BERRIAk zuzenean emanen du Bertsolari Txapelketa Nagusia

Saio bakoitzaren kontakizuna ere eskuragarri egonen da BERRIAren webgunean, Olatz Enzunzaren eskutik.

Bertsolari Txapelketa Nagusia. 5. finalaurdena. IñIGO URIZ / FOKU
Isabel Jaurena.
2022ko urriaren 20a
15:38
Entzun

Datorren larunbatetik aurrera, BERRIAren webguneak zuzenean emanen du Bertsolari Txapelketa Nagusia. Gainera, aldi berean, Olatz Enzunzak saio horietako bakoitzaren kaier bat osatuko du webgunerako.

Horretaz gain, Berria telebistak hainbat formatutan emanen du txapelketaren berri, Txapelpekoak izenburupean. Bi motatako edukiak egonen dira eskuragarri: bertsolaritzan adituak edo zaleak direnei zuzendutakoa eta ikuspegi feministatik egindakoa. Lehenbizikoa audio formatuan zabalduko da, eta bigarrena, berriz, bideo gisara.

Lehenbiziko eduki motari dagokionez, finalaurreko bakoitzaren ostean Miren Mujika kazetariak balorazio bat eginen du, audio formatuan. Bertsolaritzazale eta adituei zuzendutako atala borobiltzeko, astelehenero, 16:00etan Mujikak finalaurreko bakoitza aztertuko duen mahai inguru bat gidatuko du. Bertan parte hartuko dute Txappela elkarteko kideek eta bertso munduko hainbat pertsona esanguratsuk –bertsolari ohi bat, aditu bat edo txapelketan parte hartu ez duen bertsolariren bat, adibidez–. Twitter Space bidez izanen dira saioak, eta joan den astelehenean izan zen lehenbizikoa.

Ikuspegi feministatik landutako edukia, berriz, hainbat zatitan banatuta egonen da, eta asteazkenetan zabalduko da, bideo moduan. Jarri titularra atalean, Maider Galardi F. Agirre kazetariak izenburua jarriko dio finalaurreko bakoitzari; Lupa atalean, Txappela elkartekoek datu bitxiak emanen dituzte; Puntu morea atalean, Nerea Arriola, Amaia Agirre eta Mirari Martiarena kolaboratzaileek, txandaka, ikuspegi feministatik interesgarria izan den momentu bat aukeratuko dute; Genealogia feminista atalean, atzera begiratuko dute; eta Zirelako gara atalean emakume bertsolariak elkarrizketatuko dituzte.

Luze eta zabal

Ikus-entzunezko edukia finalaurrekoen bueltan hasiko bada ere, txapelketari hasi zenetik erreparatu dio BERRIAk. Hala, gaiari buruzko kronika, erreportaje eta analisiak zabaldu dira. Miren Mujika informatzeaz arduratzen den bitartean, Gorka Azkarate ari da analisiak egiten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.