Ingurumena

Zubietako erraustegia ikuskatu duen funtzionarioak prebarikazioa egin ote duen ikertzeko eskatu du fiskalak

BERRIAk irailaren 17an argitaratutako informazio bat oinarri hartuta abiatu du ekinbidea fiskaltzak. Zaldibarko zabortegia ikuskatu zuen teknikari beraren lana da ikertzea nahi dutena.

Arkaitzerrekan udan egindako mobilizazio bat. JON URBE / FOKU
inaki petxarroman
2022ko urriaren 20a
11:20
Entzun

GuraSOSek iragarri du fiskaltzak dekretu baten bidez eskatu diola epaitegiari iker dezala Zubietako erraustegiaren (Gipuzkoa) funtzionamendua ikuskatu duen funtzionarioaren lana. BERRIAk irailaren 17an argitaratu zuen informazio bat hartu du fiskaltzak ikerketa abiatzeko arrazoi gisa. Hain zuzen ere, erraustegian lanean aritutako behargin batek hainbat agiri eta irudi utzi zituen euskarazko kazetaren esku. Horiek erakusten dute Zubietako bi errauste lerroetan likidoak husteko baimenik gabeko drainatze tutuak eraiki zituztela lehen suzko probak hasi ostean. Urrats hori baliagarria izan daiteke ikertzeko ea horiek eragin duten erraustegiaren inguruan atzemandako kutsadura.

Olatz San Miguel eta Joseba Belaustegi GuraSOSeko kideek Donostian egindako agerraldi batean iragarri dutenez, fiskaltzak gertakari horren inguruan egindako ikerketaren ondorioak (71/22 ikerketa diligentziak) helarazi dizkio Donostiako Guardiako Epaitegiari. Ekinaldiaren aurreko pausotzat jo du GuraSOSek irailaren 21ean helarazi zion idatzi bat. Dioenez, dokumentazio horrek «agerian uzten du likidoak husteko drainatze bat instalatu dela errekuntza gasen hodian, baimenik gabe. Ikuskapenak egin zituen teknikariak ustez ez ikusiarena egin zion horri».

GuraSOSek azaldu duenez, fiskalak «ondorioztatu» du gertaera horietan badaudela delitu baten zantzuak; hain zuzen ere, Zigor Kodearen 329.1 artikuluak tipifikatutakoak. Ingurumen prebarikazioa xehatzen du artikulu horrek, eta, besteak beste, sei hilabete eta hiru urte arteko zigorrak aurreikusten ditu. Horrez gain, litekeena da prebarikazioa egin duen funtzionarioak, ageriko legez kanpoko jardunei ezikusiarena egin dienak alegia, isunak eta inhabilitazio zigorrak jasatea.

GuraSOSek fiskalari helarazi zion dokumentazioak dio «drainatze tutu klandestino bat» dagoela Zubietako erraustegian, eta begi bistan dagoela, gainera. «Ezinbestez jabetu behar ziren instalazioetan bertan Ingurumen Saileko ikuskariak egindako kontroletan». Dokumentazio horietan, GuraSOSek aipatzen ditu zeintzuek parte hartu zuten ikuskaritza horietan; besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailburuordetzak, Ekondakin erraustegiko kontzesionarioak eta Ekobal enpresa operadoreak. Bisita horietako batean, Uraren Agentziako ordezkari bat eta Gipuzkoako Foru Aldundiko bat ere izan ziren.

Zaldibarko ikuskatzaile bera

Hain zuzen ere, ikuskatzailea beti bera izan zela zehaztu du guraso plataformak: Hipolito Bilbao Intxaurraga. Teknikari hori bera da IPPC Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Bateraturako Batzordearen Ingurumen Saileko arduradun teknikoa, Jaurlaritzan. Erraustegiei, zabortegiei, porlan fabrikei eta halako instalazioei ingurumen baimen bateratuak emateaz arduratzen da. Hark eman zizkion Verter Recycling 2002 SM enpresari ingurumen baimenak, eta zabortegia amildu aurreko ikuskaritza aktak ere berak sinatu zituen. Zubietako erraustegiaren ingurumen baimenaren tramitazio korapilatsua ere haren ardurapekoa izan da.

Udan erraustegi ondoan den Arkaitzerrekan izandako kutsadurak eragin ditu prozedura horiek guztiak. Uztailaren 13an apar likatsu bat agertu zen errekan. GHK-k jakinarazi zuen erraustegiaren sistema itxia dela, eta ezinezkoa dela ura kanpora irtetea. Alabaina, BERRIAk eskuratu zuen argazkiak erakusten du instalazioaren aurrezkailuaren gunean ura drainatzeko tutu bat ezarri zutela, errekuntzan izaten ari ziren arazo teknikoen ondorioz. Tutu horiek ez zeuden proiektuan, eta baimenik gabe jarri zituzten.

Plataforma horrek adierazi du «oso kezkatuta» daudela erraustegiaren egoerarekin eta inguruko lur eta uretan azaldu den kutsadurarekin. Besteak beste, dioxina, furano, fenol eta beste osagai toxiko arriskutsu batzuen presentzia baieztatu dute SGS eta Idom laborategiek egin eta GuraSOSek Jaurlaritzako Ingurumen Sailean eskuratutako ikerketek. Horri aurre egiteko, berriz ere herritarren mobilizazioa aktibatuko duela jakinarazi du GuraSOSek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.