Peio Etxelekuk Kanboko Herriko Etxeko gehiengoa utzi du

Jean François Lacosta hautetsiak ere hautu bera egin du. Chistrian Deveze Kanboko auzapezak lur eta hirigintza kudeaketan duen politika kritikatu, eta sostengua erakutsi diote asteburu honetako mobilizazioari.

Peio Etxeleku, agerraldi batean, iazko maiatzean. BOB EDME
Ekhi Erremundegi Beloki.
2022ko urriaren 19a
17:42
Entzun

Kanboko (Lapurdi) Herriko Etxeko gehiengoa utziko dutela jakinarazi dute Peio Etxeleku eta Jean François Lacosta hautetsiek agiri batean. Adierazi dutenez, urriaren 10ean egin zuten gehiengoko bilkuran jakinarazi zieten taldeko gainerako hautetsiei. Marieneko laborantza lurren aferan kritiko agertu da Etxeleku azken hilabeteetan, eta hori ez da Christian Deveze auzapezaren gustukoa izan, dirudienez. «Auzapezak galdetu zigun Kanboko lur eta hirigintza kudeaketako politikari zegokionez genituen ikusmolde ezberdinak isilpean atxikitzea edo gehiengotik ateratzea», esplikatu dute. «Dolutan eta seriostasunekin egin behar izan dugun hautu bat da».

Ez da edonoiz heldu bi hautetsien iragarpena. Izan ere, Marieneko lurrak okupatzera deitu dute asteburu honetarako zenbait eragilek. ELBk, Lurzaindiak, Nahi Dugun Herria Kanboko talde politiko abertzaleak eta ingurumenaren defentsarako CADE elkarteak abiatu zuten ekinaldia, baina, aste honetan, FDSEA eta Laborari Gazteak sindikatuen babesa ere izan dute. Ezohikoa da bi laborari sindikatuak batera agertzea. «Asteburu honetan gure herrian izanen diren gertakariak direla era, gure sostengu osoa adierazi nahi diegu lurraldeko laborariei, gure herriko laborantza lurren zainketaren eta defentsaren alde egiten duten mobilizazioa kari», adierazi dute Etxelekuk eta Lacostak.

Hautetsien hitzetan, laborantza lurren defentsa egitean, lurraldearen elikadura burujabetza defendatzen da. «Sinetsarazi nahi digute etxebizitzaren arazoaren konpontzeko, etengabe laborantza lur hoberenen jatea dela gako nagusia», esplikatu dute. «Alderantziz, iduri zaigu hutsak diren etxebizitzen zaharberritzeari eta hiri barnearen dentsitatearen indartzeari lehentasuna emanez eta kudeaketa publikoa sustatuz Kanboko herriak bete ditzakeela bi helburu : garapen erritmo moderatu bat atxikitzea eta egoitza sozialean bete behar dituen arauak errespetatzea».

Azken urteetan Ipar Euskal Herriko politikagintzan lekua hartzen ari da Etxeleku. EAJren IBB Ipar Buru Batzarreko presidentea izateaz gain, Errobi poloko erreferentea ere bada Euskal Hirigune Elkargoan. Azken hilabeteetan, behin baino gehiagotan kritikatu du Jean Rene Etxegarai Euskal Hirigune Elkargoko lehendakariaren kudeaketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.