigor eskaera, eta aringarri gisa aurkeztu ditu aitorpena, alkoholismoa eta gaitz psikiatrikoa.

Bortxa handiz eten ziren Miren Urangaren eta Paola Mendezen bizitzak, 54 eta 24 urte zituztenean. Aldeen txostenen arabera, akusatuak lehenik emaztea hil zuen egongelan, eta gero alaba logelan; biak lotan zeuden. Gizonak buruan jo zituen bi mailutzarrekin —eraiste lanetan baliatzen direnak—, eta ondoren lepoa moztu zien aizto batekin. Alabari eskuak eta oinak lotu zizkion. Gazteak zauri bat zuen buruaren atzeko aldean, hil ostean eginikoa: fiskalak uste du akusatua alabaren burua mozten saiatu zela, baina gizonak ukatu egin du. Bere hitzetan, «sufrimendua saihesteko» hil zituen hala. «Ez zuten beren burua defendatzeko aukerarik izan», esan du fiskalak.

Akusatuak etxean igaro zuen gaua, gorpuekin, eta biharamunean aitortu zien egindakoa arrebei eta bazkide bati; haren higiezinen enpresako partaide ziren. Ondoren, bere buruaz beste egiten saiatu zen, baina Ertzaintzak enpresaren trasteleku batean topatu zuen, konorte gabe, botikak hartuta. Defentsaren tesia da akusatuak burua galdu zuela enpresaren arazo ekonomikoen ondorioz, baina fiskalak eta akusazioek argudiatu dute zorrari aurre egiteko moduko ondasunak zituela. Helburu gisa jarri dute epaiketan frogatzea gizona «autoritarioa eta menderatzailea» zela. «Familia desegingo zen beldur zen», esan du herri akusazioak. Defentsak argudiatu du ez dagoela tratu txarren frogarik: ez salaketarik, ez txosten medikorik.

«Errudun naiz»

Bi orduko deklarazioan, akusatuak hasieratik onartu zuen bi emakumeak hil izana. «Errudun naiz», esan zuen, magistratua errugabetasun ustekizuna azaltzen ari zitzaiola. Berretsi zuen bere buruaz beste egin nahi zuela: «Ezin nuen egoera jasan, eta haiek ez zuten jasango ni gabe». Damua ere agertu zuen: «Egin dudan gauza lazgarriena da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.