Energia

Gasari gehienezko prezioa jartzea soilik muturreko egoeretara mugatu du EBk

Europako Batzordeak estatukideak behartu nahi ditu gasaren %15 gutxienez derrigorrez elkarrekin erostera. Salbuespen iberiarra EBko beste kideetara hedatzea aztertzen ari da Brusela.

Mairead McGuinness, Ursula von der Leyen eta Kadri Simson, gaur, Europako Legebiltzarrean, Estrasburgon. JULIEN WARNAND / EFE
Iker Aranburu.
2022ko urriaren 18a
18:48
Entzun

Europako Batasunak inportatutako gas guztiari gehienezko prezio bat jartzeko aukera urruntzen ari da. Estatu kideek Europako Batzordearen esku utzi zuten proposamen bat egitea, eta Bruselak hobetsi egin du halako proposamen baten arriskuez ohartarazi dutenen iritzia. Onartu egin du gasaren merkatuan esku hartze bat egitea, baina soilik muturreko egoera bat baldin badago eta oso aldi labur baterako, hiru hilabete gehienez.

Europako Batzordearen proposamen bat da, eta mahai gainean izango dute etzi Europar Kontseiluan bilduko diren gobernuburuek. Ez da espero erabaki bat hartzea; hilaren 25erako Energia ministroek beste bilera bat egingo dute gaia sakonago jorratzeko, eta litekeena da azken erabakia azaroaren lehen asteko beste bilera batean hartzea.

Batzordearen proposamena lotuta dago TTF indizearen erreformari. Herbehereetako gas merkatuaren salerosketen prezioa arautzen duen indizea da, baina erreferentzia gisa baliatzen dute kontinenteko eragileek egiten dituzten tratu gehienetarako. Gaur arratsaldean 112 euroan dago gasaren megawatt ordua, baina 350 eurora iritsi zen abuztuaren amaieran, Errusiak EBrako gas hornidura murriztu zuenean. Orduz gero merkatu izanaren hiru arrazoi daude: EBren esku hartzearen iragarpena, udazken hasiera epela, eta EB gai izan dela uste baino bizkorrago gas biltegiak %92 betetzeko. Edonola ere, iazkoarekiko aldea oso handia da: duela urtebete 44 euroan zegoen megawatt ordua.

Indize berria

Batzordearen asmoa da indize berri bat egitea, eta horrek kontuan hartzea gero eta gehiago GNL gas natural likidotuarekin hornituko dela EB; Errusiako gasbideak itxi ahala, Norvegiarekin eta Aljeriarekin lotzen dutenak geratzen zaizkio.

GNLari lotutako indize hori datorren udaberrian landu nahi du Bruselak, behin kontsumo handiaren garaia amaitzen denean. Baina sistema berria indarrean jarri bitartean, prest legoke TTF indizeari muga bat jartzeko, prezioak « jasanezinak» bihurtuko balira. Prezio muga «dinamikoa» izango litzateke, eta gehienez hiru hilabete iraungo luke.

Horrekin eragotzi nahi du Bruselak gas ekoizleek beren kargamentuak Asiara eramatea, eta gas kontsumoa handitzea, berriro merke baitago. Izan ere, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak adierazi du epe erdira EBk gas gutxiago kontsumitu behar duela, karbono isurketak gutxitzeko eta EBri energia autonomia handiagoa emateko. Azken urtean %15 gutxitu da, besteak beste, hura bere ekoizpenerako erabiltzen zuten industria batzuek labeak itxi dituztelako eta diesela edo fuel olioa aukeratu dituztelako.

Salbuespen iberiarraren hedatzea

Oraingoz hartuko ez duten beste neurri bat argindarra sortzeko erabiltzen den gasaren ordaina mugatzea da. Uda hasieran hasi ziren sistema hori erabiltzen Iberiar penintsulan, eta EB osora zabaltzeko eskaerak asko ugaritu dira, prezioen igoera mugatu duelako. Von der Leyenek azaldu du Iberiar penintsulan gertatzen ari dena aztertzen ari dela, baina, herrialdeen arteko desberdintasun handiak direnez, denbora gehiago behar dute sor daitezkeen arazoei nola aurre egin erabakitzeko.

Erreserbak, elkarlanean

Bruselaren proposamen irmo nagusia da EBko kideak behartuta izango direla gasaren zati bat elkarrekin erostera. Horretarako tresnak jada sortu ditu, baina ia ez dira erabili. Orain nahi du derrigorrez erreserben %15 gutxienez elkarlanean erostea. «Elkartasuna ez da aukera bat», argudiatu du Batzordeak, uste baitu erosketa partekatu horiek prezio txikiagoak lor ditzaketela eta arazoak izan ditzaketen herriak lagundu ditzaketela. 2023ari begirako proposamena da, uste baitu orduan aurten baina nekezagoa izango dela biltegiak betetzea, Errusiatik ezer gutxi jasoko duelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.