Osakidetzak 2.109 postu egonkortuko ditu, eta beste 358 sortu

Lehen arretan sortuko dituzte postu berriak. Sagarduik adierazi du orain arte plantillan egin den «zabalpen handiena» dela

Gotzone Sagardui Osasun sailburua, lehen arretari buruzko EHUko Udako Ikastaroetan. OSKAR MATXIN EDESA/FOKU
jone arruabarrena
2022ko urriaren 18a
13:01
Entzun

Osakidetzan egiturazko beste 2.467 lanpostu sortzea erabaki du gaur Eusko Jaurlaritzak Gobernu Batzordearen bileran. Horietatik 2.109 orain arte behin-behinekoak izan diren postuak egonkortzeko baliatuko dituzte, eta beste 358 postu ere sortuko dituzte lehen arretan. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi duenez, azken hogei urteetan plantillan egin den «zabalpen handiena» da. Urtea amaitu baino lehen deituko dute LEPetara.

Hain zuzen, postu berri horiek kontuan hartuta, 30.073 egiturazko postu izango ditu Osakidetzak. Sagarduik adierazi du «enplegu egonkorra eta kalitatezkoa» sortzeko konpromisoari jarraikiz hartu dutela erabakia. Bi arlotan banatu du lanpostu berrien sorrera. Batetik, azaldu du baldintza egonkorrei erantzuten dieten behin-behineko postuak daudela Osakidetzan: «Aldi baterako lanpostuak genituen, baina ez zegoen egiturazko posturik langile horientzat». Behin-behineko lanpostu horietatik 2.109 egiturazkoak izango dira orain.

Bestalde, orain arte egon ez diren 358 postu ere sortuko dituzte lehen arretan, «epe labur eta ertainerako osasun beharrei erantzuteko». Pediatrian, administrazioan, fisioterapian, farmazian eta aho-hortzetako osasunean dauden beharrak betetzeko, besteak beste. Azaldu dutenez, abenduaren 31 baino lehen deituko dute postu horietarako lan eskaintza publikoetara.

«Ez da nahikoa»

Sindikatuek, ordea, ez dute begi onez ikusi Sagarduiren iragarpena. LABek adierazi duenez, postu horiek egiturazko bihurtzea «ez da nahikoa»: «Lanpostu horiek egiturazko bihurtuta ere, ez da legea beteko, behin-behinekotasun tasa ez delako %8ra jaitsiko. Osakidetzako zuzendaritzak ez dauka legea betetzeko asmorik».

Izan ere, azaldu dute Osakidetzan 3.723 postuk daukatela egonkortzeko beharra —Jaurlaritzak iragarri dituenak baino 1.256 gehiago—, horietatik 1.557k bitarteko gisa jarduten dutelako Osakidetzan, eta beste 2.166 «iruzurrezko lanpostuak» direlako: «Iruzurrezko lanpostuak direla esaten dugu, behin-behineko kontratuekin lan egiten duten beharginak direlako, sei hilabetean behin berritzen direnak, baina egiturazko langileen funtzioa betetzen dute. Legeak dio postu horiek egonkortzea derrigorrezkoa dela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.