47 musika taldek hartuko dute parte Ahotsenean

Musika estilo andana tartekatuko dira oholtzan, pop eta rock estiloak izanen dira nagusi.

Iaz Durangoko Azokako Ahotsenean eginiko kontzertu bateko irudia. ARITZ LOIOLA, FOKU
Isabel Jaurena.
2022ko urriaren 20a
12:00
Entzun

Rock, pop, jazz edo folk doinuek estaliko dute Ahotseneko eszenatokia abenduaren 7tik 11ra bitarte. Guztira, 47 taldek parte hartuko dute jaialdian,11:00etatik 22:00etara, etenaldirik gabe. Zuzenekoak Plateruenean izanen dira, eta bertan musikarien azken lanez gozatzen ahalko da. Sarrera doan da, eta ez da beharrezkoa izanen aldez aurretik izena ematea.

Goxua N'Salsa, Neomak, Agur, Janus Lester, Keia, Irtera eta Mirua talde hasiberriek, nahiz Delirium Tremens, Willis Drummond eta Kokein talde ibilbide luzekoek lekua izanen dute jaialdian. Hala, estilo ugaritako musika entzuten ahalko da, baina rock eta pop doinuak izanen dira nabarmenenak. Azken estilo horien adibide dira Maraca Diablo, Zakill, Sua, Piztiak, Hibai, Kurkuma, Burutik, Kristonak edo Mairu taldeak. Bolbora eta Sutan taldeek, berriz, ska-reggaea eskainiko dute, Mugan taldeak folk doinuak eta Arima Soulek jazza eta soula. Olaia Inziarte, Ilargi, Peru Galbete, Esti Markez eta Watson bakarlariek ere parte hartuko dute jaialdian.

Ahotsenea Solasaldietan, berriz, sortzaileek solasaldi gisara aurkeztuko dituzte beraien lanak –komikiak, literatur lanak eta poesia lanak– . Gainera, Durangoko Azokako gainerako guneetan ere kultur diziplina anitz landuko dira. Dena den, egitarau osoa azaroaren bukaeran zabalduko da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.