Dinamo Kieven ultrek San Mamesen Donetskeko bandera atera zutenak iraindu dituzte, obusetan idatzitako mezuekin

«Separatista, putakumeak! Gora Espainia!» eta «Euskal presoak gas ganberara» idatzi dute White Boys Clubeko ultrek, besteak beste. Irudia Europako eskuin muturrera heldu da.

Dinamo Kieveko zaleek idatzi dituzten mezuak eta Donetskeko bandera, San Mamesen. BERRIA
2022ko urriaren 19a
17:40
Entzun

Athleticek Atletico Madrilen aurka jokatu zuen San Mamesen iragan larunbatean, eta zeresana eman du ez partidak, harmailetan gertatutakoak baizik. Animazio harmailan ziren zaleetako batzuk Donetskeko errepublikako bandera eta bandera komunista astindu zituzten. Ertzaintzak bandera hori kendu zietela salatu zuten, baita harmailetatik ospa egin ere, protesta egiteko.

Dezente zabaldu zen irudia sare sozialetan, eta Ukrainara ere heltzea lortu zuen. Bertan, Dinamo Kiev futbol taldeko —White Boys Club du izena— ultrek banderadun Athletic zaleak mehatxatu dituzte, lau obusetan idatzitako esaldiekin. Euskal Herriaren eta euskal presoen kontrako mezuak dira. Honela diote: «Separatistak, putakumeak! Gora Espainia!»; «Euskal Herria Espainia da»; «Intxaurrondo, zulo sakonagoa egin behar zenuten»; eta «Euskal presoak gas ganberara».

Txinparta eragin du White Boys Cluben erreakzioak, eta Europako eskuin muturrera heldu lau obusen irudia. Lyon eta Parisko faxisten Telegram kanal batek argazki hura zabaldu zuen atzo, eta Twitterren ere izan du zer esana.

Bestalde, futbol partidaren egunean bertan, larunbatean, Twitterren ere Visegrad24 izeneko kontuak Donetskeko banderaren irudia argitaratu zuen. Europa erdialdeko eta ekialdeko berriak partekatzen dituen kontu bat da; hain zuzen, Txekiakoak, Hungariakoak, Poloniakoak eta Eslovakiakoak. Txiokatutako mezuan diote «euskal separatistek Errusiari babesa» erakutsi ziotela, eta «Errusia urte luzez aritu dela finantzatzen mugimendu separatistak Espainian».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.