Albistea entzun

FRANTZIA

Frantziako Gobernuaren aurkako zentsura mozioa aurkeztu du ezkerreko koalizioak

Emmanuel Macronen kabineteak iragarri du Asanblea Nazionalean bozkatu gabe onartuko dituztela 2023rako aurrekontuak, konstituzioaren 49.3 artikulua erabiliz. Horrek oposizioaren haserrea eragin du. Le Penen Batasun Nazionala alderdiak ere zentsura mozio bat aurkezteko asmoa du.

Elisabeth Borne lehen ministroa, gaur, Asanblea Nazionalean
Elisabeth Borne lehen ministroa, gaur, Asanblea Nazionalean EFE Tamaina handiagoan ikusi

Igor Susaeta -

2022ko urriak 19

Frantziako Gobernuak datorren urterako aurrekontuen onarpena behartuko du Asanblea Nazionalean, konstituzioaren 49.3 artikulua baliatuta. Emmanuel Macron Frantziako presidentea gutxiengoan gobernatzen hasi zen joan den ekainean, eta horren ondorio da gertatutakoa. Konstituzioaren 49.3 artikuluaren bidez, gobernuak ez du zertan aurrekontuen lege proiektua behe ganberan aurkeztu. Elisabeth Borne lehen ministroak adierazi du «behartuta» hartu behar izan dutela bide hori, oposizioaren jarrerak beste aukerarik ez dielako eman. NUPES Herri Batasun Ekologista eta Sozial Berria ezkerreko koalizioak iragarri du zentsura mozio bat erregistratu duela. RN Batasun Nazionala eskuin muturreko alderdiak ere gauza bera egiteko asmoa du. Horrek gobernua erorarazi dezake.

Indarrean dagoen konstituzioa onartu zutenetik —1958. urtean—, 89 aldiz erabili dute 49.3 artikulua. Ia beti erabili dute, orain bezala, gobernua gutxiengoan zegoenean. Aukera ematen dio kabineteari testu bat onartzeko, iruditzen baldin bazaio eztabaida parlamentarioa ez doala behar bezain azkar edo uste badu testuari aurkeztutako zuzenketa kopurua gehiegizkoa dela. Azken hori salatu du gobernuak, oposizioak Asanblean duen gehiengoa baliatu baitu aurrekontu proiektuari zuzenketak egiteko eta beste batzuk baztertzeko, gobernuaren iritziaren kontra.

Bornek adierazi du gobernuak ehun zuzenketa baino gehiagorekin onartuko dituela aurrekontuak, «horietako batzuk oposizioarenak», nahiz eta 49.3 artikuluak aukera ematen dion zuzenketa horiek gabe ere onartzeko.
Artikulu horren erabilera aktibatuta, oposizioak 24 ordu ditu zentsura mozio bat aurkezteko. Ezinbesteko baldintza da gutxienez parlamentarien %10en sinadurak jasotzea epe horretan, eta Jean-Luc Melenchon buru duen koalizioak adierazi du 151 sinadura aurkeztu dituela jada. Macronen Ensemble aliantzak 250 eserleku ditu Asanblea Nazionalean, eta oposizioak, 327. Zentsura mozioa onartzeko, ganberaren gehiengo osoaren babesa behar da, eta bozketa ezin da egin aurkeztu ondorengo 48 orduetan.

Mozioa onartzen badute, gobernuak dimisioa eman beharko du. Kontrara, atzera botatzen badute, lege proiektua lehen irakurraldian onartuko dute, eta gero Senatura eramango dute, atzera Asanblea Nazionalera itzuli aurretik.<br />Mathilde Panot ezkerreko koalizioaren talde parlamentarioko presidenteak nabarmendu du uko egiten diotela 49.3 artikuluaren erabilera «ohiko» bihurtzeari, eta Andre Chassaigne Alderdi Komunistakoak azpimarratu du artikulu horren erabilera «lotsagarria» dela demokraziarako.

Bakarrik ezin

Oposizioak Asanblean gehiengoa izan arren, ez litzateke harritzekoa izango gobernuaren kontrako bi zentsura mozioak bertan behera gelditzea. NUPESek eta RNk ez dute indarrik beren kabuz zentsura mozio bat onartzeko —289 boto behar dituzte horretarako—, eta nahitaezkoa dute bestearen babesa gobernua kanporatzeko. Beraz, ez da gobernuaren kontrako gehiengorik osatuko talde horietako bakoitzak erabakitzen badu soilik bere zentsura mozioa babestea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Kenyako Baserritarren Ligako idazkari nagusi Sidi Otieno, elastiko gorri batekin. ©OSKAR EPELDE JULDAIN
Daniel Suidani Malaitako lehen ministro kargugabetua, haren Facebook orriko argazki batean. ©FACEBOOK

Malaitako lehen ministroa kargutik bota dute, ustelkeria leporatuta

Ander Perez Zala

Suidani da Salomon Uharteek eta Txinak adosturiko segurtasun akordioaren kritiko nagusia
Lurrikarek eragindako kalteei so.

Oraingoz 7.200dik gora dira Ekialde Hurbileko seismoetan hildakoak

Arantxa Elizegi Egilegor - Mikel O. Iribar

Gau osoan zehar lanean jarraitu dute erreskate taldeek, baina toki askotan laguntzaren zain daude oraindik. Ohartarazi dute biktima kopurua handitu egingo dela datozen orduetan. Milaka dira kaltetuak, eta 30.000tik gora zaurituak. Erdoganek hiru hilabeteko larrialdi egoera ezarri du hamar probintziatan.

«Herrialdearen historiako lurrikararik okerrena izan da hau»

«Herrialdearen historiako lurrikararik okerrena izan da hau»

Orsola Casagrande

Kurdistanen krisi mahaia eratu du HDP alderdiak, laguntza kudeatu eta kaltetutako eremuetara iristeko. Aterpeak lortzea da orain lehentasuna Sancarrentzat.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...