KIRGIZISTAN-TAJIKISTAN

Kirgizistanek OKDB aliantza militarrari eskatu dio bidal ditzala «bake indarrak» Tajikistango mugara

Bi herrialdeen arteko «su etena» mantentzeko helburuz egin du eskaera Bixkekek.

Kirgizistango soldaduak, irailean, Zhany-Zher herrian, Tajikistango mugatik gertu. IGOR KOVALENKO / EFE
Mikel O. Iribar.
2022ko urriaren 19a
12:30
Entzun

Kirgizistango goi funtzionario batek jakinarazi duenez, Bixkekek OKDB Segurtasun Kolektiboko Itunaren Erakundeari galdegin dio bidal ditzala tropak Tajikistanekin duen mugara, bi herrialdeen arteko «su etena mantentzeko» helburuz, Reuters berri agentziak jasotakoaren arabera. Bi herrialde horiek eta Errusia aliantza militarreko kide dira, Sobietar Batasun ohiko beste hiru errepublikarekin batera: Kazakhstan, Bielorrusia eta Armenia.

Irailaren 14an piztu zen berriro Kirgizistan eta Tajikistanen arteko gatazka, bi estatuen arteko mugako urtegi baten eta ur ponpa baten kontrolaren harira. Ordutik, gutxienez ehun pertsona hil dira bi bandoen arteko borroka latzen ondorioz; tankeak, ibilgailu blindatuak, morteroak, artilleriako suziriak eta droneak erabili izan dituzte. Irailaren 16an, menia adostu zuten Kirgizistango presidente Sadyr Japarovek eta Tajistango Emomali Rakhmonek.

Dena den, gerra hotsak ez dira guztiz itzali. Hain zuzen, bi estatuek elkarri leporatu diote su etena urratzea; azkena, Tajikistango mugako guardia zerbitzuak joan den asteazkenean Kirgizistani egotzi zion mugara talde militar gehiago hurbiltzea eta gotorlekuak «asmo txarrez» eraikitzea. Gatazkaren ondorioz, Kirgizistanen arabera, gutxienez 137.000 herritar ebakuatu behar izan dituzte gatazka eremutik.

Egoera horretan, Kirgizistango Defentsa ministroak, Baktibek Bekbolotovek, kazetariei esan die OKDBri eskatu diola tropa kopuru «txiki bat» zabaltzeko borrokak dauden eremuetan. «Gure [Kirgizistan eta Tajikistan] artean epaile bat ezarri arte ez da bakerik izango». Bixkekek eta Duxanbek lotura estua dute Moskurekin; zehazki, Errusiak base militarrak ditu Kirgizistanen eta Tajikistanen, eta haien arteko bitartekaritza egin izan du.

Hain zuzen, bi herrialdeek su etena adostu eta bi egunera, Errusiako presidente Vladimir Putinek telefonoz hitz egin zuen Japarovekin eta Rakhmonekin. Putinek bi aldeei eskatu zien egoera «ahalik eta azkarren» konpontzeko neurriak hartzeko, «soilik bide baketsua, politikoa eta diplomatikoa erabiliz», egoera harago joan ez zedin.

Diplomaziak fruiturik ez

Bide diplomatikoak ez du fruiturik eman oraingoz, eta Putinen saiakera hutsala izan da. Hain justu, Tajikistango Atzerri Ministerioak irail amaieran salatu zuen Bixkekek bere aurkako «kanpaina mediatikoa» abiatu zuela, eta erantsi Kirgizistango presidenteak etsai hitza erabili zuela Duxanberi erreferentzia egiteko orduan, herrialdean egindako hitzaldi batean.

Azken liskarrak joan den urteko apirilean izan zituzten, eta gutxienez 50 lagun hil ziren. Asia erdialdeko muga arazoak, neurri handi batean, Sobietar Batasuna desegin ostean piztu ziren. Kirgizistanek eta Tajikistanek independentzia lortu zutenean, Errusiak ezarri zituen bi herrialdeen arteko mugak, talde etnikoen banaketak guztiz kontuan hartu gabe. Isfara ibaiak banatzen ditu Kirgizistan eta Tajikistan, eta baliabide naturalen kontrolak eragin du, besteak beste, bi herrialdeen arteko talka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.